Zibergela

Ordenagailua euskaratzen

Ordenagailuaren interfazea euskaraz jartzeaz gain, idazten diren euskarazko testuak ortografikoki zuzendu daitezke, eta nabigatzaileak sarean euskaldun agertu.

2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ordenagailua, testu prozesadoreak, Internet eta sakelakoak gero eta gehiago erabiltzen ditugu, baina zein hizkuntzatan? Den-dena ez dago euskaraz, baina pena da dagoena ez erabiltzea. Askotan, gure sistemak euskaratu daitezkeela ez dakigunez, edo Interneten euskaldun bezala agertzeak duen garrantziaz jabetzen ez garenez, arreta gutxi jartzen diogu gai horri. Haurrek gero eta adin goiztiarragoan erabiltzen dituzte gailu teknologikoak, eta hasieratik euskaraz erabiltzea garrantzitsua da.

Artikulu honetan, sistema bakoitza nola euskaratu daitezkeen erakutsiko dugu. Sistema eragileetatik hasi, testu prozesadore, Internet nabigatzaile eta sakelako telefonoetaraino.

Sistema eragileak

Sistema eragileez ari garela, euskararen egoera oso ezberdina da sistema ireki eta sistema itxiei dagokienez. Sistema eragile itxien esparruan, Microsoft Windows eta Apple enpresaren Mac OS X dira erabilienak. Microsoft Windowsen kasuan, XP sistema eragilea izan zen bere interfaze eta zenbait aplikazio euskaraz eskaini zituen Microsoften lehendabiziko sistema eragilea. Eusko Jaurlaritzak erruz ordaindutako itzulpena izan zen, eta ordutik aurrera, Microsoftek plazaratu dituen sistema eragileen bertsioen (Vista eta Windows 7) itzulpena Redmongo enpresak ordaindu ditu. Sistema eragile eta zenbait aplikazioren interfazeak euskaratzeko, Microsoftek eskaintzen duen Language Interface Pack (LPI) delako bat instalatu behar da. LPI horrek oinarrizko sistema eragilearen mezuak aldatzen ditu. Euskararen kasuan, oinarrizko sistema eragilea, derrigorrean, gazteleraz edo frantsesez dagoena izan behar da. Beraz, sistemak gehien erakusten dituen mezuak euskaraz erakutsiko dira, eta zenbait mezu, itzulita ez daudenez, gazteleraz edo frantsesez.

XPrentzat euskara paketeahemendik har daiteke: http:// www.microsoft.com/spain/ windowsxp/euskera.mspx. Vistarentzat, berriz, hemendik: http://www.microsoft.com/downloads/details.aspx?FamilyID=0e21eb7b-e01a-4fcc-b7f1-30e419da7f5b&displaylang=eu. Eta, azkenik, Windows 7rentzat hemendik: http://www.microsoft.com/downloads/details.aspx?displaylang=eu&FamilyID=a1a48de1-e264-48d6-8439-ab7139c9c14d.

Mac OS X sistema eragileari dagokionez, egun ez dago sistemaren interfazea euskaratzeko modurik. Erabiltzaile euskaldun batzuek musu-truk OS X sistema eragilea eta hainbat aplikazio itzuli bazituzten ere, Appleren aldetik, egindako lana zabaltzeko debekua jaso zuten, jabetza intelektualaren eskubideak urratzen zituztela argudiatuz.

Linuxen eta halako sistema eragile irekietan, egoera bestelakoa da. Edonork har dezake parte sistema eragile, inguru grafiko (Gnome, KDE) eta hainbat aplikazioren itzulpenean. Gurean, Euskal GNU (http://www.euskalgnu.org/) eta Librezale (http://librezale.org) taldeak dira itzulpengintzan lan gehien egiten duten taldeak. Debianen oinarritutako Ubuntu sistema eragilean, di-da batean euskaratu daiteke sistema osoa; horretarako, nahikoa da Sistema->Administrazioa->Hizkuntza-Sostengua hautatzea menu nagusitik eta bertan euskara lehenestea menu, leiho, zenbaki, diru nahiz datak erakusteko.

Testu prozesadorea

Testu prozesadoreetan, interfazea bera euskaraz izatea garrantzitsua bada ere, ortografia eta gramatika zuzentzaileari erreparatuko diogu hemen, oso tresna erabiliak baitira. Xuxen (http://www.xuxen.com) dugu euskarazko zuzentzailea, eta hainbat aplikaziotan instala daiteke berau, bai OpenOffice/LibreOffice eta Microsoft Office aplikazio ofimatikoetan eta bai Thunderbird posta bezero eta Firefox Internet nabigatzailean.

Microsoft Officen Xuxen instalatzeko, errazena Xuxenen webgunera jo eta bertan ematen diren azalpenei jarraitzea da: http://www.euskara.euskadi.net/r59-738/eu/contenidos/informacion/euskarazko_softwarea/eu_9567/xuxen.html.

OpenOffice, berriz, http:// eu.openoffice.org/ webgunetik hartu eta edozein sistema eragiletan instala daiteke euskaraz. Zuzentzaile ortografikoa bakarrik instalatu nahi badugu, hedapen kudeatzailea erabiliz, erraz gehi daiteke Xuxen zuzentzailea.

Nabigatzaileak

Sistema eragileetan bezala, lizentzia libre edo itxiak dituzten nabigatzaileen egoera oso ezberdina da. Esaterako, Firefox nabigatzaile irekiaren itzulpena Librezale (http://librezale.org) taldeak hartu zuen bere gain aspaldi, eta betiere, nabigatzaile honen azken bertsioa euskaraz erabiltzeko aukera dugu. Internet Exploreren euskaratzea sistema eragileetan azaldu diren LIP pakete horien baitan dago, eta betiere, Microsoftek erabakitzen duenaren menpe.

Appleren Safari nabigatzailea, arestian aipatu diren arrazoiak direla medio, ez dago euskaraz jartzerik. Googleren Chrome nabigatzailea ere ez dago eus-karaz jartzerik, baina Chromium, Chromen oinarritutako nabigatzaile librea, bai. Chromiumen inguruan, itzultzaile talde bat bildu da, eta Launchpad plataforma erabiliz, nabigatzaile librea euskaratu du. Xeheta- sun gehiago hemen: http://librezale.org/2010/12/27/chromium-nabigatzailea-euskaraz/.

Nabigatzailearen interfazea euskaraz egonda ere, gomendagarria da nabigatzaileak Internetera bideratzen dituen eskakizunetan euskarazko edukiak lehenestea. Webgune askok edukiak hainbat hizkuntzatan eskaintzen dituzte, eta nabigatzaileak hobetsitako hizkuntza hartzen dute aintzat edukiak zerbitzatzeko orduan. Erabiltzaileak zein hizkuntza lehenesten duen nabigatzailean bertan ezartzen den parametro bat da.

Webgune bat hizkuntza jakin batean plazaratzeko orduan, hizkuntza horrek sarean duen erabiltzaile kopurua erabakigarria izan daiteke. Hori horrela iza- nik, euskaldun garenok euskaldun bezala aurkeztu beharko ginateke Interneten, gure hizkuntzaren presentzia areagotzeko. Nabigatzaileak euskaratzeko, jo hona: http://nabigatueuskaraz.com/.

Sakelako telefonoak

Jaurlaritzak telefonia operadore eta fabrikatzaile batzuekin sinatutako akordioa dela eta, hainbat terminaletan euskara sartzea lortu zen. Kasu hauetan, euskararen presentzia, sistema itxietan gertatzen den bezala, enpresen eskuetan gelditzen da. Sistema eragile libreak erabiltzen dituzten sakelakoetan, Android kasu, egoera bestelakoa da. Oraingoan ere, erabiltzaile talde bat batu da eta Android euskaratzeari ekin dio. Zutagu plataformaren inguruan batzen dira: http://zutagu.net/pg/groups/28712/android/ eta google docs erabiltzen dute Androiden testuak euskaratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.