Ordutegiak kontrakarrean

Gero eta gehiago dira Hego Euskal Herrian ordutegiak arrazionalizatzeko eskatzen duten pertsonak. Izan ere, laneguna berandu hasteak eta eguerdian atseden luzea hartzeak eguna luzatzen die langileei. Egokituz gero, Ipar Euskal Herriko ordutegiekin bateratuko litzateke.

BERRIA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ordulariari erreparatuta, bi errealitate, bi erritmo, ditu Euskal Herriak. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean Europan nagusi den ordutegiari jarraitzen diote. Hala, eguna goiz hasten eta amaitzen dute, tartean otorduak ere hala egiten baitituzte. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, Francoren garaian ezarritako eredu zaharrak nabarmen luzatzen du eguna. Lanean beranduago hasteak, eguerdiko bazkaltzeko etena luzeagoa izateak eta gaueko telebista saioen berandutzeak eragin dute hori. Gero eta gehiago dira Hegoaldekoeredu hori zaharkitua dagoela dioten adituak, eta Iparraldeko ereduaren alde egiten dutenak. Sozialki eta ekonomikoki justuagoa eta eraginkorragoa dela uste dute.

Hori bera iritzita, Katalunian bada ordutegiak arrazionalizatzearen aldeko herri plataforma bat. Dagoeneko aurkeztu dute beren egitasmoa Kataluniako Parlamentuan. Taldeko bozeramaile Fabian Mohedano argi mintzatu da: «Ordutegia desberdintasun sozialen eragile nagusietako bat da, eta Kataluniako eta Euskal Herriko zati handi batean, Frankismo garaitik indarrean dagoen ordutegi eredu zaharkituaren eta zentzugabearen ondorioak pairatzen ari gara».

Bigarren Mundu Gerraren ostean du abiapuntu Francoren ereduak. Espainiari berez Erresuma Batuko ordutegiaren arabera funtzionatzea zegokion, baina Francok Alemaniakoa ezartzeko agindu zuen. Hala egin zuten baita ere Frantziak, Herbehereek, Belgikak eta Luxenburgok, besteak beste. «Ondorioz, zegokion baino ordubete aurrerago funtzionatzen du. Beste herrialdeek dagokion garaira egokitzen jakin dute,Espainiak, ordea, ez». Horri beste bi elementu gehitu behar zaizkio: 1960ko hamarkadan ezarri ziren enplegu aniztasuna eta ordu estrak, eta 1990eko hamarkadansortutako late night telebista programak. «Lehenengoaren ondorioz, gizonak hasi ziren beranduago egiten otorduak, eta otorduak egiteko gizonari itxaron egin behar zitzaiolako, tradizio horren ondorioz, familiak beranduago hasi ziren bazkaltzen eta afaltzen. Telebistari dagokionez,jendea beranduago oheratzen hasi zen programa horien ondorioz». Ohitura horiek, beranduago bada ere, Hego Euskal Herrira iritsi ziren.

Horren ondorioak datu esanguratsu batekin laburbildu ditu Eguzki Urteaga EHUko Soziologia irakasleak: «Hego Euskal Herriko jendeak 53 minutu inguru gutxiago egiten du lo, Europan ohikoa dena baino». Urteagak ondo ezagutzen du ordutegiek ezarritako erritmoen bi aldeak. Urteagak beharrezkoa ikusten du eredu «zaharkitu eta Espainiartu» hori aldatzea.

Hori lortze aldera, lan munduan jarri du arreta. «Hego Euskal Herrian garrantzi handia ematen zaio lanean ematen den denborari, baina ez horrenbeste ordu horietan egiten denari. Izan ere, Alemaniarekin eta Frantziarekin alderatuz, adibidez, langileek denbora gehiago ematen dute lantokian, baina ekoizpena ez da neurri berekoa. Horrek arazo bat dagoela erakusten du».

Lanaldia luzatzearen arrazoietako bat sarrera orduan dago. Iparraldean, jendea lehenago sartzen da lanera. Lehenago sartuta, eguerdiko etena ere lehenago egiten da: 12:00-12:30 inguruan. Hegoaldean, berriz, 14:00 aldera. Baina egiten diren orduak baino gehiago, etenaren iraupenak eragiten du laneguna luzatzea. «Europako herrialde gehienetan atsedena 30-40 minutukoa da, [Ipar Euskal Herrian ere hala da];Hego Euskal Herrian, berriz, ordubetetik gorakoa da, zenbaitetan bi ordukoa», azaldu du Urteagak.

Mohedanoren ustez, eguerdiko atsedenaldihori luzea izateak ez du zentzurik. «Are gutxiago gaur egun. Izan ere, krisiaren ondorioz,dirua aurrezte aldera, langile askok tuperra eramaten dute lanera, eta bertan bazkaltzen dute. Beraz, bazkaltzen bukatu, eta denbora librea izaten dute, lantokian bertan. Hori dela eta, askok galdera egiten diote beren buruari: zergatik ezin naiz lehenago hasi eguerdian, eta horrela lehenago atera?».

Horren guztiaren ondorioz, Ipar Euskal Herrian lanaldia 17:00-18:00etarako amaituta dago, eta Hego Euskal Herrian 19:30-20:00 arte izaten da kasu askotan. «Goiz amaituta, jendeak aukera handiagoa du familia eta lana uztartzeko, eta astialdiazgozatzeko. Izan ere, ez da egia eguna lehenago hasten eta amaitzen duten herrialdeek bizitza sozial gutxiago dutela. Kontua da bizitza hori lehenago egiten dela. Gainera, Hego Euskal Herrian, bizitza sozial hori geroago egin arren, lanetik hain berandu aterata, ez dago horretaz gozatzeko ia denborarik. Enkarguak egin, afaldu eta telebista ikusteko baino ez du denbora eta indarra jendeak», esan du Urteagak.

Justizia sozialagatik

Hori guztia kontuan hartuta,«justizia sozialarekin, eta lan erreproduktiboa produktiboarekin parekatzeko beharrarekin» lotu du ordutegiak arrazionalizatzeko beharra ELA sindikatuko Jone Bengoetxeak.«Azken batean, nahi dugun eredu sozial eta ekonomikoarekin».

Bideak ordutegien arrazionalizazioa izan behar duen arren, aurretik gauza asko aztertu beharko direla onartu du. «Sektorez sektore egin behar da azterketa, bakoitzak bere bidea egin beharko baitu».

Adibide argigarriena merkatariena da. Arrazionalizazioaren alde egon arren, erosleen aldetik pentsaera aldaketa bat izan behar dela uste du Bilboko Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko ordezkari Iñaki Aldaiturriagak: «Merkatariek egoki ikusiko genuke ordutegi aldaketa, baina horretarako, bezeroen lan ordutegiekin batera, haien erosteko ohiturak aldatu beharko lirateke». Bezeroak ohituta daude komeni eta nahi dutenean erosketak egitera, merkataritza ordutegia oso zabala delako. Kasu askotan, astialdiaren parte moduan ikusten dute. Horrek ondorio argia du, Aldaiturriagaren arabera. «Haien lan ordutegiak aldatu arren, kosta egingo litzaieke onartzea ez dutela horren ordutegi zabala izango erosketak egiteko».

Gainera, uste du dendak mota askotarikoak direla, eta batzuek zailtasun handiagoa izango luketela hori ezartzeko. «Adibidez, ez da gauza bera janari denda bat edo arropa denda bat, edo saltoki txiki bat edo handi bat». Azken horien inguruan galdera egin du: «Haiek ere aurreratuko lukete ordutegia?» Zail ikusten du, eta kexu azaldu da. «Bidegabea litzateke saltoki txikiek egitea, eta handiek ez. Izan ere, oso kaltegarria litzateke jada krisia gogor pairatzen ari diren saltoki txikientzat».

Hori onartuta ere, Mohedanok azaldu du beraiek bultzatzen ari direla lan hitzarmenen negoziazio orokorrean ordutegien arrazionalizazioa sartzea. «Administrazioari ere eskatuko diogu, kontratatzen dituen enpresei ezartzen zaizkien eskakizunen artean egotea».

Bengoetxeak, berriz, ohartarazi du lana eta familia uztartzeko politikak seme-alabak edo adinekoak zaintzen dituzten pertsonei begira daudela eginda. «Baina seme-alabak edo adinekoak zaintzan ez dituztenek badirudi ez dutela horretarako aukera, eta denbora osoa dutela lanerako. Horren inguruan ere hausnartu eta neurriak hartu beharko lirateke».

Hezkuntzan eta aisian ere

Lan munduan ez ezik, hezkuntza sisteman ere aldaketak egin behar direla adierazi du Urteagak. «Iparraldean, adibidez, goizean goizetik eskolek zerbitzua eskaintzen dute gurasoak goizago joan daitezen lanera, eta arratsaldean ere eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen dituzte. Hegoaldean hori mantsoago doa». Baina hori baino gehiago, uste du parekatze handiagoa egon behar duela hezkuntzako eta lan munduko ordutegien artean. «Iparraldean desoreka hori ordubete ingurukoa da, eta aipatutako eskaintzekin betetzen da. Hegoaldean, berriz, aldea bi ordutik gorakoa izaten da askotan, eta hori konpontzea zaila da».

Oporraldiei ere erreparatu die Mohedanok. «Udako ia hiru hilabete horiek gehiegi dira. Hobe litzateke udan gutxiago egitea, eta urte osoan banatzea. Arazoa da horretarako lana eta familia uztartzeko politika hobeak behar direla. Gainontzean, benetako arazoak izango lituzkete gurasoek». Gainera, ez du egoki ikusten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan dagoen eskola ordutegi jarraitua. «Nerabe asko 15:00etarako etxean daude, eta arratsalde guztia pasatzen dute bakarrik. Penagarria da. Beste herrialde askotan ikasle horiek ere jangelan bazkaltzen dute, eta arratsaldean beste ordubeteko eskola dute. Hala ez dute hainbeste denbora pasatzen etxean bakarrik, eta nerabezaroan horren ohikoak diren elikadura asaldurak saihesten dira».

Hezkuntzan eta lan munduan ez ezik, astialdian ere eragin behar dela uste dute gehienek, batez ere telebista ordutegietan. Izan ere, prime time-a hasterako 22:30 aldera izaten da. Europako herrialde gehienetan, berriz, 21:00 eta 21:30 artean.

Edorta Arana EHUko Kazetaritza irakasleak, ordea, ez du uste telebistek atzera egingo dutenik. «Aldatzeko aurrena jendearen ohiturak aldatu beharko dira. Joera eta bultzatzen den ordutegien arrazionalizazioaren ondorioz jendea lehenago oheratzen bada, orduan erabakiko dute aurreratzea».

Gainera, gogorarazi du gaur egun telebista kontsumoa aldatzen ari dela, eta jendeak gero eta gehiago ikusten duela telebista tabletan, sakelako telefonoanedo ordenagailuan. «Kontsumo horren ordutegia ezin da arautu, eta jendea berandu ohera daiteke. Beraz, esan daiteke halako gailuetan ikus daitekeenetik telebistetako ordutegia liberalizatua dagoela».

Jendea horren berandu lotara joatea kaltegarria dela ohartarazi du Felix Zubia medikuak. Hura ere ordutegiak arrazionalizatzearen alde agertu da. Haren irudiko, «gurpil zoro moduko bat»da ordutegiekin gertatzen dena. «Jendea berandu ateratzen da lanetik, gero mila egiteko ditu, berandu afaltzen du eta ez du ohera joan aurretik hartu beharreko atseden hori hartzen. Beraz, eguneko estresa kendu gabe, eta digestioa egin gabe, kosta egiten da lokartzea». Gaizki lo egiteak egunerokoan dituen ondorioak ekarri ditu gogora: «Memoria eta arreta arazoak, estresa... Eta estresari lotuta, izan daitezkeen beste asko: antsietatea, infekzioak eta beste hainbat».

Gurpil zoro horrek umeei eragiten die. «Haiek gure erritmo eta ordutegietara egokitzen dira, eta gu presaka eta berandu bagabiltza, haiek ere hala ibiliko dira, eta hori eskolako errendimenduan sumatuko zaie». Gogorarazi du seme-alabei eskainitako denborak «kalitatezkoa» izan behar duela. «Zu seme-alabekin zauden bitartean erosketak egiten edo hurrengo eguneko otordua prestatzen ari bazara, ez du balio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.