Ortzadar zuri-beltza

Duela ehun urte, Richard Oswald alemaniarrak 'Anders als die Andern' filma sortu zuen. Homosexualitatea positiboki irudikatu zuen lehen filmtzat jotzen da. Gizartea sentsibilizatzeko saiakera hark errepresio gordina jaso zuen, eta desagertu egin zen 1970eko urteak arte.

BERRIA.
Iker Tubia.
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Mutua izan arren, eman zuen zer esanik. Zuri-beltzean izan arren, koloretako ortzadarra eraman zuen zinemara. Mende bat igaro da homosexualitatea positiboki erakutsi zuen lehenbiziko filma grabatu zenetik: Anders als die Andern (Besteak ez bezalakoa). Richard Oswaldek zuzendu zuen film alemaniarra, eta Magnus Hirschfeld doktorearen laguntza izan zuen. Zentsuraren eta jazarpenaren ondorioz, filmaren berririk ez zen izan harik eta 1970eko urteetan Ukrainan kopia bat aurkitu zuten arte.

Weimarko errepublikak urtebete zuen Oswaldek filma egin zuenean. 1918ko azaroan zentsura bertan behera gelditu zenez gero, pelikula grabatzea erabaki zuen. Zuzendariak bidelagun izan zuen Hirschfeld doktorea, eta hark sortutako Institut für Sexualwissenschaft sexu zientziaren institutuak diruz lagundu zuen ekoizpena. Hirschfeld judua eta homosexuala zen.

Garai hartako Zigor Kodearen 175. artikuluaren kontrako aldarria izan zen Anders als die Ander. Artikulu horrek gizonen arteko homosexualitatea zigortzen zuen, eta pelikulak lege hura bertan behera uzteko beharraz kontzientziatzea zuen asmo. Ez du zalantzarako tarterik uzten: filma hasi bezain pronto ageri da 175. zenbakia, izenburuaren azpian.

Paul Korner (Conrad Veidt) da filmeko protagonista, maila ekonomiko altuko musikari homosexuala. Kurt Sivers (Fritz Schulz) biolin jotzaile gaztea ikasle hartzen du, eta maitemindu egiten dira. Gizartearen bazterketa eta ezin ulertua, eta legeen jazarpena eta errepresioa agertzen dira filmean. Hirschfeld doktorea ere ageri da, sexologoaren rola jokatzen. Sexologia lezio bat ematen du Kornerren familiarekin duen solasaldian zein publikoki egiten duen hitzaldian. Atal horietan dokumental kutsua hartzen du filmak.

Pelikulak hautsak harrotu zituen, eta 1920. urtean zentsura berrezarri zuten Alemanian. Urte hartan filma debekatu zuten: soilik mediku eta ikerlariek zuten hura ikusteko baimena. Hamarkada bat geroago, 1933an, nazismoak film horren kopiak erre zituen. Hala egin zuen sexu zientzietako institutuko artxiboekin ere. Baina nazismoak ezin izan zuen filma erabat desagerrarazi, kopia bat gorde baitzen Ukrainan. Municheko museoak aurkitu zuen kopia hori.

Natalia Ardanaz Historia Garaikidean doktorea da, eta aditua zinema eta genero gaietan. Irakaslea ere bada CLAVNA Nafarroako Ikus-entzunezkoen Klusterrean, eta Anders als die Andern izan du hizpide: «Film bikaina da, garai hartako Alemaniako zinema mutu espresionistaren bereizgarri. Uste dut Fritz Lang, Friedrich Murnau eta halako maisu handien zinema espresionista iragartzen duela: estetikoki, narratzeko modu subjektibo hori erabiltzen du».

Estetikoki ez ezik, narratiboki ere film ona iruditu zaio Ardanazi: «Sekulakoa da: aitzindaria da, bere garairako oso aurreratua. Homosexualitatea sumatu zitekeen dantzak edo jarrerak agertu ziren zinema mutuan, baina bi gizonen arteko sexualitatea hain modu irekian agertzea ez nuen aurretik ikusi».

Bestelako irudikapena

Esther Marin zinema kritikaria eta kulturaren soziologian doktoreak uste du film garrantzitsua dela, homosexualitatea defendatzen zuen lehenbiziko filma baita. Hala ere, ñabardura egin du: «Homosexualitate oso zehatza da ageri dena. Garai hartan benetan armairutik atera zitezkeenak, normalki, aberatsak ziren: jantziak, kulturari lotuak eta estetak». Film «osoa» dela nabarmendu du, disidentzia sexualak zituen muga eta arazo guziak agertzen baititu: «Pertsonalak: identitateari buruzko zalantzak, ezkutatzea, bakardadea, errepresioa eta abar. Familia arazoak: presioa eta zokoratzea. Eta arazo sozialak: estigmatizazioa, estortsioa, jazarpena eta askatasun gabezia».

Filma garrantzitsua da Pau Guillenen arabera ere, ZinegoakLGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdiko zuzendaria bera: «Hastapenetan zen zinema, eta errealitate bat ikusarazteko modua izan zen. Ordurako, literaturan agertu ziren emakume zein gizon homosexualak». Aurretik ere agertu zen zineman, baina bestela: «Homosexualitatea karikatura eginez agertzea ohikoa izan da, modu negatiboan: pertsonaia irrigarri da, eta ez du paper nagusirik. Elementu komiko bat da, iseka egiteko». Zaila zen eskema horretatik aldentzea garai hartan, baina Guillenek gogorarazi du gaur egun oraindik gertatzen dela.

Izan ere, homofobia nagusi izan da zineman. Hala uste dute adituek: «Homofobia gailendu da hedabideetan, eta, jakina, zineman. Maritxua irrigarria zen jendearen erreferente izan den zineman», azaldu du Marinek. Harago doa Ardanaz: «Film hau ez dut imajinatzen gaur egun: pantailetan errepresio sexual handia dagoela uste dut. Onartu dugu sexu aniztasuna, baina, bestalde, erakusteko beldurtiagoak gara».

XIX. mendeak aldaketa handiak ekarri zituen: Marinen arabera, ilustrazioaren bidez modernizaziora egin zen salto, eta mende bukaeran «askatasunen eklosioa» gertatu zen. Askatasun pertsonalak bultzatu zituen horrek. Hala ere, garai horretan sortu zen 175. artikulua. «Weimarko errepublikan permisibitatea zegoen. Berlin 1920an liberalismo handiko tokitzat jotzen zen».

Ardanazek uste du gerora atzerakada izan zela: «XX. mende hasiera askatzaileagoa eta iraultzaileagoa zen; gero sekulako errepresioa eta zentsura izan ziren mundu osoko pantailetan, 1968ko maiatzetik aurrera errepresentazioetan iraultza sexuala hasi zen arte». Guillenek azaldu duenez, dagoeneko jaialdirako jasotzen dituzten film guziak ez dira ari homosexualitateaz eta horrek dituen zailtasunez. Hala ere, oraindik badira ikusgarritasun gutxiko gaiak: transexualitatea eta intersexualitatea. Arrisku batez ohartarazi du Zinegoak-eko zuzendariak: «Pasatzen ari gara zokoratutako pertsonaietatik bikote heterosexual bati espero zaiona errepikatzera». Zineman LGTBI komunitatearen bereizgarriak mantentzeko deia luzatu du.

1919ko filmak ez zuen eragiterik izan disidentzia sexualari buruzko filmen garapenean, desagerrarazi egin baitzuten. Hala ere, Marinek uste du gaur egun baliagarria dela: «Mezu bat kontuan hartu beharko genuke: ehun urte geroago, askatasun pertsonal eta sozialetan egindako aurrerapenak egun batetik bestera desagertu daitezke haien kontrako mehatxurik handienak gutxiesten baditugu».

Ander ere ezberdina da

Anders hitzak ezberdina esan nahi du alemanez, bestelakoa. Modu horretan aurkeztu zen aurrerago ere homosexualitatea beste film batzuen izenburuetan. Fonetikoki antzekoa den Ander ere ezberdina zen; ordura arteko filmetako protagonistekin alderaturik bai, behinik behin. Euskal Herrian geroago grabatu ziren LGTBI gaiei buruzko filmak. Ez da harritzekoa, 1956an sortu baitzen euskarazko lehenbiziko filma: Gure Sor Lekua. Homosexualitateari buruzko euskarazko lehenbizikoa duela hamar urtekoa da: Ander. Roberto Castonek zuzendu zuen, baina orain arte ez da Hego Euskal Herriko aretoetan ofizialki estreinatu. Ipar Euskal Herrian bai, eta ETBk ere eman du zenbait aldiz.

Garai hartan, Zinegoak jaialdiko zuzendaria zen Caston. Azaldu duenez, LGTBI gaia landu zuen lehena ez ezik, beste film batzuei nazioarteko ateak ireki zizkion filma ere izan zen Ander. Zinegoak jaialdiko antolatzaileak ohartu ziren euskarazko zinemagintzan hutsune handia zegoela. Ez hori bakarrik; nekez aurkitu zitezkeen landa eremuko disidentzia sexualak. «Asiako baten bat izan ezik, esku artean genituen film guziak hirietan gertatzen ziren».

Erronkari heldu zion Castonek berak: «Film bat egitekotan, landa eremuan egin behar nuen, interesgarriagoa iruditzen zitzaidalako, eta sekulako hutsunea zegoelako». Euskal Herrian girotu zuenez, euskaraz egitea pentsatu zuen; ez soilik euskaraz, gaztelera ere asko ageri baita. Pertsonaia nagusietako bat perutarra delako erabaki zuen biak erabiltzea.

Garai hartan hasi ziren Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga bi lesbianaren arteko istorioa kontatzen zuen filmarekin: 80 egunean; gero beste batzuk etorri ziren. Castonen arabera, ez zegoen beste aukerarik: «Kontatu beharra zegoen, gizartearen parte delako. Hizkuntza guziek egon behar dute zineman, eta gai bakar bat ere ezin da zokoratu. Logikoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.