Joan den astean, erreportaje ederra eskaini zion Gontzal Agotek Apichatpong Weerasethakul zuzendariari. Ez da bakarra izan. Cannesen urrezko palmorria irabazi zuenetik, zinema aldizkari gehienek idatzi baitute zer edo zer haren lanari buruz. Barnean daramadan esnobak eskatu dit, gozo baina errime, aipatzeko nik aspalditik nuela zuzendari horren berri. Eta, hain zuzen ere, aldez aurretiko ezagutza luze horretan oinarrituta ausartzen naiz orain aurkeztu behar dudan teoria aurkeztera.
Weerasethakul ez da existitzen. Zenbait lagunek asmaturiko figura da. Cannesko saria hartzera joan zena inpostore bat zen. Zuzendari thailandiarrak euskal poeta baten asmazioa behar du, nahitaez. Haren filmen tituluak ikusi bertzerik ez baita, ohartzeko lan bakoitzean euskal egoera politikoa komentatzen ari dela.
Lehen filma, Mysterious Object at Noon (Objektu misteriotsua eguerdian), lan polisemikoa zen: izenburuko objektu hori edozer gauza izan liteke, sanferminetako txupinazotik edozein parlamentariren auto ofizialera, Estatutua edo Amejoramendua atzendu gabe. Baina hurrengo filmetan zehazkiago jokatu zuen zuzendariak: Blissfully yours (Maiteki zurea) izenburuak, adibidez, zuzeneko erreferentzia egiten dio, bistan da, UPNren eta PSNren arteko harremanari.
Eta, azken filmean, etorkizunari iragartzeko gaitasuna erakutsi dio Weerasethakulek. Toki guzietan, honela eman dute tituluaren itzulpena: Boonmee osaba, iraganeko bizitzak gogoratzen, baina nago bertze honek aise hobeki islatzen duela egilearen asmoa: Osaba Lopez, iraganeko mamuak ikusten.
Hor hago, Weerasethakul?
Osaba Lopez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu