Haur-eskolan umeen ongizate emozionalari lehentasuna ematen ez badiogu, arrisku handiei egin beharko diegu aurre. Besteak beste: haurren banakotasunaren garapena trabatzea, eskolan bakartuta eta bakarrik sentitzea, ikaskideekin edota inguruan dituzten helduekin konektatzeko gai ez izatea edota euren banakotasunari erreparatu gabe talde bereko kide bezala hartzen dituztela sentitzea.
Eskolara joaten diren haurren osasun emozionalaren ardura norena den galde egin diezaiokegu geure buruari: gurasoena, hezitzaileena, zuzendariarena edo eskolako beste edozein langilerena? Honakoa da erantzuna: denona da ardura; horrexegatik, emozionalki osasungarria den espazioa sortzeko interes bereziaizan behar dugu ikastetxeetan haurrak banako gisa garatu daitezen.
Izan ere, haurraren banakotasunaren garapenak eskolako bizitzaren ardatza izan beharko luke, heltzeko edota ohiturak barneratzeko ume bakoitzak duen erritmoa oso ezberdina baita lehenengo urteetan.
Euren taldearekin konpromiso emozionala hartzen duten hezitzaileek oreka lortzen dute banakoaren adierazpena ontzat ematen duen atmosfera irekiaren eta banakoaren jokabide eta adierazpenari mugak jartzen dizkion atmosfera osasuntsuaren artean. Banakoaren adierazpena sustatzearen eta, era berean, mugak jartzen jakitearen artean oreka lortzea prozesu konplexua da; batzuetan hezitzaileek zailtasunak izaten dituzte prozesu horietan.
Ikasgelako espazio fisikoak berak ere susta dezake banakoaren adierazpena diseinu egokia badu. Baliabide sinple eta aldi berean erakargarriak dituen gela, plastika eta musikaren antzeko elementu egokiak dituena, mugimendua eta lasaitasuna sustatzen dituena, ekintza sinboliko eta adierazgarriak baloratzen dituena eta truke soziala bultzatzen duena; horixe da, hain zuzen ere, gela osasuntsua.
Bizitzeko, ikasteko eta hazteko espazio egokia izan behar du ikasgelak, non ume bakoitzak duen erritmoa errespetatzen den eta emozio guztiak adierazteko giro egokia dagoen.
OSASUNA. Espazio osasuntsuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu