Azokan egongo diren erakusketekin batera, hainbat hitzaldi antolatu dituzte Bioterran, bertara doazenek salgai dauden produktuen jatorria ezagutu eta sortzaileekin zuzenean hitz egin ahal izateko. Hitzaldi horiek Ficobako Exhibitor's Corner-ean eskainiko dira, bihar hasi eta igandera bitartean. Guztira, 141 erakusketari izango dira, goizeko hamarretatik aurrera. Hamargarren aldia denez, doan izango da sarrera.
Hitzaldiek erakusmahaietan salgai dauden produktuen jatorria eta erabilera hobeto ulertzeko helburua dute. Dohain dira denak, eta sortzailea ezagutzeaz gain produktuak probatzeko aukera emango dute. Bioterra azokaren hiru egunetan, beraz, ingurumena zaintzen laguntzeko metodoak eta tresnak ikusgai izango dira; esate baterako, eremu elektromagnetikoez babesteko diseinatutako oheak, kosmetiko eta osasun produktu ekologikoak, sukaldaritza osasuntsua, etxebizitza ekologikoak eta loreen sendatzeko boterea.
Carmen Romanelli Hirutasun esentzien terapiaren sortzaileak hitzaldia eskainiko du larunbatean, 18:15ean, eta, bertan, loreen ezaugarri terapeutikoak azalduko ditu. Romanellik sortutako teknika bakarra da munduan; izan ere, soilik Euskal Herriko mendietan hazitako loreekin lan egiten du. Romanellik Natura ikertzen ari zela aurkitu zuen loreak modu terapeutikoan erabiltzeko modua: «Nire liburua Natura izan da beti. Gure arbasoek erabiltzen zituzten loreak, baina ondoren bizkarra eman diegu sendabide naturalei. Nire metodoak Naturaren sendagaietara bueltatzea du helburu». Romanellik hamazazpi loreren esentzia erabiltzen du mota guztietako gaitzak arintzeko. «Berdin dio gaitz fisiko edo psikologikoak ditugun; dena pastillak erabiliz konpondu nahi dugu, eta horrek askotan eragin negatiboak ditu. Trauma bat sufritzen dugunean, min hori modu naturalean gainditu behar dugu; ezin da besterik gabe ezabatu».
Hirutasun Esentzia metodoa duela hogei urte sortu zuen, eta Ficobara etorri ziren iaz ere. Loreak, ura eta sagar ozpina besterik ez du behar Romanellik jendea sendatzeko. «Norbera nor den hobeto ezagutzen laguntzen digute loreek. Osatzeaz gain, adimena garbitzeko balio dute». Hirutasun Esentzien metodoak atxaparra, eguzkilorea, armeria maritima eta arbejina loreak erabiltzen ditu, besteak beste, eta mota guztietako gaitzetan erabil daitezke; umeen arreta hobetzeko, haurdun dauden emakumeen minak arintzeko, trauma psikologikoak baretzeko...
Antzinako metodoekin batera, punta-puntako teknologia ere ikusgai izango da Ficoban. La Cama Azul enpresak laugarren aldiz parte hartuko du azokan. Juan Jimenezek hitzaldi bat emango du ostiralean, 19:00etan, eta eremu elektromagnetikoen kalteak azalduko ditu. Ordenagailuak, sakelako telefonoak, etxeko gailu elektronikoak, antenak eta paretetako entxufeek ere gure osasunean duten eraginaz mintzatuko da Jimenez, eta horietaz babesteko sortu dituzten produktuak erakutsiko ditu.
Gauean, hobe itzalita
Duela zazpi urte, eremu elektromagnetikoak islatzeko gai den eta harizko eta kobrezko sarea duen ohea sortu zuen enpresak: «Jaikitzen garen unetik oheratzen garen arte, gailu elektronikoez inguratuta gaude. Baina gaua da unerik arriskutsuena, gure defentsak baxu daudelako. Gailu elektronikoek igortzen dituzten karga negatiboek gure gorputzari eragiten diote, eta, hala, nekea eta estresa sortzen dute». Lo gaudenean, gailu guztiak deskonektatu beharko genituzke: «Paretetako entxufeek ere eragin negatiboa dute. Guk sortutako oheak karga elektromagnetikoak xurgatzen ditu, eta gorputza erabat garbi uzten du. Bost minutu bertan etzanda, nabari daiteke aldaketa». Aurten, produktu berriak aurkeztuko ditu La Cama Azulek; esate baterako, lantokian erabiltzeko kuxinak eta oherako maindireak. «Loa babestea da garrantzitsuena, baina ordenagailu aurrean ordu luzez lan egiteak ere izugarrizko eragin negatiboa dauka gure osasunean».
Osasuna hobetzeko produktu berritzaileak ardatz Bioterran
Gorputza babesteko eta adimena osasuntsu edukitzeko metodo ekologikoak izango dituzte mintzagai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu