OSASUNA. LORE ESENTZIEN TERAPIA. Heste zizareak

Arrautzak ukitu eta hatzak ahora eramatean kutsatzen dira gehienbat haurrak

EUSEBIO GONZALEZ
2008ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Oxiuru izena dute, eta heste meharrean eta heste lodian hartzen dute egoitza, infekzioak eraginez. Ezagunagoak zaizkigu heste zizare txikiak izenarekin. Haurretan helduetan baino gehiagotan ikusten da gaitza, eta parasitoek eragindako infekzioetan ohikoena da.

Zenbaitetan sendikoak kutsatzea gerta daiteke, oxiuru arrautzak pertsonatik pertsonara, oheko arroparekiko kontaktuan, elikagaien bidez eta abar pasa ohi dira. Konturatu gabe arrautzak ukitu eta hatzak ahora eramatean kutsatzen dira gehienetan haurrak. Arrautzak irentsi eta heste meharrean kokatzen dira. Hortik irtengo dira zizareak. Gero, heste lodian heldutasunera iristen dira, eta zizare emeek, gauetan batez ere, haurraren uzkira jotzen dute, bertan arrautza gehiago uzteko. Horrek, askotan, azkura bizi eta nekagarria eragiten du, eta zenbaitetan infekzioa uzkiaren inguruan. Haurrak gunean hazka egiten badu, arrautzak azazkalpean har ditzake, eta beste haurrei kutsatu, edo senitartekoei.

Hesteetako parasitoen infekzioetan sintoma nagusiak honako hauek dira: azkura handia uzkiaren inguruan; lo egiteko zailtasunak, azkura dela eta; haserrekortasuna azkuraren eta lo egiteko zailtasunaren ondorioz; neskato txikietan, ematutuko suminkortasuna (zizare heldu bat uzkian beharrean ematutuan gelditzen denean); suminkortasuna eta zenbaitetan infekzioa ere bai uzkia inguratzen duen azalean; jateko gogoa murriztea eta pisua galtzea (azken hau gutxitan gertatzen da, infekzioa oso larria denean).

Heste zizareen infekzioa dagoela susmotzean, medikuarenera joan behar da. Orokorrean, parasitoen aurkako tratamendu medikoak oso eraginkorrak izaten dira. Askotan, oso posible da familiako kide bat baino gehiago egotea parasitoekin kutsatua, eta tratamendua familia guztiak egitea gomendatu ohi dute medikuek. Gehienetan, aste batzuen buruan tratamendua errepikatu egiten da, lehenengo tratamenduaren ondotik eklosionatutako arrautzak hiltzeko.

Infekzioa saihesteko, jan aurretik eta komunera joan ondoren eskuak garbitzea gomendatzen da. Azkazalak motz eta garbi edukitzea, oheko arropa astean bitan aldatzea eta komuneko konketa egunero garbitzea.

Uzkiaren inguruan hazka ez egiten saiatu behar da, eta oso kontuz ibili behar da ahoa eta sudurra ez ukitzeko, esku garbiekin ez bada. Neurri hauek guztiak beteko dira, familiak tratamendua amaitu arte.

Oxiuruen infekzioekin lotutako konplikazioak honako hauek dira: baginitisa, pelbisaren inflamazioa eta errepikatzen den infekzioa.

Lore esentziak

Tratamendu medikoek erabateko arrakastarik ez dutenean aztertu behar da lore esentzien aukera. Nik, batez ere, infekzioa errepikatzen denean gomendatzen dut.

Beharrezkoa da lore esentzien tratamendua konbinatua izatea, tantakako botilarekin eta oinarri homeopatikoa duten kremekin. Nire esperientziaren arabera, oso eraginkorra da Bach Doktorearen Sistema Sistema Australiarrarekin konbinatzea.

Orozko doktorearen patroi transpertsonalari jarraituz, Bach doktorearen esentzietan hauek ditugu hezte zizare txikien infekzioetarako:

Sagarmina (Malus Sylvestris), agrimonia (Agrimonia eupatoria), indigaztainondo arrunta (Aesculus hipocastanum).

Sagarmina garbitzailea da, lore terapiako antibiotikoa. Agrimonia azkura handiarentzat da, eta indigaztainondoa errepikatzen den arazoa konpontzeko. Krema uzki inguruan eman behar da, egunean bitan gutxienez. Formula transpertsonalari lore esentzia pertsonalak gehitu behar zaizkio kasu bakoitzean, tantaka hartzeko.

Aurretik aipatu bezala, oso interesgarria da Bach doktorearen esentziak Australiako sistemarekin konbinatzea. Azken horretatik, oxiuruen infekzio errepikakorrarentzat Billy Goat Plum (Planchonia Careya) esentzia bikaina da.

Kasu klinikoa

Beren zazpi eta hamar urteko haurrak behin eta berriz heste zizare txikiekin infektatzen direlako etorri ziren kontsultara guraso batzuk. Arazoa duela hiru urte hasi zen, haurretako batek uzki ondoanhazkura handia izaten hasi zenean. Gauez lo hartzeko arazoak ere izaten zituen. Handik gutxira, sintoma bertsuak zituen familia osoak. Medikuak parasitoen aurkako tratamendua ezarri zien, eta bi asteetara hura errepikatu. Baina sei astetara sintomak atzera agertu ziren.

Hiru urteetan urtean bizpahiru aldiz egin behar izan dute tratamendua ,eta jada kezkatzen hasiak dira, arazoari konponbiderik ez dietelako aurkitzen.

Lehen formulan, sagarminaren, agrimoniaren eta indigaztainondoaren esentziak hartzeko agindu zitzaion familia osoari, tanta bidez eta krema emanez. Beste botila batean, Billy Goat Plum esentzia ere eman zitzaien. Sistema australiarreko loreak aparte hartu behar dira, goizez eta gauez.

Handik hamabost egunetara, kontsultara itzuli ziren. Haurrei azkura ia erabat desagertu zitzaiela azaldu zuten, baita uzkian zuten irritazioa ere. Formula errepikatzea agindu zitzaien, beste esentzia bat gehituz: gorostia (Ilex aquifolium). Kreman eta tantatan, gorostiak infekzioen aurkako sagarminaren eragina indartzen du.

Tratamenduaren seigarren astean, sintoma gogaikarri guztiak desagertuak zituzten; baina tratamenduarekin jarraitzeko gomendatu zitzaien, beste hiru hilabeteetan gutxienez, emaitzak finkatzeko. Denbora hori igarota, azken bisita egin zuten berriz, sintomarik ez zela agertu egiaztatzeko eta tratamendua amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.