OSASUNA. Zer eskatzen diozu denboraldi berriari?

Askorentzat urtarrila izaten da osasuntsu eta ongi izateko asmoz norberari jartzeko helburuen sasoia. Gehiago itxaron gabe, ordea, udazkena ere garai aproposa da errutina berriak hartzeko.

2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Erretzeari behingoagatik uztea, sobera dauzkagun kilotxo horiek kentzea edo beti biharko edo etziko utzi ohi ditugun analisi horiek egitea. Udazkena garai egokia izan daiteke osasunaren eta ongizatearen inguruan dauzkagun helburu horiek lortzeko, adituen aholkuei jarraitu eta borondate-apur bat jarriz gero.

Osasunari erreparatu

Tartetxo bat bilatu beharra dago, egin beharreko proba eta azterketa guztiak egiteko, izan ere, alferrik baita kontu horietan gauzak geroko uztea. Ildo horretan, garrantzitsua da oheburuko medikuarekin konfiantzazko harremana edukitzea, gure osasun-arazoak berarekin lasai komentatu eta argituz joateko. Profesionalen lana da bizi-estilo osasungarriak erakustea, ohizko arazoen inguruko informazioa ematea, arazo horien garrantzia ebaluatzea, eta pazienteak arreta egokia lortzeko lekuetara bideratzea. Ez utzi bazterrera kontu horiek, eta egizu kasu bakoitzean premiazkoa den osasun-azterketa: tentsioa, odol-analisiak, zitologia edo mamografia emakumea bazara, ikusmena eta entzumena, txertoak, hortz-haginak, etab.

Kontuz automedikazioarekin

Lau biztanletik bat automedikatu egiten dela diote estatistikek, hau da, medikuei ezer galdetu gabe, bere kasa, errezeta beharko luketen botikak hartzen dituela. Eta, iturri berek argi eta garbi erakusten dutenez, emakumeak sarriago jotzen du ohitura kaltegarri horretara gizonezkoak baino.

Behar dena lo egin

Adituek diotenez, biztanleriaren %10 insomnio kronikoak jota dabil (hiru hilabetetik gorako iraupena duen loezinari esaten zaio kroniko); erdia-edo, tratamendurik gabe. Datu kezkagarria da, izan ere, egunean zazpi-zortzi ordu lo egitea funtsezko osagaitzat jotzen baita hainbat gaixotasuni aurrea hartzeko. Gaizki eta gutxi lo egiteak suminkortasuna, nekea, oroimen eta kontzentrazio-arazoak dakartza, eta epe ertainera urdaileko arazoak, diabetesa, depresioa, etab. ere ager daitezke.

Erlaxatzen ikasi

Estresa gorputzak mehatxu-egoera baten aurrean ematen duen erantzuna da. Gaur egungo bizimodu eroaren eraginez, hiru pertsonatik batek estresa jasaten du, eta horrek ondorio larriak ekar ditzake. Estres-egoera horrek luze irauten badu, laguntza bilatu beharko dugu kanpoan, baina bestela badira zeure kasa ere estresari aurre egiteko moduak: erlaxazio-metodoak (arnasketa sakona, meditazioa), atsedena, ariketa fiskoa eta elikadura orekatua izango lirateke gomendatzeko modukoak.

Saiatu zure pisu ideala lortzen eta horri eusten

Gure artean obesitatearen prebalentzia %15 inguruan dago; biztanle helduetan, gainpisua, berriz, %38,5era ailegatzen da. Litekeena da Euskal Herrian zifra horiek zertxobait apalagoak izatea, baina, hala ere, arazoaren garrantzia begi-bistakoa da. Gurea bezalako gizarte batean, lautik batek pisua galdu nahi dugu, eta hamarretik zortzi saiatu dira noiz edo noiz dietaren bat egiten, medikuarenera joan gabe. Portaera horrek ondorio eta emaitza txarrak ekarri ohi ditu, horregatik, aholkurik onena aditu batengana joatea da.

Sasoi fisikoan egon

Urte-sasoi berri bati ekiten zaion bakoitzean, hori da jende gehienak bere buruari jarri ohi dion erronka nagusia. Eta ez zaie arrazoirik falta. Asko baitira ariketa fisikoa egitearen onurak: bihotzeko gaixotasunetatik eta istripu zerebrobaskularretatik babesten gaitu, gorputzeko gantz-mailak kontrolatzen ditu eta pisua galtzen laguntzen du. Jarduera fisikoa egiteak badu, gainera, depresioaren kontrako eragina ere. Baina garrantzitsuena kirola edo ariketa fisikoa aisia moduan egitea da, horrekin disfrutatzeko eta ez obligazio moduan. Dena den, edozein jarduera fisiko edo kirolek ez du balio. Horregatik, komeni da espezialistaren bati galdetzea.

Erretzeari betiko utzi

Hainbat gaixotasun (29tik gora azken datuen arabera) eta heriotza goiztiarren arrazoien artean, tabakismoa da saihestu daitekeen aurrenekoa eta garrantzitsuena. Urtero 50.000 pertsonatik gora hiltzen dira gure artean tabako-kontsumoaren ondorioz, eta datu horiek are kezkagarriagoak dira prebenitzeko modukoak direla kontuan hartuz gero. Orain, gainera, badirudi alderdi legalak ere bultzadatxo bat emango diela horretarako asmo (agian ez hain) sendoa zutenei. Hala ere, erabakiak duen garrantzia ikusita, tabakoa uzteko edozein plani ekin aurretik, inguruan laguntzak bilatu eta gauza guztiak ondo prestatzea komeni da, lehendik ere saiatutako bidean berriro hutsik egin nahi ez bada behintzat.

Krisiari baikortasunez aurre egin

Etorkizunari baikortasunez ekin behar zaio, gauzak hobeto irtengo zaizkigun itxaropenarekin. Saiatzeko eta erronkak gainditzeko jarrera horrek izan beharko luke denboraldi berriari ekiteko abiapuntua. baikorra izateak onura ugari ekarriko dizkigu, arazoak konpontzeko gaitasuna hobetzeaz gain, ikerketa zientifikoek frogatu duten bezala, pertsona ezkor edo pesimistak baino 8-10 urte gehiago bizi baitira berez optimistak direnak. Horregatik, eta egungo krisi latza begi aurrean daukagula ere, aholkurik onena bizitzari adorez eta kemenez begiratzea da, eguneroko lorpen txikiak umorez disfrutatuz.

Aisialdia aprobetxatu

Sarritan kexatzen gara ez daukagula apenas astirik gure gustuko gauzak egiteko, geure buruari eskaintzeko, baina daukagun apurra benetan aprobetxatzen al dugu? Egia da gure astiaren zati bat bakarkako jardunerako gorde behar dela (hor sartuko genuke bakoitzak gure gogoko zaletasunari eskainitako tartea), baina, aldi berean, harreman sozial eta pertsonalekin orekatu beharko litzateke, horiek ere gure bizimoduaren ezinbesteko osagaia baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.