Hogeita hamar urtez Euskal Herriko musika paisaiatik at egon ondoren, agertokietara itzuliko da gaur Oskarbi taldea, Esperantzari leiho bat kantaren egilea. Xirimiri diskoa argitaratu berri du taldeak, eta gaur zuzenean erakutsiko dituzte kantu berriak, Donostian, Viktoria Eugenia antzokian.
Doinu berriak eta inoiz grabatu gabeko pieza tradizionalak joko ditu laukoteak gaurko emanaldian. Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan ziren, eta Bitoriano Gandiaga poetarekin zein Jorge Oteiza eskultorearekin lan egin zuten. Oteizak berak egin zuen taldearen lehen diskoaren azala, Abesti zaharrak eta berriak. Errepertorioko kanta berrietarako ere Jose Luis Treku, Xabier Lete eta Gandiagaren poemak aukeratu dituzte. Horiekin batera, XV. mendeko bi kanta berreskuratu dituzte: Alarguntsa eta Lasturko Miliaren eresia.
Antzinako kantak eta herrikoiak jazz eta soul moldetan ematen zituzten. Oskarbiko egungokideak Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Bakartxo Maritxalar, Jose Luis Treku, Iñaki Maritxalar eta Carlos Ruiz dira. Disko berriko kantuez harago, taldearen historiari begiratu bat egingo diote, beste garaietan ezagun egin zituzten dozena erdi bat kantaren bidez.
Hurrengo kontzertua azaroaren 3an emango dute, 20:00etan, Beasainen (Gipuzkoa).
OSKARBI
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.
Oskarbi, 30 urte igaro eta gero
Ez Dok Amairu mugimenduko kide izandako talde horrek kontzertua emango du gaur, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu