"Euskal Herritik kanpo egiten den euskal musikaren jaialdirik handiena", horrela aurkeztu ohi du haren burua Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH Sona jaialdiak. Hamazortzigarren edizioko egitaraua aurkeztu berri dute. Ohi bezala, Euskal Herriko momentuko talderik esanguratsuenetarikoak deitu dituzte aurten, besteak beste, Glaukoma, Vendetta, Patrol Destroyers, Governors, Anari eta Joseba B. Lenoir.
Hala ere, aurtengo karteleko izarretako bat agur esango duen talde historiko bat da: Oskorri. Udazkenean egingo ditu haren agur kontzertuak, eta Bartzelonan egingo dute azken saio horietako bat, urriaren 30ean, Bartzelonako Gracia auzoko CAT Tradicionariusen.
Musika eskaintza zabalaz gain, EH Sona jaialdiak berritasunak aurkeztu ditu aurtengo edizioan. Lehen aldiz, hiriburutik mugituko dute jaialdia. La Bisbal de L'Emporda herriko L'Alternativa aretoan egingo dituzte kontzertuen bost kontzertu.
Gainera, aurten ere AlterEHsona ekinbidea sortu dute. Musika kontzertuetatik harago eramateko asmoa dute ekinbide berriarekin. Hitzaldi bat eta hirian bi ibilbide antolatu dituzte horretarako.
Trikipoteoa, urriak 31
EH Sonako ekitaldirik arrakastatsuenetariko bat urteroko trikipoteoa da. Ehundaka lagun biltzen dira Borneko kaleetan. Aurten urriaren 31an izango da, larunbata, eta trikipoteoaren ostean Kolpatu taldeak joko du. Bizkaiko taldeak Kortatu taldearen abestien bertsioak egiten ditu.