Rufino Rekalde. Hernaniko esku pilotako delegatua

«Oso etorkizun zaila ikusten diot pilotari»

Hilabete eskas batzuk gelditzen zaizkio erretiroa hartzeko. Rekaldek 28 urte egin ditu pilotako delegatu gisa, eta horietatik 18 BERRIA txapelketaren antolakuntzan, besteak beste. Afizionatu mailak duen babes eskasaz, eta enpresen botereaz mintzo da, kritiko.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Hernani
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frontoian, nola ez. Eta bere kutunenean: Ezkiaga pasealekukoan. Epailearen postura hartzeko eskatu dio argazkilariak Rufino Rekalderi (Hernani, Gipuzkoa, 1958), eta argazkirako ez ezik, elkarrizketarako ere hartu du postura: zorrotza eta kritikoa. Argudioz hornitzen ditu ongi ezagutzen dituenak: erasoan bizi, defentsan eraginkor. «Hasieratik hitz egin izan dut daukagun pilotari eta, nire ustez, izan behar genukeenari buruz».

Titulu itsusia da: erretiratua.

Ez naiz oraindik erretiratua. Urtea amaitutakoan, bai [barrez].

Zein izan da zure ofizioa?

Autonomoa izan naiz bizitza osoan. Daukadan zortea da bakarrik bizi naizela. Gurasoek etxe bat utzi zidaten, eta ez dut askorik behar bizitzeko. Pilotako soldata txiki bat jarri zidaten; urte gutxi dauzkat kotizatuta, eta ez zait erretiro handirik geldituko... baina bizitzeko nahikoa.

Agertu da hitza: pilota. Zer da: afizioa, ofizioa, gaixotasuna...?

Erabateko afizioa. Txikitan futbolean aritu nintzen, beste asko bezala, baina 16-17 urterekin amaitu zen hura. Pilotan beti jarraitu izan dut. Xabier Erdozia nire kuadrillakoa da, oso maila onean aritu zen pilotari hernaniar bat. Asegarcerekin egin zuen aurrekontratu bat; txikitatik izan dut laguna, eta hari segika ibiltzen ginen herriz herri eta partidaz partida. Baina zorte txarra izan zuen.

Zer gertatu zitzaion?

Soldadutza egitea tokatu zitzaion lehenengo, Sevillan. Urtebete galdu zuen horretan. Bueltatu zen, hartu zuen martxa berriz, baina profesionaletan debutatu bezperan, Donostiako Santa Klara uhartean, erori eta kristal batekin ezkerreko eskuko atzamar bat guztiz ebaki zuen. Ezin izan zuen pilotan jarraitu, eta pilotari ikusgarria zen. Hari segika sartu nintzen pilotaren mundu horretan.

Afizio handia dago Hernanin?

Olatuak izaten dira. Ni delegatu gisa hasi nintzenean, duela 28 urte, ez zegoen ezertxo ere. Pilota eskola bat zegoen, Migel Ezpeletak eta Mieltxo Salaberriak eramaten zutena. Izango zituzten hamabost bat ume, baina federatuta alerik ere ez. Denak Añorgara joan ziren: Esnal, Oiaga, Erroizenea, Zabala... horiek denak.

Eta pixkanaka joan zen indarra hartzen?

Ni sartu eta gutxira hasi zen igotzen. Zorte handia izan genuen, lehen 10-12 urteetan Herriarteko Txapelketako ia final guztietara iritsi ginelako, eta horrek afizio handia sortu zuen herrian, frontoia bete egiten zen, eta umeak ere frontoira etortzen ziren.

Eta gaur egun?

Nahiko baxu dago kontua, baina 28 urteotan nik urtero 40 ume inguru ezagutu ditut gurean. Kalitate handiko jendea atera zen bolada batean, eta, orain, beste bolada batean gaude.

Konpetentzia handia baita.

Futbolarena ia herri denetan, eta gurean, gainera, errugbiarena.

Zu haurra zinen garaian ez, ezta? Zer oroitzapen duzu?

Hernaniko Urumea ikastola guk inauguratu genuen, 3 urterekin, eta legez kanpo [barrez]. Han egin nituen lagunak, eta hau izaten zen elkartzeko gure tokia: Ezkiaga pasealekua. Eta frontoia, eta zabalgune honetan, futbola ere bai. Horrekin akordatzen naiz, batez ere. Eta ikasle oso txarra nintzela ere bai [barrez].

Zenbait senide zineten?

Hiru, nire bi arrebak eta ni. Lanean 15 urterekin hasi nintzen. Aita ganadu tratantea zen, eta ukuilu bat genuen Kale Nagusian. Behiak jezten nituen, joaten nintzen institutura, futbolean entrenatzen nintzen Hernanin... Zerbait utzi behar, eta ikasketak utzi nituen.

Eta gaztaroa? Hernanin ez dira garai guztiak errazak izan...

Parranda giroarekin akordatzen naiz ni gehien: festaz festa eta Oialume dantzalekua. 18 urterekin aitak kamioi bat jarri zidan, eta han ateratzen nuen diru guztia niretzat izaten zen.

Militantzian, herrigintzan...

Arlo horretan, nire kuadrillako beste batzuekin konparatuta, albo batera bezala egon nintzen. Baina albo batera, lanarengatik. Haiek ez zuten lanik egiten, ikasten ari ziren denak, eta militantzia politiko handia zeukaten, ezker abertzalean. Nik ere bai, ahal nuenetan, baina askoz gutxiago.

Jende asko pasatuko zen zure eskuetatik pilota eskolan?

Normalean urtero hamar-hamabost berriak izaten dira 40ko talde horretan. 28 urtean, atera kontuak.

Eta oraintxe bezala, askok agurtzen zaituzte [frontoian palan ari den gazte batek: 'Aupa Rufino!'].

Ezagunak gara ez bakarrik pilota munduarengatik, baita beste gauza askorengatik ere. Urte askoan antolatu ziren hemen kuadrillen arteko Olinpiadak. Saltsa hartan ere sartuta egon nintzen. Sekulako festa izaten zen. Akordatzen naiz urte batean Hernaniko kiroldegiko frontoian 600 lagun bildu genituela afaltzeko, eta hura izan zela Delirium Tremens taldeak emandako lehen kontzertua, kobratuz. Guk ekarri genituen.

Ziur ez dutela ahaztua.

Egin kontu! Behin haiekin egon nintzen Elgoibarko jai batzuetan, taberna batean, eta gogoratzen ziren! Ekarri genituen haiek, eta ekarri genuen Iñaki Salvador ere, jende guztiari gustu egiteko.

Zertan aldatu da pilota?

Kirol gisa? Edo bestela?

Zeuk aukeratu.

Kirol gisa, gaur egun, kirol diferente bat da. Pilotak aldatu egin dira, askoz ere abiadura handiagoan jokatzen da, airez askoz gehiago jokatzen da; airez ez badakizu, jai daukazu pilotan. Materiala aldatu da, eta horrek sortzen du abiadura hori.

Eta bestela?

Gizarte osoa bezala. Gaur haurrak ezin ditugu tratatu lehen tratatzen genituen bezala. Kontu handiarekin ibili behar duzu.

Adibidez?

Guraso Batzordekoek pertsona bat izendatu dute entrenatzaileok-eta haurrei ematen diegun tratua gainbegiratzeko. 28 urtean gauza asko aldatu ditugu, baita entrenatzeko modua ere, baina halakoei ez diegu erreparatu.

Polemiko fama daukazu.

Gauza bat esango dizut: niri asko gustatzen zait eztabaidatzea. Kuadrillan ere fama hori daukat.

Pilota munduan?

Bai, bai. Pilota munduan polemikoa izan naiz zeren nik hasieratik hitz egin izan dut daukagun pilotari eta nire ustez izan behar genukeenari buruz. Gogoan daukat, adibidez, Gipuzkoako Federazioko nire lehen batzarra. Eskola kirolaren inguruan sortu zen eztabaida. Nire esperientzia kontatu nuen, eta esan nuen Hernanirentzat eskola kirola ona zela, aberatsa zela, hiru hilabetez aukera ematen zigutelako umeei pilotaren amua jarri eta kosk eginarazteko. Hori esan nuen, eta pilota munduko asko haserretu egin zitzaizkidan. Baina, bueno, ez dira betirako irauten duten haserreak. Behin Reyes Azkoitiak zera esan zidan: ez duela ezagutzen beste pertsona bat horrenbeste jenderekin eztabaidatu duena baina gero denekin hartu-emana duena. Funtsean: pilotaren funtzionatzeko modua da gustatzen ez zaidana. Pilotak jarraitu du enpresek nahi izan duten bidetik.

Haiekin izan duzu polemikarik gordinena. Zer gertatu zen?

Sare sozialetan nire ikuspuntuaren berri eman izan dut beti. Epaile gisa nenbilen orduan profesional mailan. Asperi eta Asegarceri ez zitzaizkien gustatu nik esandako horiek, eta esan zidaten jada epaile gisa ezin nintzela aritu.

Betoa ezarri zizuten?

Hori da. Profesionaletan ez nintzen gehiago aritu. Baina urtebete behintzat eutsi nion, zeren garai hartan ni nintzen epaile izendatzailea eta partidetara presentatu egiten nintzen. Epaileen lehendakariak deitu zidan arte, esateko ez nintzela gehiago arituko profesionaletan.

Zeri buruz idatzi zenuen bada sare sozialetan?

Formakuntza eskubideei buruz, batez ere horixe erreklamatzen nuen. Eta kritikatzen nuen ereenpresa profesionalek nola kontrolatzen dituzten txapelketa pribatu asko, eta horrek pilotarien artean sortzen dituen ezberdintasunak eta harreman arraroak: batzuk bai, besteak ez...

Eta hori aldatu al da?

Bai, zera! Enpresa profesionalek gaur egun ere txapelketa asko kontrolatzen dituzte, eta jokatzen dute haiekin aurrekontratua daukaten pilotariek.

Finaletan ere aritutakoa zara?

Bi final dauzkat eginak epaile profesional gisa, eta bietan errioxarrek irabazi zuten. Lau eta erdian, Titin III.ak irabazi zion Barriolari [2007]. Kronometroa zaintzea zegokidan. Gogoratzen naiz Joaquin Plaza zenak nola esan zidan: «Aizu! Lasai hartu, e? 40 urte badauzkagu, eta denok dakigu hemen zer dagoen». Eta beste finala, binakakoa, Titin III.ak eta Merino II.ak irabazi zutena Xala eta Laskurainen kontra [2012]. Errioxara joaten naizenetan, beti gogorarazten didate.

Afizionatu mailari ez zaio behar besteko balio ematen?

Hori horrela da, erabat. Diferentzia handia dago txapelketa ofizialen eta pribatuen artean. Eta hori ere pilotan bakarrik gertatzen da. Zuk ez duzu beste kirol bat aurkituko horrelakoa, non Antiguako txapelketak balio handiagoa daukan Gipuzkoako Txapelketak baino. Eta berdin dit bata irabazteagatik milioi bat euro ematen badute ere. Partiden kalitateari buruz ari naiz. Torneoa irabazteko hiru edo lau partida irabazi behar dituzu, Gipuzkoako Txapelketa irabazteko hamar-hamaika. Horregatik bakarrik, zailtasun horregatik bakarrik, beste balio bat izan beharko luke, eta ez du inork baloratzen. Ez Gipuzkoakoa, ez Euskal Herrikoa...

BERRIA txapelketan beste modu batera egin dira gauzak?

BERRIA txapelketan Euskal Herriko lurralde guztietako pilotariak aritzen dira. Eta garrantzitsua da nazio ikuspegi hori, baina nik gehiago baloratu izan dut klubaren izena agertu dela beti txapelketan, eta duela 18 urte halako txapelketak antolatzen zirenean, klubaren izenik ez zen inon agertzen. Pilotariarena bakarrik. Eta klubek egiten dugu lana pilotariak edukitzeko: bai afizionatuak, bai profesionalak...

Boluntario lanetan ari dira asko pilotan, baina badator erreleborik? Zer etorkizun ikusten duzu?

Oso etorkizun zaila ikusten diot pilotari. Oso ezkorra naiz. Nik Hernanin 28 urte egin ditut. Lehen hamar urteetan, egunkariak banatzen aritzen nintzen, 02:00etan jaikita, egunero. Eta 120 pilotari zeuzkan klub bat ateratzen genuen aurrera. Hamar urte egin nituen horrela, baina halako batean esan nuen nahikoa zela. Bilera bat egin genuen, eta esan nien urtebeteko epea zutela beste delegatu bat topatzeko, edo niri soldataren bat jartzeko. Erabaki zen soldata bat jartzea, eta geroztik soldata hori kobratu dut. Askotan adarra jo izan didate esanez nomina daukan delegatu bakarra izan naizela.

Jendeak oso azkar nahi ditu emaitzak, ezta?

Geroz eta azkarrago. Jendea ari da debutatzen 18 urterekin. Lehenadin horrekin fenomenoek bakarrik debutatzen zuten; oso gutxik. Lehen normalena zen 22-23 urterekin debutatzea —Fernando Goñik 25ekin debutatu zuen—. 18 urterekin debutatzeko aukera duzula jakinda, kadete mailan indar pixka bat duenak segituan nahi du gazte mailan jokatu...

Debutatu eta emaitzak eskatzen dira segituan.

Hori da. Eta jende askok gero hori egiten du: pilota utzi. Presa horren erantzuleak, hein handi batean, enpresak dira. Aurrekontratuak ari direlako egiten 14-15 urteko jendeari. Eta etortzen da Aimar Olaizola eta hartzen ditu zortzi-hamar pilotari eta bere taldera eramaten ditu entrenatzera Astigarragara. Eta haren lana da, eta ziur ongi ari dela, baina ez dakit zenbateraino ez ote den ari izorratzen klubekoak gazte horiekin egiten ari diren lana. Horregatik diot ez diodala etorkizun onik ikusten pilotari.

Ameriketara omen zoaz...

Aldakan ebakuntza egin behar didate lehenengo. Osatutakoan, bidaiatzeko asmoa daukat. Izan ere, pilota asko gustatzen zait, musika ere bai, baina bidaiatzea da gehien gustatzen zaidana. Furgoneta hartu eta, bakar-bakarrik, bihurgunez betetako errepideetan gidatzea. Mantso, eta musika jarrita.

Ameriketara, nora?

Lagunak dauzkat Mexikon. Ahal badut, furgoneta txiki bat erosiko dut han, eta herrialdean zehar bidaiatu. Ez daukat presarik. Amets hori daukat. Denek esaten didate: «Hik pilota ez duk utziko». Erantzuten diet: «Egon hadi; ikusiko duk». Etortzen naizenean, ziur bueltatuko naizela frontoietara.

Han ere badaude frontoiak.

Hori da. Eta hori ere bada ametsaren parte: aurkeztea han nire curriculuma pilotan jokatzen duten herrialdeetan. Mexikon, Argentinan, Txilen... Hango haurrei pilota irakasteko aukera izatea, bi edo hiru hilabetez. Dirua irabazteko inolako asmorik gabe. Janaria eta ostatua izanda, nahikoa dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.