Endika Saez de Adana. Batzordeko presidentea

«Oso ona izan zen Blusa eta Nesken Batzordearen iazko erantzuna»

Gasteiz
2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Endika Saez de Adana Blusen eta Nesken Batzordeko presidentea da (Gasteiz, 1989). Aurtengoa du presidente ari den lehen urtea, eta iazko arazoari aurre egin behar izan dio. Emakume baten aurkako eraso matxista bat gertatu zen. Batzuek ez zuten protokoloa bete, eta, hori dela-eta, bitan banatu dira kuadrillak.

Lehenengo urtea duzu presidente. Nola ari zara bizitzen?

Lasaitasunez, pixkanaka... Hiriko jendea eta Blusen eta Nesken Batzordean lanean ari direnak asko ari zaizkit laguntzen.

Zer da presidente izatearen alde zailena jaietara begira?

Uste dut alde zailena dela hedabideek egiten dituzten galderei ez erantzuten jakitea [Barreak].

Orain presidente izanik, berdin gozatuko duzula Santiago eguna?

Pentsatzen dut aldatuko didala jaia ikusteko era, hori bai. Baina,gozatuko dudala ere uste dut. Batzordean aritzeak, eta, nire kasuan, presidente moduan ibiltzeak, ekartzen du kuadrilletako beste jendea ezagutzea. Beste modu batera biziko dut festa, ez hobeto, ez okerrago: ezberdin.

Kuadrillak banatu egin dira aurten. Nola antolatu zarete?

Hala da, azaro aldera banaketa bat egon zen kuadrillen artean. Baina, batzordea berdin antolatu da barruan iraun duten taldeekin, dinamika berarekin aritu gara. Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den hemendik aurrera. Bakoitzak bere lana egin behar duela uste dut nik, bakoitza bere bidetik joan behar dela.

Zer iruditu zitzaizun iaz egon zen iskanbila zela-eta Blusen eta Nesken Batzordeak hartu zuen erabakia?

Oro har, iaz batzordeak momentuan bertan eman zuen erantzuna oso ona izan zen.

Aurten ere baduzue eraso matxisten aurkako protokolorik?

Bai, batzordeak, aurten, protokolo berria onartu du. Uste dugu irtenbidea ez dela bakarrik jendeari isuna jartzea; pentsatzen dugujendea arazoaz jabetu behar dela, eta, aldi berean, hezi behar dela.

Aurten, zezenik ez da izango. Blusen eta Nesken kuadrillak ados zaudete udalak harturiko erabakiarekin?

Kuadrilla batzuk ados daude, beste batzuk, ordea, ez. Guk udalak hartutako erabakia onartzen dugu. Ez dut uste arazorik egongo denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.