«Oso txerto onak daude, baita onak diren ez dakigunak eta erdipurdikoak ere»

Urte asko daramatza Julian Bereziartua azpeitiarrak medikuntza arloan. Azken aldian txertoen inguruan dabilen eztabaidaren harira, hitzaldia emango du gaur Donostian, 19:30ean.

Maite Alustiza.
2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Julian Bereziartua Barrenetxeak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1935) ibilbide luzea egin du medikuntza alorrean. Erretiroa hartuta badago ere, ez du alde batera utzi bizi osoan bere langintza izan dena. Bere jaioterrian kontsulta izateaz gain, hainbat komunikabidetan lanean dabil, artikuluak idazten eta irratiko kolaboratzaile modura. Horretaz gain, hizlari gisa ere ibiltzen da tarteka. Txertoen inguruko hitzaldia emango du gaur Donostian, Koldo Mitxelena Kulturunean, 19:30ean.

Txertoa, bai ala ez?

Hilabete gutxiren buruan 50 urte beteko ditut langintza honetan, eta nik, mediku gisa, ez diot inori esango ez txertatzeko. Behin mahai-inguru bat izan genuen horren inguruan. Belarzale batekin eta naturista batekin izan zen. Belarzalea isilik geratu zen galdera hori egin ziotenean; naturistak, berriz, semeei txertorik jartzen ez ziela esan zuen. Eta nik esan nion: «Ez zaie ezer gertatu, baina gertatu izan balitzaie?».

Eraginkorra al da txertatzea?

Txerto oso onak daude, baita erdipurdikoak ere, eta beste batzuk oraindik ez dakigu nolakoak diren. Medikuek ere ez dakigu hori, eta garrantzitsua litzateke horretan pausoak ematea.

Gizartea kontzientziatuta al dago?

Jendeak segurtasuna nahi du. Batzuek ikusten dute txertoa hartuta ere gaixotu egiten direla. Beste batzuk hartu gabe ez dira gaixotzen. Nik, esaterako, sei-zortzi gaixotasunen aurka txertatu naiz. Lau edo bost urte eman ditut txertoa hartu gabe; aurten, ordea, berriro hartu dut.

Txerto asko emandakoa izango zara.

Bai, batzuk eman ditut. Ezagutu behintzat ezagutzen ditut. Nik baino gehiago arreba gazteenak eman ditu. Bera pediatra da, eta txerto gehienak umeek eta gazteek hartzen dituzte. Harengandik ere ikasi dut.

Zer diozu A gripea delakoarekin gertatu zenaz?

Gauza arraroa izan zen hura. Beldur asko sortu zuten gizartean, baina azkenean ez zen ezer izan. Ematen zuen denak hilko ginela, eta, azkenean, hamarretik batek-edo bakarrik jasan zuen gaixotasuna.

Txerto asko erabili gabe geratu ziren.

Osasun arloko pertsonek egin behar zutena egin zutela pentsatzen dut. Denek galdetzen genion geure buruari zer izango ote zen A gripea, zenbateraino helduko zen. Gero, ikusiz joan ginen gauza ez zihoala gehiagora. Zorionez, gutxi hil ziren gaitz horrekin.

Ikerketa asko al dago gai horren inguruan?

Kontu bat badabil airean, espero dut egia ez izatea. Zenbaitek dio mikrobioak gordeta dauzkatela laborategi batzuetan, gerra biologikorako. Gerra batean, eskopeta edo pistola batez hil beharrean, mikrobio horiek erabiliko lirateke etsaia erasotzeko.

Zeintzuk dira gehien ematen diren txertoak?

Gripearena dago, dudarik gabe, gehien ematen diren txertoen artean. Gaixotasunari aurrea hartzeko ematen dira asko; beste batzuk, berriz, gaitzaren tratamendu gisa funtzionatzen dute. Orain, esaterako, kolera kasu larri bat daukate Haitin. Zikintasunak eragindako gaixotasuna da, eta hesteari kalte egiten dio. Oso gaizki omen dago egoera: ospitaleak bete-bete eginda daudela diote.

Nolakoa da egoera gure inguruan?

Frogatuta dago azken urteetan, Europan, jende gehiago hil dela koleraren txertoarekin gaitzarekin baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.