Datorren asteko estreinaldiak

Oso zinematografikoa den istorio erreala

Edward Snowdenen gaineko pelikula egin du Oliver Stone zuzendari beteranoak. Europan grabatu du gehiena

Segurtasun neurri handien artean egin behar izan dute filmaketa. BERRIA.
Gontzal Agote.
2016ko urriaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hiru urte besterik ez da pasatu Edward Snowdenek ezagutarazi zuenetik CIAk eta NSAk mundu guztia —etsaiak zein ustezko lagunak, susmagarriak zein herritar xeheak— zelatatzeko zuten prozedura. Hiru urte besterik ez salaketa larri horiek jakinarazi zirenetik, baina dagoeneko ahanzturan gelditzeko zorian daude Snowden bera eta haren bitartez jakin ahal izan zen guzti-guztia.

Ezkutuko aferak azalaraztearekin batera, AEBetatik ihes egin behar izan zuen Segurtasun Nazionalerako Agentziako langile ohiak. Hong Kongen izan zen lehendabizi, eta han eman zion prentsari espioitza programaren berri, The Guardian eta The Washington Post egunkariaren bitartez zabaldu zuena.

Horren ostean, Hong Kong utzi, eta babes politikoa emanen zion herrialde batera ihes egiten saiatu zen. Ekuador, Islandia edo Bolivia omen zituen lehentasunezkoak, baina hegazkina Errusiara ailegatu zenean ez zioten segitzeko baimenik eman, eta bertan gelditu behar izan zuen. Horrezkero, Errusian bizi da Snowden, oraingoz gobernu estatubatuarraren mehatxuetatik babestuta.

Filmaketa zaila

2014an Laura Poitrasek dokumental bikaina egin zuen Edward Snowdenen inguruan. Poitrasek aukera izan zuen Hong Kongeko hoteleko gelan espioi ohiarekin egoteko, eta bere kamerarekin Snowdenen aitorpenak grabatu zituen. Citizenfour da testigantza zirraragarri horren izena, eta, besteak beste, filmari esker, Poitrasek urte horretako dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen.

Orain, berriz, Oliver Stonek erreparatu dio Edward Snowdenen istorio harrigarriari. Kasu honetan, fikziotik hurbildu da, nahiz eta gertaera zeharo errealetan oinarrituta dagoen kontatu duen istorioa. CIAn sartu zenetik Snowdenen ibilbideari erreparatu dio zuzendari beteranoak, eta gertatzen ari zena salatzeko hartutako erabakiak bizimodu pertsonalean eragin dizkion kalteak dira pelikularen ardatza.

AEBetako kontu zikinak aireratzen iaioa da Stone, bere sorterriko kontzientzia kritiko moduko bat bilakatu da urteen poderioz. Horrela, Hollywoodeko industriaren barruan duen pisua baliatu izan du, estatubatuarrentzat deserosoak diren hainbat gai zinema aretoetara eramateko: Vietnamgo gerra, Kennedyren heriotza, Nixonen jukutriak, Kubarekiko eta Palestinarekiko harremanak, eta Wall Streeteko mundu iluna izan dira pelikulagai bihurtu dituenetako batzuk.

Poitrasen Citizenfour-ekin gertatu zen moduan, Stonek ere segurtasun neurri handien artean egin behar izan zuen Snowden-en filmaketa, gaia AEBetako zerbitzu sekretuentzat delikatua baita oso. Hori dela eta, filmaketaren parte handiena Europan egin zuten. Horrez gain, Edward Snowderekin berarekin egoteko aukera izan zuen zuzendariak.

'SNOWDEN'

Zuzendaria. Oliver Stone.

Aktoreak. Jospeh Gordon-Levitt, Shailene Woodley, Melissa Leo, Zachary Quinto, Tom Wilkinson.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2016

Iraupena. 134 minutu.

Generoa.Thriller-a.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.