Steffan Rundquist. Musikaria

«Ospearekin inor ez duzu atzean, dirua xurgatu nahi dizun kapitalista soilik»

1998. urtea ez du ahaztuko Rundquistek. Undrop taldearekin 'Train' abestia plazaratu, eta urtebetean 125 kontzertu eman zituen. Orain kalean jotzen du, eta ahal duen guztietan Euskal Herrira itzultzen da arnasa eta atseden hartzera.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko irailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arnasgunea. Hori da Steffan Rundquistentzat (Helsingborg, Suedia, 1965) Euskal Herria. Munduan barrena bidaiatzen du gitarra eskuan duela, eta ez da geldirik egoten. Kontzertuak eskaintzen han, eta kalean musika joz hemen. Baina atsedena hartu behar duenean garbi dauka nora joan. Lehen aldiz etorri zenetik txunditu zuen bertako elkartasun eta politikarekiko atxikimenduak, eta ordutik miresmenez hitz egiten du Euskal Herriaz ari den bakoitzean. Arrakasta ezagutu zuen 1998. urteko udan, Undrop taldeko bateria jotzaile gisa. Train abestia Pepsik Espainiarako egin zuen kanpaina baterako aukeratu zuten, eta berehala egin zen ezagun. Une honetan arnasa hartzen ari da Bilbon, eta kalean ikus daiteke musika jotzen.

Zein da musikari buruz duzun lehen oroitzapena?

Nik 15 urte nituen Suediako punk talde batean bateria jotzen hasi nintzenean, Svettens Soner. Instrumentuz aldatu, eta gitarra jotzen hasi nintzen, eta geroago anaia eta biok Londresera joan ginen diskoetxe baten bila. Suedian talde askotan jo genuen.

Ez zinen geldirik egon...

Ez, kontzertu asko eman genituen. Egia esan, bizi osoa daramat kontzertuak ematen, taldeetan parte hartzen, diskoak ateratzen, maketak kalean saltzen, furgonetarekin bidaiatzen, hainbat herrialde ezagutzen... Ez ginen sekula negozioetan oso abilak izan, eta orain hasi naiz finantzak kontrolatzen. Hala ere, Suedian ez zen sekula dirurik falta izan. 18 urte bete eta hurrengo egunean, diru laguntza eske joan nintzen gobernuarengana, laguntza asko ematen dutelako han. 16 urterekin fabriketan lanean hasi nintzen, talde askotan gitarra, baxua eta bateria jotzen nuen bitartean.

Kasik, zuk bakarrik sor dezakezu talde bat.

Bai. Ordenagailua badut, soinu txartela, mikrofonoak... Nire grabazioak nik egiten ditut, eta ekoizpen etxe propioa daukat: Steffan Records. Nire ekoizpen guztia nik egiten dut, baita marketin eta delako guztia ere. Baina ez dut dirurik irabazten, gastuak besterik ez dut. Baina kontrola daukat, lehen ez bezala.

Lehen ez zen horrela izango, Pepsirekin sinatu zenutelako.

Pepsiren laguntzarekin kapitalista handienekin egon ginen. Bete-betean ibili ginen, baina erreta amaitu nuen. Suediara itzuli nintzen lagun batekin; 61 kilo pisatzen nituen, eta xentimorik ez nuen patrikan. Platerak garbitzen hasi nintzen, eta ekonomia ikasten gau eta egun. Bira amaitu, eta ez genuen jateko ezer! Nola zen posible? Baina Undropek jarraitzen du; 2008koa da azken diskoa, eta ez dugu taldea utziko.

Nola gogoratzen duzu Train abestiaren garaia?

Sekulakoa izan zen. Kontzertu asko jo genituen, eta ospea lortu genuen. Gustatu zitzaidan. Ospea oso gauza sotila da, gozoki bat bezalakoa. Zuri buruz hitz egiten dute, eta neska piloa etortzen da zugana, lehenago kasurik egingo ez zizutenak. Baina dena engainu bat da, eta faltsua.

Nola iritsi zen Pepsi zuengana?

Gu han eta hemen jotzen genbiltzan, eta bagenuen Subterfugeko lagun bat. Haiek Warnerrentzat lan egiten dute, eta horri esker lortu genuen bilera bat. Proposamena egin ziguten, eta aurrera atera zen. Horrela izan zen. Ondoren, nekagarria izan zen, 125 kontzertu eman genituelako urtebetean. Hilabetean 29 ere eman genituen.

Erritmo hori ez da gehiegizkoa?

Bai, nik erreta amaitu nuen. Eta, gero, diruaren kontrolik ez edukitze hori... Ez genekien non zegoen, eta ordaindu gabe zeuden faktura batzuk ordaintzea tokatu zenean, dena amaitu zen. Baina ospearekin jotzea gauza ederra izan zen.

Esperientzia bat.

Bai, eta gainera egoa igotzen dizu. Ospea duzunean zure txantxek grazia daukate, lehenago ez bezala. Denborarekin, aldatzen zoaz, eta pentsatzen duzu norbait garrantzitsua zarela; hori arriskutsua da. Ez duzulako inor atzean, zure dirua xurgatu nahi duen kapitalista multzo bat baizik. Baina bazegoen jende ona ere.

Train entzutean zer etortzen zaizu burura?

Ez dut entzuten. Kalean ez dugu jotzen; aurrekoan telebistakoek elkarrizketa egin zigutenean jo genuen soilik, eurek hala eskatuta. Horrek ere lagundu digu inguruan ospe apur bat lortzen, kalean jotzetik bizi garelako, eta bertatik ateratzen dugun dirutik ordaindu behar dugu alokairua.

Nola gogoratzen duzu Undrop aurreko garaia?

Industriaren garaian, 1980ko hamarkadan, dena oso zorrotza zen Suedian. Eskolara joan lehenik, industriara gero... Ezin zenuen ezer ere egin ezarritako eskema horretatik kanpo. Gizarte osoa enpresa handien pentsutara egina zegoen. Ni skate txapeldun izan nintzen, eta ni baino zaharragoak izan ziren batzuk AEBetara joan ziren. Baina nik fabrikan lan egin nahi nuen, eta lanpostu pila izan nituen; anaiarekin alde egin nuen arte. Ingalaterrara joan ginen, etxe okupatuetan bizitzera, gero AEBetara eta, ondoren, hainbat lekutara.

Eta beti musika lagun.

Hori beti. Kalean jotzen, metroan eta, batzuetan, kontzertuak ematen.

Nola gogoratzen duzu garai hura Suediako musikaren ikuspegitik?

Suedia sekulakoa izan zen garai horretan. Herrialde bakoitzak bere gauza onak ditu, eta Suedian garai horretan entsegu lokalak debalde zeuden. Paper bat bete, eta lekua zeneukan. Nahi adina jo genezakeen. Anaia eta biok egunero zazpi-zortzi ordu musika jotzen aritzen ginen.

Suediatik atzerrira jotzea erabaki zenuten arte.

Bai. Ingalaterran, esaterako, The Shamen taldearekin aritu ginen. Urte askoan ibili ginen horrela, eta, azkenean, Euskal Herrian amaitu genuen. Lehenik, Onedropekin iritsi ginen hona. Katalunian, eta batez ere Euskal Herrian ibili ginen: Errenteria, Hernani... Herri asko ezagutu genituen.

Onedrop zena Undrop bihurtu zen arte.

Hori da. Onedropen lau suediar ginen, baina horietako bi itzuli egin ziren, eta Avilara [Espainia] joan ginen denboraldi batez. Antonio Cresporekin hasi ginen jotzen, eta berriro itzuli ginen Euskal Herrira. Hernanin [Gipuzkoa] egon ginen bizitzen, gaztetxean. Jotzeko leku bila ibiltzen ginen, eta, azkenerako, urtebete baino gehiago eman genuen han. Asko gustatu zitzaigun Euskal Herriko kontzientzia kolektiboa, jendearen parte hartzea kontzertuak antolatzeko, eta horietan sortzen zen giroa. Bizia aldatu zidan. Ni lehen hippyagoa nintzen, eta, Euskal Herrian politika hain presente egonik, ikasten hasi nintzen. Ahal dudanero itzultzen naiz, pilak kargatzera. Ez dago faxistarik, eta elkartasun erreala dago. Kalean jotzetik bizi gara gu, eta asko jo dugu. Beste leku batean itotzen ari naizela sumatzen dudanean Euskal Herrira etortzen naiz, eta sorbalda arindu egiten da muga gurutzatu bezain laster. Edozein belar zatitan etzan, eta arnasa har dezaket, zer egiten ari naizen pentsatu, zer egin nahi dudan. Hori guztia hemen dagoen elkartasunagatik: batzarren mugimendua, auzokideak, jendeak kalean ematen duen dirua... Euskal Herria uharte bat da kapitalismo ustelaren munduan.

Euskal Herrian ere denetarik aurki dezakezu, baina.

Baina enpresa baten atzean zerbait itsusia ikusten baldin badu, erantzun egiten du jendeak Euskal Herrian. Joan den neguan Alemanian egon nintzen kalean jotzen, eta ez nuen halako elkartasunik sumatu. Han beldurra ematen du kalean jotzeak, ez dakizulako faxista bat azalduko zaizun. Hemen ez. Jendea kalean dago, eta ez daukat inork edozer gauza egingo didan beldurrik. Errespetu handia dago.

Alemaniatik etorri berri zara. Zein asmo duzu orain?

30 egun falta zaizkit etxeko alokairua amaitu artean, eta gero alde zaharreko gela batera joango naiz ziurrenik. Nire plana ondoren Hegoafrikara joatea da. Han badira bertan jotzen baduzu lo egiteko aukera ematen dizuten hotelak. Anaia Soweton jotzen aritu zen duela hamar bat urte, eta itzela omen da. Joan nahi dut, eta ea zer sortzen den. Baina itzuliko naiz, arnasa hartzeko lekua delako niretzat Euskal Herria.

Zure abestiak sortzen jarraitzen duzu bitartean.

Blog bat sortzen ari naiz nire abestiak biltzeko, han eta hemen daudelako sakabanatuta. Nire abestietan maitasunari eta bidegabekeriei buruz hitz egiten dut. Izan ere, dirua lurra, pertsonak edo animaliak esplotatzen irabazten da. Kapitalismoaren barruan ia ezinezkoa da esplotaziorik gabe bizitzea. Kontzertu bat joko badut, eta abesti bat jo, sufrimendurik badago tarte horretan? Ez. Irabazi-irabazi tratu bat da; beraz, nik hori egin nahi dut. Hau da, irabazi, baina inori sufrimendurik eragin gabe. Nik nire ereduarekin asko egin dezaket. Horregatik saiatzen ari naiz ni nire gauzak egiten. Nire musika egiten ari naiz, eta ez dut Heineken jartzen duen agertoki batean jo nahi.

Zergatik ez duzu nahi?

Ez dut alkoholik edaten, droga basatia delako. Droga horien kontra nago erabat, gizartearen droga bat direlako. Alkoholaren eta tabakoaren atzean, dirua irabazten duen jendea dago, eta zergatik jo behar dut halako agertoki batean? Irabazi-irabazi produktu bat baldin badu iragarle gisa, orduan bai, joko nuke. Baina alkohola eta tabakoa nire etsaiak dira, eta ez zait batere gustatzen gazteak supermerkatuan sartzen ikusi eta pareta oso bat alkoholarekin dutela ikustea. Alkoholaren eraginez jendea nola izorratu den ikusi dut, eta horregatik ez dut edaten, edan izan dudan arren, eta parrandak egin ditudan arren. Baina ni orain naizen pertsonak ez du hori nahi, eta bizitzaren gidaritza neronek hartzea nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.