Leku anitzetan lan egin du sortzez ezpeletarra den ostalerrak, baina oraingo honetan da hobekien. Sandrine arrebarekin hartua du berriz ostatua. Baiona Ttipiaz kasik «maitemindua» dela dio. Bestak, ordea, lanaren ikuspegitik bizi ditu, hamar langileko taldea osaturik.
Nolakoak dira bestak ostatuaren bestaldetik?
Bestak hasi aitzin, alimaleko estresa bizi dugu. Ez dira hutsegin behar. Beti badituzu aldatzen diren modak. Azkenaldian, adibidez, Get Perrier anitz edaten da. Lehen ez zen batere edaten. Beti beldur zara zerbait ahantziko duzula, garagardo iturriak ez duela funtzionatuko, edo beste... Behin bestak hasi eta, errazagoa da. Segur, guretzat ez da besta. Lana dugu, gainezka gaude.
Estresa, lana... Badira alde onak?
Nik biziki gustukoak ditut besten hasierak. Lekuko jende anitz bada. Urte osoan zure bezeroak direnak ikusten dituzu hor, orduak pasatzen zure etxean. Harrera ona daukatelako izan daiteke. Ikusten dituzu dantzatzen, kantatzen, irriz. Plazer egiten du ikustea beren burua askatzen eta gustura jolasten.
Aurtengo aldaketa nagusia Baso Berria da, behin baino gehiagotan erabil daitekeena, ostatu guztietan banatzen dena; zer ondorio ekarri dizue horrek?
Beldurtu gara, baina mementoko ondorio txarrik ez digu ekarri. Biziki ontsa iragaten ari da. Herritarrek ongi onartzen dute. Jakinez, bereziki lekukoak direla bildu besta hasiera hauetan, eta horiek usaia badute. Atzo, berriz, (ostiralean) turista batzuk etorri zitzaizkigun, eta ez zuten ulertzen. Gero, horrek lan gehiago ekartzen digu, baina teknikak egokitu ditugu.Onartu beharra dugu orobat karrika anitzez garbiago dela horrela.
Basoak handiak dira, alkohol lasterra hartzean, dosia txikia dela agerian gelditzen da...
Ttipia gelditzen da, bai. Baina kontua da gutxiago kontsumitzen dela. Lehen baso bat baino gehiago izaten ahal zenituen zurekin. Zure basoa, eta beste batek eskaini berria... Aldiz, orain, zure Baso Berria betea baduzu, lagunak ez dizu hain errazki eskainiko trago bat, horrek erran nahi baitu Baso Berri bat gehiago erostea.
Zuen ostatua anitz aipatu da Aurore Martinen atxilotzearen huts egite egunean, ostatuan bildu ziren trumilka hor zen Martin babestera...
Atxiloketa mementoan ostatuan nintzen. Batasuneko kide bat pasatu zen, oihuka, atxilotzen ari zirela. Eta nik, instintiboki segitu nuen. Eta, justuki, France3 telebista kateko kazetari batekin nintzen Baso Berriaz mintzatzen, eta kamerarekin segitzeko erran nien.
Baiona Ttipia ezagutzen ez dutenek ez dute baitezpada ulertu hainbeste auzo eta lagun bat-batean bildu izana Martinen etxean, ez dena Ttipian, baina bai hurbil...
Ttipiaren berezitasuna da hori. Hiriaren antolaketak egin du bi minutuz denak hor izatea. Denak bata bestearen ondoan dira. Lekuko prentsa, Batasuna eta besteen bulegoak ere ez dira urrun. SMS eta horiekin, biziki laster zabaldu da informazioa. Eta ostatuetako bezeroak, lekukoak direnak, denak euroaginduaren aurka dira, gainera. Denek segitu dugu, denek ulertu dugu zer zegoen hor jokoan. Hemengoa zirelarik inplikatua sentitzen zara. Eta hori, segur, poliziak ez zuen aurreikusi.
Nola bizi izan duzu memento hori?
Hasteko, nik Aurore Martin ezagutzen dut. Eta egoera horretan ikustea, biziki kezkagarria egin zitzaidan. Eta, beraz, naturalki, pentsatu gabe joan nintzen. Eta ikusi nuenean han, eskaileretan, taula bat balitz bezala hartua... horrek asaldatu ninduen. Gero, kate bat osatu genuen San Andres plazaraino. Egia da orobat urte osoan jada hemen elkarretaratzeak-eta egiten direla. Eta abertzale gazteak urte osoan hemen ditugu, ostatuan. Eta, beraz, nire ustez, naturalki bertan bildu dira denak. Eta Aurore ezagutzen dudanez, ba, normal, ostatura sartu zen, bere burua babesteko. Eta horra etorri zen prentsa.
Denek ez zuten hori eginen...
Ez dakit. Gauzak biziki naturalki egin ziren. Gure aitzin ere, ostatu honetan militanteak elkartzen ziren. Betidanik hitza inportanta izan da hemen. Guk ere, arrebarekin, horrela funtzionatzen genuen. Guztiek daukate beren ideiak adierazteko lekua hemen. Gu horretan handitu gara. Ostatu batean non milaka ideia trukatzen baitira. Militantismo, edo beste. Eta ostatu honek, gainera, istorio bat dauka.
Baionako bestak. Potreta. Xina Dulong. Pyrenees ostatukoa
«Ostatu bat non milaka ideia trukatzen baitira; gu horretan gara»
Baiona Ttipiko San Andres plazari begira jarria den ostatuaren gibeletik bizi ditu bestak azken lau urte hauetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu