Plaza giro

Ostiralero dolu eginez

Hezkuntzako murrizketak salatzeko, irakasleak beltzez jantzita joaten hasi dira zenbait ikastetxetan. Horietako bat da Zarauzko Orokieta herri eskola.

Zarauzko Orokieta herri eskolako hainbat irakasle beltzez jantzita, hezkuntzako murrizketen aurka. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Zarautz
2013ko otsailaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haurrek egindako marrazkiz josita daude Zarauzko Orokieta ikastetxeko ikasgelak.Kolore bizikoak eta argiak dira guztiak. Alaiak. Azkenaldian, ostiralek gehiago dute ilunetik, ordea; irakasle guztiak goitik behera beltzez jantzita joaten baitira eskolak ematera. Dolu egiten dute. Hezkuntzako murrizketak salatzeko, ostiral beltzak antolatu dituzte.

«Azken urteotan jasandako murrizketekin hezkuntzaren kalitatea arriskuan dagoela ikusten dugu», azaldu du Saioa Landa Zarauzko Orokietako herri eskolako ikasketa buruak. Kezka hori gizarteratzeko, Euskal Herriko txoko askotako ikastetxetan hasi dira gisa horretako egunak antolatzen —zenbait lekutan, ostegunetan—, EILAS sindikatuaren babesarekin. Egitasmoak ez du jatorri jakinik, baina hezkuntzakoek ez ezik, Osakidetzako eta Eusko Jaurlaritzako zenbait langilek ere bat egin dute.

«Helburu txikiekin hasi behar genuela pentsatu genuen, eta beste leku batzuetan egiten zela ikusita, ideia ona iruditu zitzaigun», dio Haika Altzibar Orokieta ikastetxeko irakasleak. Beltzez janzteaz gain, ostiralero pankartak jartzen dituzte eskolaren atarian. Inauterietan beltzez mozorrotu ziren, murrizketen aurkako leloak soinean zituztela.

«Atzerapauso izugarria»

«Murrizketei buruzkoak entzuten direnean, jende askok soldatak jaisten direla bakarrik pentsatzen du», esan du Iñaki Cia irakasleak. Arazoaren muina zabalagoa da, ordea. Aurten, Eskola Publikoan 7.000 ikasle gehiago dira, baina150 irakasle gutxiago daude. Ikasgeletako ratioen igoerarekin gelan 30 ikasle ere izan ditzaketela kexatu dira. «Lan prestakuntzarako orduak gutxitu zaizkigu, eta ordezkapenak laugarren egunetik aurrera egiten ditugu Lehen Hezkuntzan», dio Iñaki Aranberri irakasleak. Hamabost egunera luzatu nahi dute tarte hori.

LOMCE Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Espainiako Lege Organikoaren aurreproiektua ere gogor salatu dute irakasle gelan bilduta dauden langileek. Kritiken zerrendak ez du etenik. Haserre ageri dira. «Lege politiko bat da, inongo adostasunik lortzen saiatu gabe egin dutena», adierazi du Landak. Euskarazko hezkuntza sistemari kalte egiteaz gain ikuspegi zentralista bat duela diote.

LOMCEk hezkuntzan azkenengo30 urteotan lortutakoa hankaz gora jartzen duela uste du Altzibarrek. Azterketei garrantzi handiagoa emango zaiela esan du, eta haur bakoitzaren aurrerapenari ez zaiola hainbeste begiratuko. Heziketa bereziari laguntzak murriztuta, arazoak dituzten ikasleek ez dute behar bezalako arretarik izango. «Hezkuntza elitista bat bultzatu nahi dute».

Horrez gain, ikastetxeen autonomia asko gutxituko da, eta arte hezkuntzari kolpea emango zaio. Europako emaitzekin alderatuta Espainia atzean dagoela izan da legea onartzeko arrazoia. «Baina Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan Europako batez bestekotik gora gaude». Neurri hauekin guztiekin hezkuntzaren kalitatea «okertu» egingo dela pentsatzen dute irakasleek.

Ostiral beltzen arrakasta ikusita, baliteke gurasoak eta ikasleak beltzez jantzita joatera animatzea hemendik gutxira. Bazkaltzeko txirrinak jo du. Txikienak jangelara bidean dauden bitartean, helduagoak jolastokira atera dira. «Gure lan eskubideen alde ez ezik, guztion seme-alaben alde ari gara borrokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.