Nekane Lasarte. Soprano eta margolaria

«Otoitz egitetik eta zerutik ez zitzaidan salbaziorik etorri»

Arrakastaz eta kontzertuz beteriko ibilbidea egin zuen Nekane Lasartek Errenazimentuko eta aro barrokoko musikako kantari gisa. Baina sasoi luzeak egin ditu infernuan. Badu zer irakatsi bizirik eta alai irautearen arteaz.

Nekane Lasarte, bere etxeko estudioan. Baionako Kalostrapen jarri du erakusketa. Ezkerrean, disko baten azalerako eginiko argazkian, gaztetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Milaka kontzertu eman zituen Nekane Lasarte sopranoak (Errenteria, Gipuzkoa, 1929) 1949. urtetik aurrera, Europako hainbat herrialdetan. Eresmin abesbatza sortu eta zuzendu zuen gero. Kantatzea eta margotzea izan ditu helduleku, bizitzaren unerik gogorrenetan aurrera egiteko. Baionako Kalostrapen erakusketa bat du jarria ekainaren 3ra arte. Hurrengoa Ondarroan (Bizkaia) paratuko du.

Musika egiten eta margotzen gaztetatik... Baina zu ez zara etxekoneko artistanahi horietako bat, ezta?

Ondo bizi ginen gerra aurretik, baina bi gurasoei heriotza zigorra ezarri zieten gerraostean. EAJkoak ziren, oso konprometituak.Amak ihes egin behar izan zuen bi neskekin. Aita preso hartu, eta Oviedora [Espainia] eraman zuten preso. Egunero bi preso hiltzen zituzten, deituraren arabera, alfabetikoki. Tortura psikologiko ikaragarria zen. L-aren txanda zenean, gau osoa pasatzen zuen belauniko otoitzean; sinesmen handikoa zen. Amak lortu zuen aita ateratzea, azkenean, oso gaixo. Amak gau eta egun egin behar izan zuen lo botikak lortzeko. Gurasoek zuten etxean Falangekoak jarri ziren. Gose handia pasatu genuen.

Nola lortu zenuen musika ikastea?

Errenteriako Hijas de la Cruz eskolan ikasi nuen, mojekin. Han, bi neska mota zeuden: uniformedunak, eta gu, pobreak, uniformerik gabe, eta zapatan zuloa. Ez zituzten bi neska motak nahastu nahi, baina ni kantuan nabarmendu nintzen, eta koruan sartu ninduten. Ikasturte amaiera batean, gainera, bakarlari jarri ninduten, agintari batzuen aurrean.

Neska uniformedunek ez zuten ondo hartuko, bada.

Bizitza osoan pairatu dut bekaizkeria. Kantari nintzenean, non-nahi ateratzen zitzaizkidan etsaiak, emakumeak normalean. Orain, margolari gisa ere, baditut arerioak.

Etorki abesbatzarekin Parisera joan zinen 1954. urtean. Nola aurkitu zintuzten Etorkikoek?

Gutxi abestu nuen 15 urtetik 22ra, margotzen eta marrazten ikasi nuelako Arte eta Lanbide eskolan eta Vicente Cobreros Urangarekin. Utzi nuen hori Estela Maris abesbatzan sartu nintzenean. Etorkiko Filipe Oihanburu ibili zen hemen, bakarlari bila. Haiekin aritu nintzen, gizonezkoen abesbatzarekin, mistoarekin eta bakarrik, a capella. Izugarria zen, neu bakarrik teloiaren aurrean. Arrakasta, horretan, batez ere Alemanian izan nuen.

Parisera joan zinen 1954. urtean, eta han geratzea erabaki zenuen. Ihes egiteko modu bat izan zen?

Garai hartan oso zaila zen 25 urterekin ihes egitea amarenetik. Amarentzat izugarrizko disgustua izan zen ni Parisen gelditzea. Baina nik ahotsarekin karrera egiteko asmoa nuen. Ikasteko grina handia nuen, denetatik ikasteko. Nina Polonska italiarrarekin trebatzen ari nintzen. Haren alaba Elena Polonska harpistaren bidez ezagutu nuen. Ninarekin ikasi nuen teknika, modu zoragarrian. Josten amarekin ikasi nuen, eta, eskolak ordaintzeko, josi egiten nuen. Handik bi urtera, frantses batekin ezkondu nintzen. Baina senarrak anaia bikia zuen.

Anaia bikia... Eta?

Bada, badirudi biekin ezkondu nintzela. Batekin oheratu, baina biekin ezkondu [barre egiten du]. Igandero elkarrekin. Lanetik atera, eta ezin zuen bere etxera joan anaia gurean ikusi gabe. Ezkonbidaiara ere hirurok joan ginen!Burtsan egiten zuen lan senarrak. Zaila da burtsagintza artista bizimoduarekin ezkontzea. Haren ama ere oso gogorra zen nirekin. Ez zuen gustuko ni abeslaria izatea. Zortzi urtez eutsi nion, baina, azkenean, dibortzioa eskatu nion.

Lehen ere esan izan duzu kanpotik beti alai eta kantari ibili zarela, barrutik pena izan arren. Orduan ere bai?

Bai. Herriz herri ibiltzen ginen autobusean, Nadia Sauvageren La Petite Compagnie du Grand Sièclerekin biran. Ni beti kantari, eta, ikusten banuen mutil eder bat, esaten nuen: «Begira zelako mutil puska!». Denek uste zuten kaskarina nintzela. Baina, zera! Nik beti edertasuna maite izan dut, gizonengan, emakumezkoengan, adinekoengan, umeengan eta animaliengan. Maite ditut koloreak. Bihozbera naiz. Beti egon naiz prest besteekin fidatzeko. Gure amak horrela erakutsi zigun: lehenengo besteak dira, gero zeu. Gero ulertu dut hori muturrera eramatea ez dela ona. Norbera defendatzen ez bada, galduta dago.

Kontzertu asko eman zenituen garai hartan: 1965. urterako, 1.700 inguru. Melungo [Frantzia] espetxean abestu zenuen 1962an. Zigor luzeak dituztenentzako presondegia da. Zer moduzko kontzertua izan zen?

Melunen La Petite Compagnie du Grand Siècle taldearekin abestu nuen. Espetxean soineko luzea lisatu zidanak 25 urteko zigorra zuen, emaztea hiltzeagatik, eta 17 urte zeramatzan preso. Elena Polonskak jo zuen harpa. Larri ibili nintzen une batean, presoak agertokira igotzen saiatu zirelako.Noski, haientzat gozoki bat nintzen. Orduan 41 urte nituen, baina, beti bezala, hamar urte gazteago ematen nuen.

Egia da zure emanaldietako errepertorioaren erdia beti euskaraz izatea exijitzen zenuela?

Beti. Noski. Erdi Aroko kantak egiten nituen Elena Polonskarekin. Baina, gero, Errenazimentuko kantak abesten nituen, eta hor sartzen nituen Gaztetasunak eta halakoak, garaikoak balira bezala. Garatek Marie Antoinetten jauregian kantatzen zituenak abesten nituen, Xarmagarri bat badüt eta horiek. Sauvage zuzendaria kexatu egin zitzaidan behin, horiek ez zirela kanta frantsesak. «A, ez?», esan nion. «Lapurdikoak dira, Zuberoakoak. Zuek ez al duzue esaten, bada, hori Frantzia dela?». Ezin izan zituen kendu. Halaxe defendatu ditut nik euskal kantak Frantzian.

Emakume dibortziatu gisa, Francoren menpeko Donostiara itzultzea erabaki zenuen. Zergatik?

Dibortziatu ondoren, oso zaila egin zitzaidan Parisen bizitzen jarraitzea. Amarentzat tragedia izan zen ni dibortziatzea. Moda dendatxo bat jartzea erabaki nuen, goi mailako jostuna nintzelako. Parisko Auzo Latinoko estiloko denda bat izango zen: txikia, paretak zakuekin forraturik eta soinekoak sabaitik zintzilik... Ezberdina; hemen ez zegoen halakorik. Alde Zaharrean jarri nuen, Abuztuaren 31 kalean. Adarra jotzen zidaten: «Tú, entre La Cepa y La Viña» [kale horretako bi taberna dira]. Jose Mari Unsain dekoratzaile handiak lagundu zidan. Oso polita zegoen muntatuta: turista ingelesek uste zuten dekorazio denda bat zela. Oso ondo hasi nintzen, baina...

Modernoegia Donostiarako?

Uste dut inoiz ez dudala neure burua behar zen neurrian baloratu. Prezio merkeegiak jarri nituen. Beste dendetan %150-200 kargatzen zuten, eta neuk, %45. Oso gutxi da. Halako bost bat denda ginen, eta haserre sumatu nituen besteak. Ulertzen dut. Horrela ibili nintzen bolada batez, eta, orduan, andaluziar bat ezagutu nuen, saltzailea. Itxura zoragarria zeukan, eta ezkongabea zen. Badakizu, mingaina trebea zuen konkistatzeko... eta sosik ez. Dendan kolokatu nuen, gu laguntzeko. Lagundu bai... kutxa husten. Kontabilitatearen ardura eman nion. Haren eskuetan jarri nuen dendako kutxa.

Denda baino gehiago kendu zizun, ordea.

Niri tratu txarrak ematen hasi zen, gero eta handiagoak. Tratu txar psikologikoekin hasten dira, eta gero lotsa duzu jotzen zaituztela esateko. Zeure baitan sartzen zara gero eta barrenerago. Ez nion inori ezer esan 15 urtez. Banekien lagun bati kontatuz gero ahizpari esango ziola eta ahizpa ez zela isilik egongo. Amari kontatuz gero, adios! Bonbardaketa. Hondoratuta zaudenean, ura bururaino heltzen zaizunean, utzi egiten zara, edo burua altxatzen duzu. Borondatea izan nuen altxatzeko. Ihes egin nuen amaren etxera.

Orain ere askori halako egoera batetik ateratzea kostatzen bazaio, askoz gogorragoa izango zen orduan, ezta?

Salatzeko ere beldurrez. Egunkarietan ez zen gaia asko agertzen. Jendeak kontatzen zuen emakume bat poliziarengana salatzera joan eta «merezi izango zenuen» esaten ziotela, edo proposamen lizunak egiten zizkietela. Garai gogorra izan zen, baina ez niretzat bakarrik. Familiaren arabera, ezkutatzen da edo ez. Emakume aberatsa beste etxera joaten da, edo oporretan... Pobrea bazara, dena ikusten da.

Denda izateak ez zizun lagundu?

Bezero askok, dendan gizon horrekin ikusi nindutenean, etortzeari utzi zioten. Banituen, edonola ere, bezero asko, Eibartik [Gipuzkoa] Hendaiaraino [Lapurdi], eta zortzi bat langile dendarentzat lanean. Baina ez nuen dirurik ikusten. Eskerrak diruaren zati bat etxebizitza bat ordaintzeko apartatu nuela. Horri esker, etxebizitza erdi baterako atera nuen epaiketan. Gogorra izan zen. Ematen nituen kontzertuengatik ordaindu egiten zidaten, baina gutxi, eta gizarte segurantzarik ez. Bizitzeko adina bai, baina errenta bat ordaintzeko ez.

Bizirik irauteari ekin zenion berriz, amak gerraostean bezala?

Bai. Normala zen egunero 13 ordu egitea josten. Batzuetan, gauak ere bai. Jaiegun eta oporrik ez. Horrela urte batzuetan, aurrera atera arte. Lortu nuenean, kantu eskolak ematen hasi nintzen. Eta hortik abesbatza antolatzeari ekin nion.

Eresmin abesbatza sortu zenuen 1994. urtean. Zergatik Erdi Aroko musika, zeu musika barrokoan eta Errenazimentukoan aditua bazinen?

Errazagoa delako jende gutxirekin egiteko. Barrokoa egiteko, tresnak behar dira. Errenazimentukoa egiteko, goi mailako polifonian sartzen zara, eta, horretarako, ikasleek astean gutxienez hiru egunez entseatu behar dute. Gero hasi nintzen Errenazimentukoak sartzen, italiarrak, alaiak, errazagoak.

«Enfasi handiko abeslariak» gorroto dituzula esan ohi duzu. Zergatik?

Hemengo eskola hori zen. Handinahia, harroa... Eta gero, kontzertuan, denak abeslariak do emango ote duen zain. Eta ez baduzu ematen, kontzertuak ez du ezer balio.

Hemen baino arrakasta handiagoa izan zenuten Alemanian eta Ameriketako Estatu Batuetan bigarren diskoarekin: Laudario Cortonese. Horrek zer adierazten du hemengo musika giroaz?

Nazioarteko kritikariek goraipatu egin zuten diskoaren muntaketa. Baina ez zela saltzen esan zidaten Madrilen. Zeinek ordainduko dit niri hori? Alokabiden 15 urtez egon naiz zain pisu merkeago bat lortzeko. Aurrezturiko guztia gastatzen... Hori da nire egoera.

Esaerak dioen bezala: tristea da artistaren bizitza?

Artistaren bizitza, tristea diru aldetik, baina oso aberatsa barrutik. Eta horrek salbatzen gaitu.

Horren adibide argia zara zu? Adierazteko bideak edukitzeak salbatu zaitu?

Beti. Hamabost urtez jasan nuen jasan nuena, tarteka kontzertuak nituelako. Hori ere galarazi nahi izan zidanean altxatu nuen burua. Besteen txaloak, horrek ematen zidan indarra. Badakigu jendeak zer esaten duen: «Neuk aspaldi emana nion ostikoa leku horretan». Hori ez da horrela. Sufritu ez duenak ez daki zer den hori. Emakume asko barrutik hondoratura geratzen dira azkenean. Hilko zaituen beldur zara. Nik gero jakin nuen labanarekin ibiltzen zela. Hezurretaraino duzu beldurra. Etxean sartzen denean, dardarka hasten zara. Otoitz egiten duzu, etengabe. Baina neuri otoitz egitetik eta zerutik ez zitzaidan salbaziorik etorri. Neronek hartu behar izan nuen.

Amaren izaera sendoa eredu?

Lehengusu bat, baserritik etorri, eta nire amarekin estropadak ikustera joan zen Kontxara. Euskaraz ari ziren, eta bi polizia atzetik: «Hablen en cristiano». Eta neure amak —ordurako gogortuta zegoen, nonbait—erantzun: «Estoy hablando en cristiano / con alguien que no sabe castellano». Tori. Bertsotan, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.