Normalean elikadura ohiturei buruz ari garenean, elikagaien piramideari eta horrekin loturiko janari taldeen maiztasun eta kantitateei buruz aritzen gara. Informazio hori ezinbestekoa da behar bezala elikatu ahal izateko. Baina hori bezain garrantzitsua da familiarekin edo gertuko ditugun pertsonekin otorduak egitea. Gero eta ikerketa gehiagok erakusten dute otorduak familiakoekin egitea onuragarria dela osasunarentzat. Gainera, garrantzitsua izan daiteke zenbait jokabide kaltegarri saihesteko (elikadura nahasteak, tabakismoa, alkoholismoa, droga menpekotasuna…).
Otorduek askotarikoak eta ordenatuak izan behar dute (betiere janari maiztasun eta gutxi gorabeherako kantitateak errespetatuz) janari motari eta prestatzeko moduari dagokienez. Hemen gutxi batzuk besterik ez ditut aipatuko. Barazki mota ugari daude, hamaika modutara presta daitezke eta garrantzizkoa da pixkanaka beste zapore batzuetara ohitzen joatea (haurraren adina ere kontuan izan horretarako): ilarra eta baba freskoa patatekin; lekak tomate saltsa eta arrautza egosiarekin; ziazerbak ganbekin; brokolia bexamelarekin; orburuak urdaiazpiko puskekin; milaka entsalada askotariko osagaiekin, eta abar. Berdin arroza eta pastarekin: arroza fruitu lehorrekin edo haragi egosiarekin; pasta pistoarekin edo izokinarekin; barazki kaneloiak... Beste horrenbeste lekaleekin, haragiekin eta arrainekin: babarrun zuriak muxilekin; garbantzuak entsaladan, azarekin edo kuskusarekin; oilaskoa saltsan, errea edo laranja erara; xerra plantxan edo arrautzeztatua barazki hornigaiekin; txitxarroa labean; hegaluzea tomatearekin; oilarra frijitua... Fruta postreetan: fruten mazedonia; marrubi, anana, nektarinak... jogurtarekin; zituekin betetako mertxikak; sagar pure edo konpotak, eta abar. Imajinazioa erabiliz eta elikadurari denbora apur bat eskainiz otordu goxo, dibertigarri, askotariko eta ezberdinak egin daitezke.
Horrekin batera, garrantzitsua da jakitea egunero lauzpabost otordu izan behar direla modu ordenatuan, ahal den neurrian ordutegia errespetatuz.
Hortik abiatuta, mahaian elkarrekin patxadan eseri eta otorduak erakargarriagoak egiteko aholku batzuk:
• Ordua ipini egunean behin gutxienez elkarrekin otordu bat egiteko.
•40 minutuz gutxi gorabehera, telebista/irrati/telefono/ordenagailua... itzali. Elkarrekin egoteko unea da, eta horri eman behar zaio balioa.
•Errespetuzko elkarrizketa atsegina eta positiboa sortzen saiatu: utzi gai zailak eta desatseginak beste une batzuetarako.
•Saihestu gure gorputzarekin pozik ez gaudelako komentarioak. «Honek gizentzen du, beste honek ez…» gisako esaldiak saihestu. Janari guztiak dira beharrezkoak bere neurrian.
Gurasoak imitatuz
Elkarrekin bazkaltzea nutrizio heziketarako garrantzitsua da, imitazioa errazten duelako. Haur eta nerabeek imitatu egiten dituzte gurasoek elikaduraren inguruan dituzten jarrera eta jokabideak. Haien eredu garenez, ardura eta erronka polita dugu esku artean. Garrantzitsuagoa izango da gure elikadurarekiko jarrera zabala eta osasuntsua izatea, denetik jatea; batez ere, fruta eta barazkiak egunero sartzea… Kantitateak ere neurriz erabili behar dira, ez gehiegi, ezta gutxiegi ere. Oreka praktikatu eta bultzatu behar da.
Horrekin, lehen esan dugun bezala, nerabezaro eta heldutasunean ager daitezkeen jokabide kaltegarriak saihesteko aukera areagotzen dugu.
Oporretan, haiek sukaldari
Ikusi dugunez, otorduak familian modu egokian egiteak elikadura ohitura osasuntsuak ikasteko eta barneratzeko aukera ematen du, eta oro har osasuna bultzatzekoa. Hilabete barru haurrak udako oporretan egongo dira. Hainbat nerabek are lehenago hartuko dituzte oporrak. Oporraldiko erlaxazioak elkarrekin otordu gehiago egiteko parada eman dezake. Une lasaiagoa denez, zergatik ez eman etxeko txiki eta gazteei sukaldaritza osasuntsuan trebatzen hasteko aukera? Hona hemen lagungarri izan daitezkeen liburu batzuk: Pirritx eta Porrotx sukaldean (Elkar-Katxiporreta); Urtaroak (Elkar argitaletxearen lau liburu dira, besteak beste urtaro bakoitzerako errezeta goxoak dituztenak); Amaia Diaz de Monasteriogurenen Handitzen, handitzen, Ttarttalo eta BERRIAk argitaratua; Ttarttalok inoiz sukaldean aritu ez direnentzat laster argitaratuko duen nire errezeta erraz eta osasuntsuen liburua, eta abar. Aprobetxatu eta gozatu aukera.
Osasuna. Elikadura
Otorduak, familian
Otorduak familian egiteak onurak ekartzen ditu, ikerketa askok erakutsi dutenez. Hainbat jokabide kaltegarri saihesten lagun dezake, hala nola tabakismoa, alkoholismoa eta elikadura nahasteak. Haurrek elikadura ohitura egokiak barneratzeko ere balio dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu