Gargantua bakarra egon beharko litzateke». Hontzak konpartsako Galder Antonek Arriaga plazara bueltatu berri den tripontzia aldarrikatu zuen atzo. Txikigunea utzi du aurten, eta, han, zaharra ordezkatzeko, modernoago bat jarri dute; «akatsa», Antonen iritziz. Halere, tradizionalak zale asko erakarri ditu.
Zeru goibelak ez ditu umeak kikildu, eta trumilka heldu dira Arriagara, atertu eta berehala. Aldameneko erraldoien eta buruhandien desfileko txistulariek Gargantuaren sarraskia girotu dute, ezinbestean. Umeek arrapaladan igo dituzte tripazainaren ahora daramatzaten eskailerak, eta, gurasoen kameren aurrean posatu ondoren, berehala bota dute euren burua erraldoiaren ahutzetara. Halakorik egiteko ausardiarik ez dutenak plazako eskaileretan daude, misterioari so. Gehienak erraldoiaren ahoari begira daude, baina irteerako zuloak ere bildu ditu hainbat kurioso. Emakume batek besoetan hartuta eraman du semea beste aldera. «Goazen ikustera nondik irteten diren!».
Gehienak ilaran daude, halere. Lerroak Arriaga antzokiko plaza zeharkatzen du, eta askori zail suertatu zaie itxaronaldiari eustea. Haietako bi, konpartsek eskaintzen dizkieten ekintza guztietan parte hartzeko gogoekin, errenkadatik irten dira, erraldoien eta buruhandien atzetik joateko asmoz. Baina, plazako eskailerak igotzen ari zirela, bere txandaren zain zintzo zegoen arreba nagusiak abisua bota die: «Joaten bazarete, ezingo zarete ilarara bueltatu».
Itxaronaldiak merezi izan die, haien guztien lilura aurpegiei erreparatuta, bederen. Gargantuaren erraietatik atera berri den neskatoari pozik al zegoen galdetu dio amak, eta neskak, irribarretsu, baiezko irmoa eman dio.
Oturuntza hornitua
Bilboko Gargantua historikoki umeen zain egon izan den tokira itzuli da: Arriaga plazara. Aldaketak ez ditu haurrak despistatu, nahiz eta Txikigunean beste bat egon: askok izan dute haren ahoan sartzeko adorea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu