Otxoa de Olzaren erreskate saioa bildu dute liburu batean

Jorge Nagore kazetari eta Otxoa de Olzaren lagunak idatzi du egun haietako kontaketa 'Los catorce de Iñaki' lanean

Daniel Otxoa de Olza eta Jorge Nagore, atzoko aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Annapurna mendiaren hego aurpegian ia astebete egin zuen, hil edo bizi, Iñaki Otxoa de Olzak, 2008ko maiatzean. Mendizalea ataka gaiztotik bizirik ateratzeko aurrekaririk gabeko erreskate saioa antolatu zuten egun haietan, eta asko izan ziren deiari elkartasun keinuz erantzun eta ahalegin horretan parte hartu zuten mendizaleak. Zaila zen erreskatea, ezinezkoa ia, eta mendizalearen gorpua Annapurnaren besoetan geratu zen, betiko.

Inor gutxi utzi zuen hotzepel gertaerak. Teknologia berrien bilakaerak bazterrik ezkutu eta urrunenean gertatzen direnak ere bertatik bertara etxetik jarraitzeko modua eskaintzen dute egun, eta Iñaki Otxoa de Olzaren ezbeharrak zirrara eragin zuen ezagutzen zuten nahiz ez zutenengan.

Egun haietan bizitakoak liburu batean bildu ditu orain Jorge Nagore kazetari eta Otxoa de Olzaren adiskideak. Nagorek bertatik bertara jarraitu zituen mendizalea erreskatatzeko Iruñetik egin ziren koordinazio lanak, eta horien kontakizuna egin du Los catorce de Iñaki lanean. Atzo aurkeztu zuten liburua, Iruñeko Muga liburudendan, eta idazlearekin batera Daniel Otxoa de Olza, Iñakiren anaia gazteena, izan zen ekitaldian.

Liburua idaztea zaila egin zaio Nagoreri. «Inork idatzi nahi ez lukeen liburua da, eta are gutxiago lagun batek idatzi nahi lukeena. Baina Iñakiren eta hura erreskatatzen saiatu ziren guztien omenez idatzi behar nuela uste dut», azaldu zuen Nagorek Los catorce de Iñaki liburua idaztearen zergatia. Finean, gertaera tragikoa izanagatik, elkartasun baloreak ditu oinarrian kontakizunak. «Istorioa hunkigarria da, eta gutako bakoitzak ulertu nahi dituen mezuak ditu bere barnean. Protagonista eta ikuspegi asko ditu gertaerak, baina modu ulerterrazean idazten saiatu naiz», jarraitu zuen.

Daniel Otxoa de Olzak familia osoaren esker onak adierazi zizkion Nagoreri, «egin beharreko lan bat egin izanagatik eta idazterakoan erakutsi duen errespetu eta profesionaltasunagatik». Liburuak ematen dituen etekin eta irabaziak Iñaki Otxoa de Olzaren omenez sortutako SOS Himalaya fundazioa laguntzera bideratuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.