Azken urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Gaztemundu programaren bidez, euskal etxeetako gazteak etorri dira bisitan. Argentina, Txile eta Amerikako Estatu Batuetako diasporako gazteek Gasteizen hartu dute egoitza, eta, bertatik, Euskal Herriko hainbat txoko ari dira bisitatzen. Gainera, trikitia, alboka, txistua, txalaparta eta panderoa sakonago ezagutzen ari dira.
Programaren arduradun Eneko Espino gasteiztarrak azaldutakoaren arabera, aurten, lehen aldiz, parte hartzaileak aukeratzeko garaian ikuspegi musikala lehenetsi da. «Beste urte batzuetan, jendea musikaz baino gehiago, jaiaz eta egonaldiaz gozatzera etortzen zen», argudiatu du. Horrela, goizetan, Gasteizko Musika etxean, musika eta dantza ikastaroak jasotzen dituzte, eta, arratsaldeetan, irteerak egiten dituzte. Donostiako estropadetan izan dira, adibidez, Gasteizko Alde Zaharra ezagutu dute eta Iñigo Urkullu lehendakariarekin ere izan dira.
Musikari garrantzia ematea gustuko dute zenbait gaztek. Agustin Alonso argentinarrak argi dio: «Niri jakin-min eta gogo handia sortzen didate musika klaseek, beste ezeren aurretik». Iritzi berekoak dira Facundo Lamenza eta Ignacio Esquiroz gazteak ere.
Argentinatik datoz hiru gazteak, eta beren hiriko euskal etxeak aurrera eramaten lan ugari egiten dute. Facundo Lamenza Necocheakoa da (Argentina). Haren familia osoa mugitzen da euskal etxearen inguruan; txikitatik datorkio, beraz, euskal tradizioarekiko jakin-mina eta zaletasuna. Han izan zuen lehen hartu emana trikitiarekin, eta ahal izan duen moduan jarraitu du ikasten. Ignacio Esquiroz Buenos Airesko euskal etxetik dator, nahiz eta jatorriz Patagoniakoa izan. Etxean euskal kultura eta tradizioen inguruan jasotako transmisioa txikia izanagatik ere, jakin-min handia izan du haurtzarotik Euskal Herriaren inguruan. Ikasketak zirela medio hiriburura jo zuenean, bertako euskal etxera joateko aukera izan zuen. Han, euskara, euskal historia, kultura eta musika ezagutzen hasi zen, baita alboka ere. Agustin Alonsok ez du lotura zuzenik Euskal Herriarekin. Unibertsitateko lagun batek eskatuta hasi zen txalaparta jotzen Cordobako euskal etxean (Argentina). Ordutik, beste euskal etxe bat sortu dute Cordoban, baita musika talde bat ere: Baietz. Euskal tradiziozko instrumentuz osatutakoa da, eta disko bat ere kaleratuta dute.
Azpiegitura eta ezagutza falta
Euskal Herriko paisaia eta jendea asko gustatu arren, euren musika instrumentuen ezagutzan sakontzeko baliatu nahi dute egonaldia. Argentinan, euskal etxe asko daude —munduan euskal etxe gehien duen herrialdea da—, baina instrumentuak lortzea eta ondo irakatsiko duen norbait aurkitzea oso zaila dela diote. «Guk gure kabuz egin behar izan ditugu instrumentuak, eta grabaketa eta bideoetatik ikasi». Gainera, harrituta daude Gasteizko Musika Etxeko irakasleen profesionaltasunaz: «Ezin dugu aukera hau galdu», diote.
Egonaldian ikasitakoa beren euskal etxeetan zabaldu nahi dute, gero, ikastaroen bitartez.Haien ustez, euskal etxeek duten erronka nagusia gazte belaunaldiak erakartzea da. Haur eta nagusienak asko mugitzen dira euskal etxeetan, baina, tamalez, tarteko belaunaldien hutsunea oso handia da. Horregatik, Gaztemundu programan jasotako ezagutza baliatu nahi dute jendea erakartzeko. Ameriketara itzuli aurretik, irailaren 13an joko dute, Gasteizko Aihotz plazan, Dantza plazan egitasmoaren barnean, 20:00etan.
Ozeanoa soinuz zeharkatuz
Gaztemundu programaren barnean, Amerikako euskal etxeetako hamabost gazte Euskal Herrira etorri dira, beren arbasoen herria eta euskal musikaren tradiziozko tresnak ezagutzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu