Oztopoak gainditzen laguntzeko txakurrak

Aurki Nafarroako Parlamentuan lege proposamen bat eginen dute laguntza txakur guztien erabilera legez babesteko. Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean arauturik dago afera.

Naroa Mairal, bere etxean, Vespa laguntza txakurrari aginduak ematen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri - Iker Tubia
Galdakao - Iruñea
2014ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ohikoa izaten da Euskal Herriko kaleetan itsu-txakurrak ikustea. Gutxiago dira laguntza txakurrak erabiltzen dituzten ezinduak. Are, Euskal Herri osoan ez dituzte eskubideak bermaturik. Horixe da Nafarroako kasua. Oraingoz, bakarrik itsu-txakurren erabilera babesten duen legea baizik ez dago herrialdean, gainontzeko lurraldeetan ez bezala. Horregatik, laguntza txakur guztien lege proposamena prestatzen dabiltza buru-belarri. Iruñekoa da Naroa Mairal gaztetxoa, eta nagusi denean trabarik gabe ibil dadin moldatu nahi dute legea bere gurasoek. Bilbon, berriz, Ibon Valbuenak legea alde du, eta zerbitzu txakurrarekin nonahi sar liteke.

Oraingoz, lege proposamenaren zirriborroa prestatu dute Nafarroako Parlamentuan, eta zuzenketak proposatzeko tenorea dute orain alderdiek. Ez dago tramitaziorako egunik, aitzitik. Zirriborro hori egiteko Gemma Leon ONCEko txakurren zentroko zuzendariaren laguntza izan dute aste honetan. Ezintasuna duten pertsonek beren laguntza txakurrarekin ibiltzeko eskubidea arautzen dute gisa horretako legeek, «txakur horrek momentu oro haiekin egotea eta lokal, eremu eta garraio publikoan sarbidea izatea, beharra duenari laguntzeko aukera izan dezan beti», zehaztu du Leonek.

Beraz, legea zabalduko balitz, itsu-txakurrek ez ezik, laguntza txakur orok izanen luke ospitalean, eskolan, kiroldegian edo tabernan sartzeko eskubidea. Ez hori bakarrik, garraio bat hartzeko orduan, ezintasuna duen pertsonak ez luke gehigarririk ordaindu beharko txakur berarekin eramateagatik. Normalean, doakotasun hori biltzen da legean. Hala ere, txakurrek betebeharrak ere badituzte: osasuntsu eta garbi egon behar dute, eta jabeak erantzukizun zibileko asegurua izan behar du, edozein arazori aurre egiteko. «Lege hauetan garrantzitsuena zerbitzu txakurrak dituzten pertsonen eskubideak arautzea da, baina, toki guztietara sarbidea izan dezan, txakurrak dituen betebeharrak ere bai».

Nafarroan eskubide horiek bermaturik dituzte itsuek, eta beren txakurrekin noranahi joatea badute, legearen babesa dutelako. Laguntza txakurrak, baina, mota askotarikoak izan daitezke. Besteak beste, gorrek seinale txakurrak erabiltzen dituzte, eta elbarriek, zerbitzu txakurrak. «Egunerokoan ezintasun nabarmenak dituzten pertsonek behar dituzte laguntza txakurrak», azaldu du Leonek. «Txakurrek behar horiek ordezkatzen dituzte, gizartean bete-betean parte hartzeko laguntza emanez: lanean, aisialdian...».

Nafarroa, atzean

Legea ez da berdina Euskal Herri osoan. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean 2005eko lege batek aitortzen die zerbitzu txakurra erabiltzeko eskubideaezintasunen bat duten pertsonei. Noranahi eraman dezakete, ez dute gehigarririk ordaindu behar txakurra beraiekin eramateagatik. Are, norbaitek ezinduari txakurrarekin sartzea debekatuko balio, isuna jasoko luke.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 2007. urtean zabaldu zuten itsu-txakurren erabilera arautzen duen legea. Zehatza da: «Laguntza txakurra momentu oro eta mugarik gabe egon liteke erabiltzailearekin batera». Gainera, txakurrarekin nonbait sartzea debekatzea edo gehigarririk kobratzea zigorturik dago hiru lurralde horietan.

Nafarroan egoera aldatu nahi dute Mairal gaztetxoaren gurasoek, etorkizunean laguntza txakurrarekin noranahi joateko eskubidea bermaturik izan dezan.

'Vespa'-k ateak zabalik

«Vespa, zabaldu atea». Hitz horiekin Naroa Mairalen laguntza txakurrak badaki zer egin behar duen. Etxera norbait badoa eta Mairal bakarrik badago, Vespa arduratzen da atea irekitzeaz. «Tiradera». Eta badaki tiradera ireki behar duela. Handik galtzerdiak atera eta eskura ematen dizkio 13 urteko gaztetxo iruindarrari. Arropa janzten eta eranzten ere laguntzen dio. Izan ere, Mairalek %87ko ezintasun fisikoa du, eta horrek zailtasunak sortzen dizkio eguneroko bizimoduan. Ezker eskua ongi du, eta, beraz, orain arte moldatu da. Baina Vespa-k hainbat alorretan lagundu du.

Martxo inguruan ailegatu zen txakurra haren etxera. Ordutik bat dira. Beti darama ezkerreko aldean, eskuin eskua gaizki baitu Mairalek. «Hezitzaile batek erakutsi zion lauzpabost hilabetez. Niri kasu handia egiten dit, eta aitari ere bai, paseatzera eramaten duelako», esan du. Gaztetxoaren behar fisikoei erantzuten irakatsi zioten Vespa-ri, eta oraindik ereikasten ari da. Txakurrak sariekin funtzionatzen du. Bi sari mota daude: janaria edo «oso ongi» esatea. Familiak aitortu duenez, oraingoz janaria da gehien eskertzen duena.

Vespa-k bere txokoa du etxean, baina badaki non den Mairalen logela. Gauez zerbait behar badu, agudo joaten da laguntzera. Goizean goiz, iratzargailua aditu bezain pronto joaten da gaztearen logelara. Kalera ateratzen dute Mairalek gosaria hartzen duen bitartean. «Gosaria bukatzean, jaten ematen diot Vespa-ri», azaldu du. Goiza Jaso ikastolan ematen du, eta bazkaldu ondoren ikusten du berriz txakurra. Berriz atera behar dute kalera, eta gero etxean egoten da gazte iruindarra. «Udan parkera joaten ginen arratsaldeetan, baina neguan nahiago dut etxean gelditu».

Kalera ateratzen denean peto bat jartzen diote Vespa-ri. Horrek lanean ari dela adierazten dio txakurrari, eta aginduak zorrotz bete behar dituela. Jantzita dagoela, ezin du inork ukitu, lanean dabilelako. Amaia Larrazak, Mairalen amak, esan du hori dela zailena. «Naroari gogorra egiten zaio hurbiltzen den jendeari txakurra ez ukitzeko esatea». Aurki ere bi uhal izanen ditu Vespa-k, pixa egitera ateratzen denekoa eta lanera ateratzen denekoa.

Txakurra familiako kide berria da, bost dira etxean orain. Larrazak aitortu du etorkizunean laguntza gehiago emanen diela. «Oraingoz, lan handiagoa ematen digu laguntza baino, baina badakigu gero alderantziz izanen dela». Gazteari eguneroko kontu txikietan laguntzeaz gainera, arazo bat konpondu du Vespa-k: Mairal etxean gera liteke, ongi zaindurik baitago. «Horrek asko esan nahi du; segurtasun handia ematen digu», esan du amak.

Mairal ez da Vespa-rekin bakarrik ateratzen kalera. Oraindik denbora gutxi darama harekin, eta kalera ateratzen denean beste txakurrengana hurbiltzen da Vespa. Gogo hori alde batera uzten ikasi behar du. Gainera, txakurra oraindik ez dago prest ikastolara joateko.

Ongi ikasten duenean, Mairalekin joateko aukera izanen du. Legez oraingoz ez, baina Jaso ikastolan jada hitz egin dute gaiari buruz, eta ez diote arazorik jarriko. Gurasoekin eta zentroko langileekin landu dute gaia. Baita Anaitasuna kiroldegian ere. Baina jendearen borondatearen esku baino gehiago, hobeki izanen da legearen gerizpea izatea. Adibidez, etorkizunean unibertsitatera joateko.

Baina laguntza fisikoaz gainera, Larrazak laguntza txakurren beste onura batzuk aipatu ditu. «Naroa oraindik ez da jabetzen, baina alor afektiboan ere sekulakoa da, eta baita arlo sozialean ere: orain galdera ez da 'zer pasatu zaizu?' baizik eta 'txakurra zurea da?'».

'Volvo'-ri beldurrik ez

Lehen, Ibon Valbuena galdakoztarrak txakurrei beldurra zien, baina orainVolvo bere txakurrarekin edozein lekutara joaten da. Zazpi urte ditu, eta garuneko elbarritasun bat dauka, Sotosen sindromeaz gain. «Gaitz arraro horietako bat da, eta, horren harira, iaz operatu egin zuten», azaldu du Caridad Bujan-ek, haren amak. Sotosen sindromeak mugitzeko gaitasunari eragiten dio, hezurrak ohi baino gehiago hazten direlako.

Eta hortik datorkio Valbuenari Volvo-ren laguntza. «Galtzerdiak kentzen dizkit, ateak zabaldu eta itxi, argia piztu, jaka kendu…», dio. «Aurpegia ere garbitzen dio miazkatuz, makarroiak jan ondoren aurpegia zikinduta baldin badauka», azaldu du ondotik haren amak irriz. Lagun bihurtu zaio txakurra haurrari, eta euren etxean sartu denetik Valbuena aldatu egin dela dio Bujanek. «Eguneroko gauzak egiten laguntzeaz gain, afektiboki ere laguntzen dio. Orain edozein momentutan jartzen zaigu txakurrarekin jolasean lau hankatan edo dena delako jolasen batean».

Vespa Iruñean bezala, Volvo martxoan sartu zen galdakoztarren etxean, eta hori gertatu baino lehen, une oro ibiltzen zen gurasoei eskatzen berekin jolasteko. «Horretan orain independenteagoa da, bai». Hala ere, hark ere onartu du oraingoz lan gehiago ematen diela txakur bat edukitzeak etxean. «Etxea ilez josita daukagu, eta egunero gehiagotan atera beharra daukagu kalera Volvo paseatzera».

Baina, gainerakoan, onerako izan da haren etorrera. Kalera irteten denean ere gusturago sentitzen dela ere badio Bujanek. Izan ere, Volvo-rekin doanean txakurrari kasu egitera joaten dira haur ugari. «Bera ere oso gustura sentitzen da modu horretan». Errehabilitazio saioak izaten ditu astero Valbuenak, eta orain arte aspertu egiten zen bitartean, Volvo-rekin «askoz azkarrago igarotzen zaio denbora, une oro berarekin jolasean ibiltzen baita».

Bilakaera ona izan dela garbi dauka Bujanek. Martxoan tokatu zitzaien, zozketa batean, Volvo hezitako txakurra. «Egia da ordura arte txakur bat ikusten zuenean oso urduri jartzen zela, eta negar batean hasten zela». Lehen egokitzapen prozesuetan ere berdin, baina gauetik egunera jarrera aldatu, eta anaia bat izango balu bezala da. Hala dio amak, behinik behin. Aldaketa horren zergatia zein izan daitekeen ez dakite, baina arrazoia edozein dela ere, une honetan Volvo-ren ekarpena «ezinbestekoa» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.