Moda

Paco Rabanne diseinatzaile pasaitarra hil da

Bretainiako etxean zendu da, 88 urterekin. Frankismoak erbesteraturikoen errefuxiatu kanpalekuetatik pasa zen, eta modaren inperio bat sortu zuen.

Paco Rabanne, 2004ko argazki batean. MONTSERRAT T. DIEZ, EFE
Edu Lartzanguren.
2023ko otsailaren 3a
15:36
Entzun

Paco Rabanne —Francisco Rabanera Cuervo jaiotzez— 88 urterekin hil da, Bretainiako Porsall herrian zuen etxean.

Pasaian jaio zen (Gipuzkoa), 1934. urtean, eta beste milaka euskal herritar bezala Okzitaniako hegoaldeko kontzentrazio eremuetatik pasa zen, haurtxo bat besterik ez zela.

Izan ere, haren aita militarra zen, eta Errepublikaren alde egin zuen. Frankistek fusilatu egin zuten 1939, eta amak ihes egin behar izan zuen haurrarekin. Port-Vendres et Argeles-sur-Mer eremuetan sartu zituzten Frantziako agintariek. Baina, gero, Bretainian hartu zuten babes, Bresten. Gero Parisera joan ziren, han bizitzera.

Beste batzuei baino errazagoa izan zitzaien, amak harremanak baitzituen Euskal Herriko moda munduko beste erbesteratu batzuekin, Cristobal Balentziagaren jostun burua izan baitzen.

Beraz, larre egokian hazi zen, modan sartzeko.

Arkitektura ikasi zuen Parisen, baina, ordurako ari zen diseinuaren munduan. Ikasten zuen bitartean, poltsak eta oinetakoak diseinatzen irabazten zituen sosak. Haren biografoek adierazi dutenez, ikasketak amaitu baino lehen milaka diseinu egina zituen.

Franck Rabanne izan zen haren lehen ezizen artistikoa. 25 urte zituela, 1959an, lehen soineko bilduma plazaratu zuen goitizen horrekin. Bere markaren hasiera izan zen.

Balentziagaren eragina igartzen zen horietan, lerro geometriko sinplekoak baitziren.

Edonola ere, osagaiak egiten hasi zen modaren industrian lekua hartzen. Balentziagarentzat, Pierre Cardin, Givenchy eta halako izen handientzat egiten zituen. Bere izenarekin hitz jokoa eginez, pacotilles deiturikoak sortu zituen: betaurrekoak, belarritakoak eta bestelakoak.

Beraz, oinarri sendo bat modan eraikin handi bat altxatzeko, arkitektoaren irudimena zuelako, artisauaren eskua, eta jostunaren begia.

Horrek ekarri zion ospea 1960ko hamarkadan. Izan ere, orduko futurismo eta psikodelia joerekin bat, soinekoak metalezko piezekin eta plastikoarekin hornitzen hasi zen. Ordura arte inor gutxi ausartua zen halakoak egiten modaren industriaren barruan, eta halako esperimentuak Bauhaus eskolaren laborategietara mugatu ziren. Garaiko optimismoa, iraultzarako grina eta espazio teknologien distira sartu zituen koktelean.

Horren lekuko da Jane Fondarentzat egin zituen soineko bitxiak, Barbarella zientzia fikziozko filmerako.

Negoziotarako usaimen ona zuen sortzaileak, eta nabarmen utzi zuen 1969 urtean, Puig konpainia katalanarekin lehenengo lurrina sortu zuenean: Calandre. Ziurrenik bera ere harritu egin zen horrek izan zuen arrakastarekin, eta geroztik horretan sartu zen buru-sudur. 1973an gizonentzako Paco Rabanne lurrina plazaratu zuen, eta klasiko bihurtu zen, edonon, batez ere Gabonen inguruko telebistan. Beste dozena erdi bat lurrin plazaratuko zituen hurrengo urteetan. Edonola ere, aspaldi da Puig konpainia Paco Rabanne markaren jabe, beste hainbatena bezala, Nina Ricci, Carolina Herrera, Jean Paul Gaultier, eta Dries Van Noten kasu.

Konpainia sendoa eraiki ostean, 2000ko hamarkadan utzi zion goi mailako joskintza deiturikoa sortzeari, baina erosi-eta-jantzi modari eutsi zion.

Xelebrekeriak

Rabanne gaztean irudimena eta etorkizuna amesteko doainak nabarmenak baziren ere, xelebrekeriaren bidean jarri zuten sortzailea, adinak aurrera egin ahala.

Hainbat iragarpen deigarri egin zituen telebistan eginiko elkarrizketetan. Besteak beste, aurreneko bizitzak izan zituela adierazi zuen, Jesu Kristorekin ibili zela horietako batean, eta, beste batean, Frantziako Louis XV.aren gorteko prostituta bat izan zela. Tutankamon Egiptoko faraoiaren hilketa ere bere gain hartu zuen. Jokaldi azkarra, alajaina, bazekielako ordurako krimena, ziurrenera, preskribituta egongo zela. Hori guztia kontatzeko liburu bat idatzi eta argitaratu zuen, eta serio demonio azaldu zuen France 2 kateko saio batean 1999. urtean. Saio hartan bertan adierazi zuen Juan Carlos Borboikoa «errege bikaina» zela eta «estimu handitan» zuela.

Askok egotzi izan diote munduaren amaiera iragarri izana, milurtekoaren aldaketarekin. Baina telebista saio horretan berak ukatu egin zuen halakorik esan izana. Argitu zuenez, berak iragarritakoa bestelakoa zen: urte hartako abuztuaren 11ko eklipsearen unean Mir espazio estazioa Parisen gainera erortzea litekeena zela, eta milaka hildako eragitea.

Noski, ez zen halakorik gertatu, eta, geroztik, Rabannek profeziak bakarrik esoterismoaren inguruko saioetan eta aldizkarietan zabaldu ahal izan zituen.

Paco Rabanneren diseinu bat.

Pasaian, museoa zor

Rabannen jaioterrian ere Guggenheim efektu moduko bat bilatu izan zuten 2000eko hamarkadan. Herrerako gune industriala eraitsi, eta han eraikin esanguratsu bat egiteko planak ibili ziren mahai-gainean. Horietako bat Rabannen eskutik. Diseinatzaileari eskainiriko museo bat eraikitzeko egitasmoa lantzen hasi zen Pasaiako udala, eta jostunak berak horrekin «erabateko konpromisoa» zuela adierazi zuen.

2011ko maiatzean onarturiko planean, Rabanne Gunea eraikiko zuten, «eraikin ikoniko» batean. Diseinu eskola bat aterpetuko zuen horrek, baina ez bakarrik modaren ingurukoa, baizik eta bestelako artisau langintzak, bitxigintza, beira, zeramika... 2012. urtean, orduko alkate Amaia Agirregabiriarekin bildu zen horretaz hitz egiteko.

Bi hamarkada pasa dira geroztik, eta oraindik ez da gauzatu.

2017an, Pasaia Rabanne, imajinarioaren arrazoiak erakusketa zabaldu zuten herrian. Sortzailearen eta herriaren eboluzioa paraleloan erakutsi nahi izan zituzten, hainbat artistaren lanen bitartez.

Euskal Herriarekiko lotura ez zuen ahaztu Rabannek. 1994. urtean, Alakiketan dantza ikuskizuna taularatu zuen Argia dantza taldeak Parisen. Ikusleen artean, Rabanne zegoen. Antzokiaren sarreran Euskal Herritik joandako ikusle batek galdetu zion zergatik joan ote zen hura ikustera, eta Rabannek erantzun zion: «Nik txikitan Pasaian egiten nuena orain nola egiten duten ikustera etorri naiz, txikitan euskal dantzan egiten banituen nire herrian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.