Paisaia kulturala zer den eta nork erabakitzen duen paisaia hori paisaia ezagun bihurtzea, horren inguruko kritika egiten du Antonio Listak (Madril, 1961). Europako Ondare Jardunaldietako gai nagusia paisaia da, eta gaur horri buruz hitz egingo du Listak, Bilboko Ondare aretoan. Paisaia arruntak, eta kultuzko paisaia. Nork erabakitzen du? izenburua daraman hitzaldia eskainiko du.
Zeri deitzen diozu paisaia arrunta, eta zeri kultukoa?
Oso baliotsuak diren paisaiei deitzen diegu kultuko paisaiak, gizartearen eta bere inguruaren arteko harremana erakusten duen horri. Baina kultuko paisaien kontu hau hirigintza planen garapenarekin etorri zen. Leku batzuei balio gehitua emateko sortu zen kontzeptua, horien babesa justifikatzeko, horietan inbertitzeko, edo turismoa erakartzeko. Paisaia kulturalena, ordea, dogma bat bihurtu da, berez paisaia guztiak direlako kulturalak, gizakiaren eragina ikusten delako. Duela 100 urte arte jendeak ez zekien zer zen paisaia, ikusten zuen hori zen. Horiek dira paisaia arruntak, bereziak ez direnak. Baina norbaitek erabakitzen du paisaia bat ona dela.
Nork hartzen du erabaki hori?
Hirigileek eta hiri marketinean aritzen direnek. Gaur egun ez dira etxeak saltzen, kontzeptua saldu behar da. Orain, hiriak saltzen dira, ideiak azken finean, eta hori intelektual batzuek erabakitzen dute. [Pascual] Maragallek esaten zuenez,jendeak egiten zuen oro azaltzeko eskatzen zion. Ez da nahikoa plaza bat egitea, horren zergatia eskatzen da. Plaza baten ordez esaten badidazu gune kultural bat izango dela hori, eta jaiak erakarriko dituela,hori ingeniaritza soziala da. Eta hori gertatzen ari da. Nik esaten badizut Gatzagako ondarea oso baliotsua dela, hara zoazenean nik esan dizudalako baloratuko duzu.
Gaur egun, paisaiaren ordez, esperientzia kontsumitzen da?
Hori da, eta hor dator interpretazio zentroei egiten diedan kritika. Izan ere, paisaia bat kulturala bada, zu hara joanez gero eta ezer jakingo ez bazenu lekuak duen garrantzia ulertuko zenuke, eta zerbait iritsiko zitzaizun. Eta iristen bazaizu, ikasten saiatuko zara. Horren ordez, interpretazio zentro bat jartzen da, eta bertan azaltzen dena jakin beharko zenukeena da, bisitaren ondoren esan beharko zenukeena.
Baina kontraesan bat dago orduan. Zenbateraino azaldu behar da lekuak duen garrantzia, eta zenbateraino ez?
Hori da. Postmodernitateari buruz hitz egiten hasi zenean, esaten zen leku bakoitzak esanahi ugari zituela, eta bakoitzak nahi zuena ulertuko zuela. Eta egia da, norberak duen jakinduriaren arabera jasotzen delako leku bateko informazioa. Baina, era berean, eraikin garrantzitsu bat baldin badago eta hori salbatu behar bada, daukan garrantziaren berri eman behar da. Eta azkenean interpretazio zentro bat egiten duzu zure bertsioa azaltzeko. Baina, gero, beste kontu bat dago. Unescok paisaia kulturalen definizioa eginda dauka, baina zergatik da leku bat hobea bestea baino?
Izendapen hori jasotzean turistak erakartzen direlako, eta horrek berarekin dakarrelako ekonomia oso bat.
Bai, eta hori da hiri marketina. Ikusten baduzu munduan zehar nola dagoen banatuta Unescoren gizateriaren ondare kopurua irrigarria da. Benetako paisaia kulturalen izendapenak baleude, Txinan, Indian, Grezian eta Italian egon beharko lukete paisaia kulturalen %90. Horietara joan, eta ezer esan gabe uler daiteke bere garrantzia.
Baina gaur egungo gizartearen paisaia kulturalak ere badaude, ezta?
Bai. Berez, paisaia kulturalaren kontzeptua desindustrializazio prozesuen ondoren sortu zen, lehen aldiz hiriak hazi beharrean hutsik geratzen hasi zirelako industria ixten hasi zenean. Baina industria ez zen ondare baliotsu gisa ikusten. Hasieran botatzea izan zen joera, baina jabetu ziren akaso fabrikek bere horretan ez zutela ezer balio, baina bere inguruko paisaiak baietz, eta zentzua ematen ziola. Eta hor bazegoen oinarri bat.
Baina nortasuna galtzea ere ekar dezake ondarea mantendu behar delako mantentzeagatik...
Hori gertatzen da nekazaritza guneekin. Landetxe batera joan, eta zure etxean baino plasma telebista gehiago daude. Nekazaritzatik duen gutxi hori galdu dute. Pentsa, plastikozko behi bat ere ikusia daukat landetxe batean! Baina kontzeptuak salduz bazoaz hori gertatzen da.
Zein beharko luke paisaia kulturalaren eta turistaren arteko harremana?
Zaila da, baina paisaia jendeak egiten duen hori da. Hori horrela da.
ATZEKOZ AURRERA. Antonio Lista. Hirigile eta geografoa
«Paisaia jendeak egiten duen hori da»
Hirigileek erabakitzen dute paisaia bat bisitatzeko modukoa den ala ez, eta horren atzean dauden balio ekonomikoak gaitzetsi ditu Listak. Paisaia batek berak bakarrik hitz egin behar duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu