Santiagotarrak Kirol Elkartearentzat, urte berezia da aurtengoa, 50. urteurrena dela eta. Urte osoan ekitaldi andana antolatu ditu klubak, Irunen (Gipuzkoa). Horien artean, bihar, Dunboako kanalean, slalom paraleloa egingo dute. 11:00etan izango da kanporaketa saioa, eta 22:45ean sailkatzen direnen arteko finala. San Pedro eta San Martzial jaien barnean dago ekitaldi hau.
Mende erdia betetzeagatik, hiriko udaletxean irakurri zuten pregoia Santiagotarrak elkarteko zuzendari Olatz Zabalak eta zuzendariorde Antxon Arellanok. Zuzendariaren hitzetan, elkartearentzat «ezustekoa» izan da pregoia emateko eskaintza. Era berean, Argoia saria jaso zuenSantiagotarrak elkarteak martxoan, emakumeen alde egindako lana dela medio. Klubean urteetan lanean egon diren pertsonei eskani dizkie sariak Zabalak; nabarmendu du Irun munduan ezagutarazteko modua dela elkartea.
Olinpiar Jokoetako diziplina da eslaloma, eta aipaturiko kirol txapelketan esperientzia nahikoa dauka Santiagotarrak elkarteak: sei aldiz aurkeztu da jada elkartea. Pedro Alegre izan zen lehenengoz parte hartu zuen klubeko kirolaria, Los Angelesen (1984). Izaskun Aranburu eta Esteban Arakama joan ziren geroago;1996ko eta 2000ko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten. Halere, azkenaldian, Ander Elosegik lortu ditu posturik onenak elkartearentzat: Pekinen (2008) eta Londresen (2012) laugarren lekua erdietsi zuen. Aurten, Riora ere joango da.
Uztaileko ekintzak
1960ko hamarkada zen. Eguberri batzuetan Olentzeroren kalejira atera zuen Santiago kaleko (Irun) kuadrilla batek, lehiaketa baterako. Irabazitako diruarekin, izen bereko kluba egitea erabaki zuen laguntalde hark. Piragua egiteko lekurik ez eta, hala jaio zen Santiagotarrak elkartea. «Frankismo garaiaz aparte, droga zabalduta zegoen garaian, Irunen eragina eduki zuen. Jendea entrenatzen egoten zen, kirola egiten. Nolabaiteko funtzio soziala zuen klubak», adierazi du Zabalak.
Udako ikastaroen egoitza ez ezik, arraunlariak, pistako piraguistak eta ur biziko piraguistak entrenatzeko eskola da elkartea. Zabalak egoera azaldu du: «Emakumeek zailago dute babesleak lortzeko, baina kopuru aldetik, txikiak direnean, neska asko animatzen da ikastaroak egitera eta gero klubean sartzera. Ez dute gizonen kiroltzat soilik jotzen, hemen guztiok gara berdinak».
Lehen aipaturiko eslalom paraleloaz gain, ekitaldi gehiago antolatu dituzte 50. urteurrena ospatzeko. Alde batetik, uztailaren 23an egingo dute Espainiako Ibilbide eta Ibaien Txapelketa. Beste alde batetik, hurrengo egunean, Bidasoko Nazioarteko Jaitsiera egingo dute Irungo ibaian; proba garrantzitsu horrek ere, Santiagotarrak elkartearen antzera, 50 urte beteko ditu aurten.
Sanmartzialak. Irun
Palari kolpeak ematen 50 urtez
Mende erdia bete du Santiagotarrak elkarteak. Urteurrena ospatzeko, Bidasoko Jaitsiera eta beste ekitaldi batzuk egingo dituzte. Irungo pregoia ematea «ezustekoa» izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu