Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Paleogenomika eta giza eboluzioa

Mikel Iriondo Orensanz.
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Paleogenomika espezie fosilen genomen ikerketa da, eta gure espeziearen historia ebolutiboari argia ematera etorri da, ondoren azalduko dudan moduan. Ikerketa arlo berri hau 2010eko maiatzean sortu zela onar daiteke, neanderthalen genoma osoa sekuentziatu zutenean, eta badirudi azken hilabete hauetan abiadura zeharo handitu duela, abenduan genoma fosil berri bat argitaratu baitute Nature aldizkari ezagunean; lortu dituzten emaitzak zeharo interesgarriak dira.

Neanderthalen genoma egungo gizakien genomarekin konparatzean, lehen ezuste batekin aurkitu ziren: Eurasiako eta Ozeaniako egungo gizakiek, batez bestekoz, genomaren %2,5 partekatzen dugu neanderthalekin. Aldiz, afrikarrek ez dute neanderthalen geneen aztarnarik. Neanderthalaren genoma sekuentziatzeko bost urte baino gehiago behar izan bazituzten ere, badirudi abenduan argitaraturiko genoma lortzeko urte bakarrarekin nahikoa izan dutela. Genoma berri hau Siberiako Denisova leizean lortutako atzamar zati batetik sekuentziatu dute. Atzamar batekin ezinezkoa denez jakitea zein gizaki motari dagokion, Denisovatar hitza sortu dute, atzamarraren jabea eta haren giza taldea izendatzeko. Horrela, ez dugu ezagutzen zehazki zein ezaugarri morfologiko zituzten, ezta beraien banaketa geografikoa ere. Hala ere, Denisovatarren genomak informazio itzela barneratzen du. Neanderthalen eta gure genomekin erkatuz, argi geratzen da Denisovatarrak gurekin bainoago neanderthalekin dutela ahaidetasun hurbilagoa; baina ez dira neanderthalak, Denisovatarren genoma neandertalharekiko aise ezberdintzatzen baita. Bestalde, Denisovatar horien genoma gaur egungo giza populazioen genomekin erkatzean ezuste ederra eduki dugu. Ozeaniako zenbait uhartetan bizi diren melanesiarrek Denisovatarrekin partekatzen dute genomaren %5. Portzentaje horri beste %2,5 bat gehitu behar zaio, neanderthalen partetik datorrena.

Ikerketa horietatik guztietatik, jarraian azalduko dudan historia ebolutiboa ondorioztatuko genuke: orain dela milioi bat urte gure arbasoak Afrikan bizi ziren. Ondoren, gure arbaso horiek Afrikatik atera eta Eurasian sakabanatu ziren, Europako Homo antecessor espeziea galaraziz eta Asiako Homo erectus espeziearen lurraldea murriztuz. Ia mundu zahar guztia betetzen zuen espezie hori Homo heidelbergensis izenarekin ezagutzen dugu. Eboluzioa aurrera zihoala, Europako Homo heidelbergensis hori neanderthal bilakatu zen, eta Asia barrenean zeudenak Denisovatarren arbasoak.

Bitartean, Afrikan, gizaki modernoaren eboluzioa gertatu zen; aurkituriko fosil aztarnen arabera, orain dela 200.000 urtetan koka dezakegu gertaera hori. Hurrengo urteetan, gizaki modernoa Afrikan dugu bakarrik, orain dela 65.000 urte arte. Une horretan gaur egungo eurasiarren, ozeaniarren eta amerikar indigenen arbasoen giza taldea Afrikatik atera zen, ekialde hurbiletik edota arabiar penintsulatik. Bertan neanderthalekin egin zuten topo, eta zenbait neanderthal gure arbaso horiekin gurutzatu ziren, genomak neurri batean nahastatuz. Ondoren gizaki modernoa Eurasian barrena hedatzen hasi zen, talde ezberdinetan banatuz. Horietako talde bat, gaur egungo melanesiarren arbasoa, Ozeaniarantz zihoala Denisovatarrekin aurkitu eta berriz ere gurutzatu egin ziren.

Paleogenomika iaz sortu zen eta dagoeneko ezuste bi eman dizkigu. Gure historia ebolutiboa argituz doa, eta aldi berean bere konplexutasunaz ohartzen hasi gara.

Zein izango da sekuentziatuko duten hurrengo genoma? Zein espezierena? Homo erectus bat baldin bada interesgarria izango litzateke jakitea espezie hori ere gurekin gurutzatu ziren ala ez. Ederragoa oraindik 2004an aurkituriko Homo floresiensis espezie nanoarena lortzen badute. Zein erlazio filogenetiko zuen gurekin eta zelan txikitu egin zen?

Horrekin guztiarekin batera, antropologoak beste gai garrantzitsu bat eztabaidatzen ari dira: gu, neanderthalekin eta Denisovatarrakin gurutzatu ginenez, biologikoki espezie berekoak al gara? Badirudi baietz. Hurrengo genomekin ebazpena...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.