Alia Assali (Nablus, Palestina, 1971) hezkuntza zientzien fakultateko irakaslea da Nabluseko Al Najah unibertsitatean, eta dekanoa izan zen lau urtez. Horrez gain, gizarte ekintzaile moduan aurkezten du bere burua. Palestinako hezkuntza arloko ordezkaritzarekin etorri da Euskal Herrira, Biladi elkartearen eskutik, euren hezkuntza sistema ezagutarazteko asmoz, baita euren kultura eta egoera politikoa ere.
Nolakoa da hezkuntzaren egoera Palestinan?
Une oro hezkuntza hobetzen saiatzen ari gara; 1995 arte ez genuen curriculum palestinarrik: Zisjordaniako hezkuntza curriculum jordaniarrean oinarritzen zen, eta Gazakoa, berriz, egiptoarrean. Palestinako Aginte Nazionala sortzean, curriculum palestinarra sortu zuten. Hutsuneak izan arren, garrantzitsua da liburuetan Palestinako bandera agertzea, gure identitatearen, kulturaren eta historiaren parte baita.
Zer garrantzi du herrialdearentzat?
Palestinarrentzat, aukera estrategiko bat da hezkuntza; hezkuntza da herrialde gisa garatzeko daukagun tresna, ez dugu beste baliabiderik. Horri esker, hainbat erronkari aurre egin diezaiokegu, gazte edo emakume moduan, esaterako.
Zer hutsune ditu?
Hezkuntza ulertzeko moduan hutsunea dago, ez baitago ikuspegi bateratu argirik. Azpiegituran ere hutsune handia dago: gelak ikaslez beteta daude, gehiegi; baliabide teknologikoak ere ez dira onenak. Eta ezin da ahaztu okupazioa ere: mugikortasun arazo ugari sortzen ditu, bizimodua zailtzen die ikasleei: asko ezin dira eskolara joan, hura suntsitu edo itxi dutelako, kontrolguneak igaro behar dituztelako... Irakasle eta ikasleak atxilotu eta espetxeratzen dituzte, baita hil ere. Inolako arrazoirik gabe egiten dute, euren mugitzeko eta ikasteko eskubidea soilik aldarrikatzen dute.
Zer ondorio ditu horrek?
Egoera nahasia sortzen du geletan, eta zaildu egiten du zenbait gai lantzea, esaterako, genero ikuspegia: guk neskak ahalduntzea nahi dugu, askeak izatea eta aukeratzeko eta erabakitzeko eskubidea izatea.
Genero ikerketari lotuta ere lan egin duzu. Nolako egoeran bizi daPalestina genero ikuspegitik?
Beste arabiar herrialdeekin alderatuta hobeto gaude, baina oraindik borrokan jarraitzen dugu: ez dago aukera berdintasunik lan munduan, erabakitzeko eskubidean, familian, legedian...Mugimendu feminista oso indartsua dago, baina oraindik asko dago egiteko. Hezkuntzan ere eragiten du egoera horrek, pentsaera hori duen jendea ari baita lanean; genero ikuspegia liburuetan oso txarra da, estereotipo tradizionala eraikitzen dute .
Errefuxiatuek ba al dute hezkuntza jasotzeko aukerarik?
Hiru ikastetxe mota daude Palestinan: eskola pribatuak edo komertzialak, gobernuarenak eta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoarenak. 1948ko banaketaren ostean sortu zuten UNRWA, bazekitelako errefuxiatuak egongo zirela. Agentzia horrek hezkuntza eta osasun zerbitzua eskaintzen die errefuxiatuei. Azken urteetan, zerbitzuak murrizten ari dira, irakasle kopurua jaitsi dute, eta errefuxiatuena handitzen ari da. Horrek zuzenean eragiten du hezkuntzaren kalitatean.
Ikas al dezakete errefuxiatuek gobernuaren ikastetxeetan?
Bai, joan daitezke gobernuaren ikastetxeetara, baina UNRWArena da erantzukizuna; horretarako sortu zuten. Errefuxiatuak Palestinako gatazkaren zutabeetako bat dira, hezkuntza eta osasunerako eskubidea dute. Horregatik, arrazoi politikoa ere bada errefuxiatuek UNRWAren ikastetxeetan ikastea.
Nolako pisua du erlijioak hezkuntzan?
Derrigorrezko ikasgaia da. Hiru erlijio ditugu Palestinan: islama, samariarra eta kristaua. Populazioaren gehiengoa musulmana da, baina hiruak irakasten dira. Hautazkoa izan beharko lukeela uste dut, baina, oraindik, gizarteak erlijioa garrantzitsua dela uste du. Beharrezkoa da erlijioa ikuspegi irekiarekin irakastea, errespetuan oinarrituta, tolerantzia bultzatuz. Horretarako, irakasleen jardunak berebiziko garrantzia du.
Nakbaren 70. urteurrenean amaitu da Itzuleraren Martxa Handia. AEBen Jerusalemgo enbaxadaren irekiera eta hildakoak batu zaizkio. Nolakoa da egoera?
Beste ikuspegi batetik begiratu behar zaio: palestinarrok ikasi dugu positiboak izan behar dugula edozein egoeratan; ez gara geratuko, borrokan jarraitzeko eskubidea dugu, eta hala jarraituko dugu. Era berean, munduko edozein txokotatik jasotako elkartasun ekintza eta keinuak ere asko eskertzen ditugu.
ATZEKOZ AURRERA. Alia Assali. Unibertsitateko irakaslea
«Palestinarrentzat, aukera estrategiko bat da hezkuntza»
Assalik dio Israelen okupazioak hezkuntzan oztopo ugari eragiten dituela: mugikortasuna zailtzen du, eta irakasle eta ikasleen atxilotzeak eragiten ditu, bai eta espetxeratzeak eta hilketak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu