Etxeko txokoren batean ematen dute urtearen zatirik handiena, geldi, bildumagileek ongi antolatu eta gordetako kutxen barruan. Horregatik, urduritasun moduko bat sumatzen du Sergio Delgado iruindarrak erakusketaren bat izaten den aldiro. «Halakoetan, artega igartzen ditut panpina guztiak beren kaxetan». Click panpinen bilduma egiten du Delgadok, baina komisario lanak ere egin ditu oraingoan Espainiako Playmobil Bildumagileen Elkarteak Iruñean ikusgai jarri duen erakusketarako. Jostailuak dira, baina baita jostailuak baino gehiago ere. 16.000 panpina baino gehiago elkartu dituzte, Baluarte auditoriumeko aretoan, eta Los Click invaden Pamplona (Click-ek Iruñea inbaditu dute) deitu dute bilduma. Apirilaren 20ra arte egongo da zabalik.
Burua, besoak eta hankak baino ezin dituzte mugitu panpinek, baina, hala ere, ez dago haiekin irudika ezin denik, Delgadoren hitzetan. Piezak eta imajinazioa, ez da besterik behar. «Atera kalera, eman 360 graduko buelta bat, eta ikusi zerk inguratzen zaituen. Hor daukazu panpinekin osa dezakezun eszena bat». Fantasia, errealitatea eta historia. Nahasian doaz guztiak Baluarteko erakusketan. 23 eszena dira guztira. Badira pirata irudiekin sortutakoak, dragoi eta miragarriz betetakoak eta espazio ontziekin egindakoak, adibidez, baina errealitatetik gertuagokoak dira beste batzuk. Nafarroako konkista irudikatzen du Erdi Aroan girotutako muntatze batek. Gaztelako erresumako Playmobilak, eta Nafarroako erresumakoak. Navas de Tolosako bataila ageri du beste panpina bilduma batek, eta bikingoak ere badaude Ebro ibaian.
Entzierroaren irudia miniaturan
Sanferminei eskainitakoa da, ordea, piezarik deigarriena. Panpina ia guztiak atorra txuri eta zapi gorriekin, Mercaderes kalean zezenen aurrean korrika. Denak geldi. Peñak, suhiltzaileak, anbulantziak, Polizia... baita Ernest Hemingway idazle estatubatuarra ere, iruindar artean hura ere izoztuta. Gazteluko plaza ere irudikatu dute, eta dantzan ari dira erraldoiak. Xehetasunez xehetasun osatu dute hiriko festa giroa. Miniaturan. «Elkarteko kideetariko baten amak jositakoak dira El Bronce peñako kideen brusak», azaldu du Delgadok.
Izan ere, erakusketan bada eskulanik. Sortu nahi zuten eszenaren arabera, zenbaitetan propio sortu behar izan dituzte panpinentzako apaingarriak bildumagileek. Hori da, adibidez, Termopiletako guda irudikatzen duen muntaketaren kasua. «Erretxina erabiliz sortu behar izan dituzte gerlari guztien buruko eta ezkutuak. Ez da inon halakorik saltzen, eta eskuz sortu behar izan dituzte horregatik».
Bildumaren balioa azpimarratu du Delgadok. Panpinak izan arren, click-ak ez dira jostailu soilak. «Pieza batzuk merke antza eros daitezke dendetan, baina beste batzuk gogoz bilatu behar dira. Nire etxeko bildumak balioko du 20.000 euro inguru, eta ez da garestienetarikoa. Baluarten egin dugun erakusketan bada lortzeko oso zaila den pieza bat baino gehiago. Oso baliotsuak dira».
Panpinen urduritasuna
16.000 'click' panpina baino gehiago biltzen dituen erakusketa jarri dute Iruñean. Sanferminetako entzierroa eta Nafarroako konkista irudikatzen dituzte eszena batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu