Pantailatik harago

Ikus-entzunezko saioetan aldaketak dakartzate teknika berriek, bai hologramek eta bai esku bakarrarekin atxiki daitezkeen kamera txikiek; hori bai, diskurtso «indartsua» behar da oinarrian, eta horren lekuko izan nahi du Miarritzeko FIPA jaialdiak, igandera arte.

'Exodus: Our Journey to Europe'. Dokumental kolektiboa. Argazkian, Hassan Akkad errefuxiatu film egilea. HASSAN AKKAD.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2017ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Mediterraneo erdian da Hassan Akkad. Ura hartzen ari den kautxuzko itsasontzian. Bere gisan beste hamarnaka, metatuak, bata bestearen gainean. Itotzear daude. Tentsioak denbora geldiarazi duela dirudi. Nola edo hala, Gopro kamera txikia eskuetan atxikitzen ari da Akkad. Eta dena filmatzen saiatzen da.

Ihesean doa Akkad. Siriatik ihes. Ordu arte egin dituen bidaia guztiak filmatzeko ohidura zuela, orain, bere biziko bidaia horretan, ez zuen bere burua kamera gabe ikusten. Film egile bihurtu nahi izan du, argi baitu bere errefuxiatu egoerari gaina hartzen lagunduko diola. Plano hoberenak harrapatzen ahalegindu da. Eta, aldi berean, errefuxiatu izanez, film egileek normalki hain eskuragaitz lituzketen egoerak hortxe izan ditu hark; trafikatzaileen kontuak, adibidez.

Iritsi zen azkenera Londresera. Eta haren irudiek Exodus Our Journey to Europe sail gisa antolatu dokumentala osatu dute. BBCk zabaldu zuen udan, beste errefuxiatu zenbaitek egin film propioen ondoan. Aste honetan, Miarritzen da ikusgai dokumentala, igandean bururatuko den FIPA Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko Jaialdiaren karietara. Esku bakarrarekin atxiki duen kamera txiki horrekin hartu irudiek handitu dute Akkad. Krisi horren begitarte eta ahots bihurtu dute. Orain, han eta hemen agertzen da errefuxiatuen egoera salatzen. Pantaila gainditu du haren lekukotasunak.

INARROS DEZAN



«Oroz gainetik, diskurtsoa da garrantzitsua», argi du Christopher Canalisek. Ikus-entzunekoen sailean, teknologia berrien Smartfipa izeneko jaialdiko atalaz arduratzen da Canalis: «Teknologia berriak izatea soilik teknologia berriak izateko, horrek ez du interesik». Baina teknika berriek egiten badute pertsona gehiago interesatuko dela gaiari, orduan, bai, «interesgarriak» dira, beti Canalisen iritziz. Azken finean, FIPAko film hautaketa alde horretatik dutela pentsatua azaldu du, gaiak «gero eta gehiagok berengana ditzan». «Ez dadin debaldetan egina izan». Hori du orain bere leitmotiva Stephane Hueber-Bliesek. Dokumental egilea da aspaldian. Film «engaiatuak» eginak izan ditu, dokumental «tradizionalen» formatukoak.

FIPAn berean andana bat bada horrelakoa. Hueber-Bliesek berak sari bat jasoa izana du duela bi urte Miarritzeko jaialdian. Exodus Our Journey to Europe gisako dokumentala ere nolabait hala gelditzen da. Hau da: tradizionala. Egoera salagarri bat bete-betean harrapatzen du, eta ikuslea suntsiturik utzi. Baina, agian, emozio batean geldituko da. Funtsean, aurtengo FIPAn, iazkoan bezala, errefuxiatuen gaiaz film anitz bada.

Jaialdiz jaialdi ibiltzea, eta «batzuetan telebistan proiektatua izatea», baina, azken finean, «erantzunik gabe» gelditzea, horretaz damutzen da Hueber-Blies dokumental «tradizionalak» aipatzen dituenean. Nola egin hortik ekintzetara pasatzeko gero. Hori gainditzeko, Zero Impunity proiektua abiatu du bere taldearekin Stephane Hueber-Bliesek: www.zeroimpunity.com.

ZIGORGABETASUNA



Bortxaketa eta sexu erasoak nola gerlako arma gisa erabiliak diren gatazketan, horren frogatzea du erronka Zero Impunity proiektuak.

Dela Afrika Erdiko Errepublikan Frantziako armadako soldaduen erasoak. Dela AEBetan George Bushen gobernuak sistematizatu zuen tortura sexuala. Edo dela Sirian bortxatzen dituzten haurrak. Orotara, sei ikerketa eraman ditu lantaldeak sei herrialdetan. Hamaika kazetarik daramate lana. Ikerketa horiek Europa eta Afrikako hamabi komunikabidetan argitaratzen ari dira —gehienak Panamako paperen eskandaluaren errebelazioetan parte hartu dutenak dira—.

MANIFESTALDI BIRTUALA



Zero Impunity proiektuaren bigarren urratsa manifestaldi birtual bat izanen da. Horretarako, izenak biltzeko kanpaina abian dute jada. Jadanik, 250.000 izen bilduak dituzte. Izenpetzaile bakoitzari abatar baten sortzea proposatzen die. Abatar horiekin guztiekin manifestaldi birtual bat antolatuko dute martxoaren 31n. Helburua milioi bat manifestari lortzea da. Irudiak ez dira ordenagailuan bakarrik egonen. Manifestaldi birtuala leku esanguratsuetan proiektatzekoa dute; Frantziako Defentsa Ministerioko murruetan, Nazio Batuen Erakundekoetan edo beste —ez dituzte erabat finkatuak lekuak—. Arazoa ikusi nahi ez dutenak ikustera behartzea, hori dute xedea. «Esperientzia kolektiboa izan dadin». Sexu jazarpenak salatzeaz gain, horri begira dagoen zigorgabetasuna ere salatzea, hori ere badu erronka proiektuak. Biak lotuak baitira: «Justiziarik ez bada, justiziarik ez izateko sistema bat martxan dagoelako da», esan du Hueber-Bliesek.

FILMA, ELEMENTU BAT



Hirugarren urratsa baizik ez du filma Zero Impunityk. 60 minutuko animazio film bat izanen dute. Zigorgabetasunaren mekanismoak deskribatuko ditu filmak marrazkien bidez. Eta hori ere zabalduz joanen dira. Proiektua erantzunak lortu arte segitzekoa dutela berretsi du Hueber-Bliesek. 1,5 euroko proiektua da. Frantziako zinemaren aldeko CNCren laguntza lortu du, baita produktore andana batena ere.

SARE SOZIALAK



Film bat hasi aitzin, bitartean eta ondotik ere bizi dadin, sare sozialen garrantzia gero eta nabarmenago egiten ari dela erakutsi du FIPAk.

Flint Is a Place (Zackary Canepari) filma izan daiteke horren adibide bat. AEBetako Flint hiria, azken urte hauetan ur kutsatuaren eskandaluagatik eta arrazakeriagatik aipatu izan bada, hori baino gehiago dela erakutsi nahi du proiektuak: oroz gainetik, jendea bizi dela bertan; herritarrek egiten dutela herria. Eta, horretarako, besteak beste, film txikiak zabaltzen ari dira, baita sare sozialetan ere. Eta hor, bai uraren arazoa arazo dela, bai arrazakeria ere badela agertzen da, baina herritarren ahotsa da nabarmena. Intimitate bat, errespetu bat agertzen da. Uraren kasuan, adibidez, nola urak barne-barneko intimitatea hunkitzen duen erakusten du. Dela haur txiki bat bainatzean, dela edatean. Plano biziki hurbilekin erakutsiak dira irudiak, eta Flintekoen ahotsak entzuten dira hondoan, baina aurpegirik gabe. Errespetu bat senti da oro har, interakzio bat elkarrizketatua eta elkarrizketatzailearen artean.

TEKNIKAK, BIDEAK IREKITZEN



Teknika berriek soilik teknika gisa ez dutela balio baldin badio ere Canalisek, tekniken aldetik badela zer ikasi eta zertaz interesatu, hori ere erakutsi nahi du halere FIPAk. Smartfipa sailean, adibidez, holograma eta 3D irudien arloan teknikariak zenbat aitzinatu diren erakusten ari dira jaialdian.

Microsoft Hololens begi-lagunentzat pentsatua duten Fragments jokoa aurkeztu dute, adibidez. Begi-lagunak janzten dituena detektibea bihurtzen da, eta pertsonaien burmuinetara sar daiteke eta ikertu. Beste begi-lagun batzuei esker, Fallujahko gerraren erdian sartzen du Ben C. Solomone kazetariak: The Fight for Falluja da filma.

Beste esperientzia bat: FIPAren lehen gauean izan da esperimentatua, Midi geltokiko sala handian. Tantale fikzioan, Frantziako presidentearen burura sartzea proposatzen zioten ikusleari. Olinpiar Jokoak Parisera eramateko ari da presidentea. Eta zalantza bakoitz, ikusleak bere smartphone-ari esker bozka zezakeen zer egin; ustekeriaren bidea hartu ala ez, adibidez. Ikusleen %41 Afrika Erdiko Errepublikan gerla egiten prest agertu dira Olinpiar Jokoak Frantzian iragan zitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.