Papera ez da jarrera

Jokin Labaien.
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Egun gutxian, hainbat hilabete pasatu eta gero, fenomeno bihurtu da martxoan gertatua. Azken egunetan asko gara sarean bideoa ikusi dugunak. Iñaki Perurenari Manu Redondo zornotzarrak egindako elkarrizketaz -nolabait deitzearren- ari naiz. Dagoeneko desagertu den Bilbovision katean izan zen. Ez naiz xehetasunetan luzatuko. Pentsatzen dut iritsiko zitzaizula oihartzuna zuri ere.

Han eta hemen entzun eta irakurri ditut gertakizunari buruzko iruzkinak. Adostasun handia dago gehienen artean. Baita Manu Redondo kazetaria dela esateko garaian ere. Izatekotan, kazetaritzan lizentziaduna dela esango nuke nik. Ikasketez eta ondoren jasotzen den paper sinatuaz harago, jarrera kontua da kazetari izatea niretzat.

Azkenaldian maiz entzun dut jarreraren aldeko aldarria, batez ere, sortzaileen artean. Kasu honetan nabaria da jarreran dagoela gakoa. Bilbovision kateko aurkezle ohiak -egun ez da langile Bizkaia Tv bihurtu den horretan- badu jarrera argi bat: hasieran, oldarkorra, azkar ustekoa eta harroxkoa; amaierarako, berriz, lotsatua eta zaurgarriegia. Agian, jarrera politikoa da, elkarrizketatua harrapatzeko asmoz erabilia. Izan liteke goitik datorren aginduaren ondoriozkoa ere. Baliteke harrotasunak eragindakoa izatea. Nola pentsatuko zuen harri-jasotzaile batek jakintza, historia ezagutzeko grina eta hura azaltzeko ausardia izan dezakeenik. Dena dela ere, edo denak batera, kazetari jarrera-gure fakultatean batek baino gehiagok kazetari sena deitzea maite zuena- eza erakusten du.

Eta ez abiapuntuan soilik. Elkarrizketa bideratzeko, galderak prestatzeko eta haiek egiteko hautatutako itxura eta tonua gaitzesgarriak dira oso. Eta lehen hanka-sartze horiek nabarmen uzten badute ere, tematuta jarraitzen du Perurenaren ustezko kontraesanen bila. Azkenerako, otzan ageri da. Akituta. Noski, harri-jasotzailea jakituna izateaz gain ausarta baita. Ez da kikiltzen. Defentsarik onena erasoa bihurtzen du, behin eta berriro errespetuz hitz eginez, euskara hutsez amaitzeko. Kazetaritzan lizentziadunak jakintsu deitzen baitio. Eta ez da berdin jakitun eta jakintsu. Jarrera kontua da, umiltasuna kasu honetan. Norbaiten etxera sartu eta halakoak egiteko gai denak badu jarrera: txarra. Errespetu falta deitu dakioke nahi bada. Eta nahi ez bada, atera ditzala bakoitzak bere ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.