Panelez jantzi dituzte Bilboko Abando eta Moyuako metro geltokiak. Antonio Fraguas marrazkilari eta umoristaren komiki zinta umoretsuak jarri dituzte barrualdeko galerietan. Forges ezizenarekin ezagunagoa da Fraguas. El País egunkarirako egiten dituen komikiengatik ezagutzen dute Gehienek. Bilbon egiten ari den Bizkaiko Umorezko Literatura eta Artearen V. Nazioarteko Jaialdiaren harira jarri dute erakusketa. Gizarte gaiak umorez lantzen ditu Forgesek. Hamabi paneletan jarri, eta 27 zinta hautatu dituzte. Metroz metro matxismoari vade retro izena eman dio artistak erakusketari. Hilabete osoan izango da ikusgai.
Joan-etorri asko duten geltokiak dira Abando eta Moyuakoak, hiriburuaren erdigunean baitaude biak. Herritar gehienak arrapaladan igarotzen dira barrualdeko galerietatik. Itota; lanera, mandatuak egitera edo bestelakoetara. Presa nabari ohi da metro geltokietan. Umore zintak dituzten panelen aurretik pasatzean, sakelako telefonoari begira doazenak antzeman ere ez dituzte egiten. Beste askok, marrazkiei begiratzen diote oinez doazen bitartean. Gutxi batzuk dira tartea hartu eta marrazki artean dauden testu eta istorioak irakurtzeko denbora hartzen dutenak.
Arineketan zihoala horiei begira geratu da Samarcanda Espinosa, une batez. Bakarra irakurri, eta aurrera jarraitu du, egunerokoaren presaz edo. «Bitxia» iruditu zaio komiki zintak metro geltokiko hormetan ikustea. Ezagunak egin zaizkio irudiak, ordea: «Egunkarian ikusi ditut». Gustatu zaio egitasmoa. Baina pentsatzen du jende askok ez dituela irakurriko: «Ziztu bizian igarotzen gara geltokietatik».
Marrazkiei begira zebilen Raul Gonzalez. Horietako bat ikusi ondoren, besteak ikuskatzeko gogoa sartu zitzaiola adierazi zuen. «Ez nuen ideiarik ere erakusketa hau jarriko zutenik. Baina oso dibertigarria da, berezia». Ezagutzen du Forgesen lana: «Ez dut El País egunkaria irakurtzen. Baina ezagunak dira haren marrazkiak, edo egileak marrazteko duen era». Erakusketaren mezuari begira geratu zen, une batez, Gonzalez: «Pentsatzen dut gaia umorez lantzea ondo egon daitekeela. Baina, kalean, errealitatea bestelakoa da matxismoari dagokionez». Metro geltokiak erakusketak egiteko leku aproposak iruditzen zaizkio Gonzalezi: «Jende asko pasatzen da hemendik egun osoan. Beste kontu bat da herritarrak irakurtzera geratzen diren edo ez». Lur azpitik doan garraioan egiten diren joan-etorriak abiadan egiten direla nabarmendu zuen irriz: «Presarekin bizi gara». Gauza bera dio Valentin Benitok. Metrotik ateratzen ari zela haren atentzioa eman diote marrazkiek, eta adi geratu zen begira: «Oso ideia ona iruditzen zait». Marrazki zinta bat irakurrita, bere bideari jarraitu zioen Benitok.
Mende erdia, umorea egiten
50 urte dira Forges komiki zinta umoretsuak egiten hasi zela. Eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diote Bilboko Barrea jaialdian. «Egitasmoaren lagun handia da Forges». Hala aitortu zuen Juan Bas jaialdiaren zuzendariak. Ez da parte hartzen duen lehen aldia, lehen jaialdian eta hirugarrenean ere Bilbon izan zen. Oraingoan, haren lana Bilboko herritarrei zabaldu nahi izan diete.
Gizarte gaiak umorez lantzen ditu Forgesek bere marrazkietan. Eta horietako batzuk aukeratu dituzte jardunaldietako antolatzaileek. «Emakumearen egoera soziala eta matxismoa lantzea erabaki genuen», zioen Basek. «Erakusketa txikia da. Baina oso ondo eginda dago». Hilabete osoan egongo da erakusketa metroan. Tartea hartzen duenak, badu geltokian geldialdia egiteko aukera.
ATZEKOZ AURRERA
Paperetik, metroaren hormara
Bilboko Barrea jardunaldietan, Forges marrazkilariak «emakumeen egoera sozialaz» dituen lanekin erakusketa jarri dute Abandoko eta Moyuako metro geltokietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu