Mikel Aiestaran (Beasain, Gipuzkoa, 1975) freelance edo bere kasa lan egiten duen kazetari bat da. EITB eta Vocento taldeetako komunikabideentzat egiten du lan.
Gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Kazetaritzaren mugak arabiar iraultzetan izeneko euskarazko mahai inguruan parte hartuko du Aiestaranek, Alberto Pradilla eta Karlos Zurutuzarekin batera.
Zer testuingurutan kokatzen ditugu arabiar iraultzak?
Denbora askoan diktadurapean egon diren lurraldeak dira, ezaugarri bertsukoak, eta halako batean nahikoa dela esan dute. Inork espero ez zuena gertatu da: iraultza martxan jarri zenetik bata bestearen atzean etorri dira. Gutxieneko askatasuna eta baliabideak eskatzen dituzte, baina hasieran erreforma txiki batzuk baino ez zituzten eskatzen. Hala ere, diktadoreen erantzun gogorra ikusita, iraultza bera gogortu zen, eta azkenean, Tunisian, Libian, Egipton eta Yemenen ikusi bezala, benetako aldaketa ekarri dute.
Nola bizi dituzu matxinada hauek kazetari ikuspuntutik?
Guretzat oso aberasgarria izan da. Ezusteko galantak izan ziren aldaketak, eta horregatik dira interesgarriak, ez analistek, ez adituek... inork ez zuelako espero horrelakorik gertatzea. Gainera, erronka bat da kazetariontzat. Guretzat oso garrantzitsua izan da, zeren eta lehen, diktadura garaian, ezinezkoa baitzen Sirian, Libian, Tunisian eta Egipton lan egitea. Gaddafirekin, sei urte egon nintzen bisa eskatzen, eta ez zidaten eman. Orain, joateko eta lan egiteko aukera dugu. Horregatik, kazetarientzat aurrerapauso bat izan da.
Nola jokatu dute estatuek hedabideekin?
Diktadura hauetan sistemak, erregimenak berak, ez zuen prentsa librerik onartzen. Lurralde batzuetan, Libian esaterako, historian lehen aldiz egin dugu lan. Prozesu konplexuak dira, urte asko igaro baitira diktadurapean, eta beldur dira. Paranoia pixka bat daukate gurekin; askotan, espioiak garela pentsatzen dute. Hori ezabatzea ez da erraza izango. Denbora beharko dute gurekin lan egiteko, bai atzerriko kazetariokin, baita bertako hedabideekin ere.
Hango hedabideei nola eragin die matxinadak?
Egoera berria da haientzat. Ezin dugu herrialde guztietako egoera alderatu, baina orokorrean aurrerapausoak ikusi ditut. Baikorrra naiz etorkizunari begira. Orain ikusten dudana lehen ez nuen ikusten. Hala ere, komunikabide ofizialek esaten dutena ez dut sinisten, lehen ere ez, baina gutxienez beste komunikabide eta iritzi batzuk ere onartzen dituzte.
Zerk eragin dizu zirrara handiena?
Joan den astean, Egipton izan nintzen lanean, eta, nahiz eta hauteskundeetan Anaia Musulmanek irabazi, ia komunikabide guztiak haien aurka daude; oso garbi, gainera, eta gezurrak esanez, erregimen zaharrak zituen teoriak babestuz. Ez nuen espero horrelako jarrerarik. Islamismoari zaion beldur hori... Eten handi bat ikusten dut komunikabideen eta gizartearen artean.
Zuk zer itxura hartzen diozu?
Horrelako lekuetan, oso zaila da bihar zer gertatuko den jakitea. Oso egoera aldakorra da, eta berandu gabe edozer gerta daiteke. Iraultzaren osteko egoerari adi egon behar da, jakiteko bai benetan zer gertatzen ari den eta bai etorkizuna zein izango den ere.
Mikel Aiestaran. Freelance kazetaria
«Paranoia pixka bat daukate gurekin; askotan, espioiak garela pentsatzen dute»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu