Iruñeko auzo jendetsuena, Arrotxapea, festan murgilduko da gaurtik aurrera. Arrotxapekoak jai alaiak eta giro onekoak dira eta auzoko jendea ez eze, Iruñeko beste auzoetakoa eta Iruñerriko franko ere biltzen da festara. Gaur hasi, eta, hiru egunez, zer egin eta gozatu izanen da auzoan.
Astebete daramate Aste Kulturaleko ekitaldiekin beroketa lanetan Iruñeko Arrotxapea auzoko bizilagunek, eta prest dituzte jadanik gorputzak. Igandera arte hamaika ekitaldi prestatu ditu jai batzordeak, eta markak hausteko asmoa dute, gainera. Markak hausteko, ordea, lehenik eta behin, suziria bota behar da, eta gaur eginen dute lan hori. 20:00etan, Karbonilla gaztetxean. Segidan parrandak hartuko du lekukoa. Maiordomoen lehen dantza, jaietan egon ezin direnen omenezko brindisa, kalejirak eta dantzaldiak izanen dituzte afalaurrean. Baina parrandarako edaria eta musika ez ezik, janaria ere ezinbestekoa denez, afaltzeko aukera bat baino gehiago izanen dute Arrotxapean. Auzoko gazte asanbladak antolatuta, gazte afaria izanen da 21:00etan, Karbonilla gaztetxearen atarian. Hara bildu ezin dena kalez kale egiten diren afarietara joan daiteke, 22:00etan. Ordu berean, lehenengo zezensuzkoa, eta, afalondoan, kontzertuak jai barrutian. Trono de Judas, DJ Jo ta Txo, Tinko eta gau karibearra Guararey hirukotearekin Rotxapea Peñan.
Larrain dantza eta biboteak
Larrain dantza jendetsuenaren Guinness marka lortu nahi dute bihar auzoan. Aurreko bi urteetan ere saiatu izan dira, baina alferrik izan da, ez dutelako markarik lortu. Hirugarrenez eginen dute proba aurtengoan, dantzaldi erraldoia 21:00etan eginen da, Maiteminduen parkean. «Marka lortu ala ez, helburua dantza egitea eta gustura ibiltzea da», dio Eneko Burusko jai batzordeko ordezkariak.
Ez da izanen, ordea, larrain dantzarena asteburuko marka saio bakarra. IV. Bigotada Herrikoia ere antolatu dute auzokideek, eta bibotea moztu gabe uztera animatu dituzte Arrotxapera biltzen diren guztiak. Neska nahiz mutil, festetara benetako edo gezurrezko bibotearekin agertzeko gonbidapena egin dute. «Duela lau urte auzoko sail batek hasi zuen ekitaldia da, oso gurea. Umorea eta jendea ez da faltako, eta nahi duen orok parte har dezake, adin guztiei irekia da», dio Buruskok. Bibotedunak nonahi nahi dituzte asteburuan, eta Iruñeko beste auzoetatik datozenei ere bibotearekin joateko gonbidapena egin diete.
Baina gehiago ere bada festaz gozatzeko. Txokolate jana eta haurrentzako gaztelu puzgarriak izango dira bihar goizean, eta txistor jatea eta motozerraz egindako eskulturen erakustaldia eguerdian. Bazkaltzeko, berriz, kaldereteak izango dira 14:00etan, eta ur-mahukada ondoren. Bi ekitaldiak Runa parkean eginen dira. Arratsaldean, herri kirolak eta erraldoiak 18:00etan, eta bertso poteoa 20:30ean. Jon Maia, Irati Majuelo eta Julio Soto bertsolariak ariko dira.
Etzi goiza alaitzen gaitariak ibiliko dira, 09:00etan hasita, San Blas plazatik abiatuko dira. Pilota partidak izanen dira 10:30ean, eta ordu berean aterako da ere erraldoien konpartsa. Eguerdian herri txistor-jana eginen da, berriz ere, Galtzagorri elkartean, eta ordu batean erraldoein agurra iritsiko da. Arratsaldean berriz, 14:30ean, paella beganoa eginen dute jai barrutian. 19:00etan maiordomoak dantzatuko dira eta zezensuzkoa, azkenik, 22:00etan. Eta aurtengoz, kito eginen dute festek.
Jaiak. Arrotxapea
Parrandan ibiltzeko hiru eguneko asteburua
Gaur iluntzean hasiko dira Iruñeko Arrotxapea auzoko jaiak, eta igandera arte jenderik ez da faltako festan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu