Jaiak. Urdiain

Parrandarako gogoa duenak, festarako aukera faltarik ez

Iñigo eta Imanol Goikoetxea Gozategi taldeko abeslariek botako dute suziria gaur eguerdian

Asteartean egingo dute herriko emakumeek bazkaria. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
San Pedro eguna joandakoan hasiko dituzte festak Urdiainen(Nafarroa). Gaur botako dute suziria, eta uztailaren laura bitarte non gozatua izanen dute herritarrek. San Pedroren omenez ospatzen dituzte jaiak, baina santuaren eguna pasatu eta gero. Urteroko legeari jarraituz, gaur eguerdian hasiko dira festak, txupinazoa piztu bezain azkar. Iñigo eta Imanol Goikoetxea anaiek, hau da, Gozategi taldeko abeslariek botako dute suziria. Behin kohetea lehertuta, urdiaindarrek festari ekinen diote.

Gozategi musika taldeak hogei urte betetzen dituela eta, omenaldia egin nahi izan diote taldeari herrian. Horregatik gonbidatu dituzte Iñigo eta Imanol Goikoetxea herritarrak suziria piztera. Baina haien ekarpena ez da horretan geldituko. Kontzertu berezia eskainiko dute gaur gauerditik aurrera. «Gozategi taldean bi herritar egon arren, oraindik ez dute inoiz herrian jo. Aurten musikan hasi zireneko hogeigarren urteurrena betetzen dutela eta gonbidatu ditugu», dio jai egitarauaz arduratzen den Maite Aldaz Euskara eta Kultura zinegotziak.

Txupinazoaren ondotik, jaien lehen egunak musikarekin jarraituko du. Zortzietan, Sakanako trikitilariak eta El Cohete Erriberako Marcilla herritik urtero joaten den txarangaren emanaldia izanen da plazan. Ordu berean herri afariak hasiko dira. Eguna Gozategi taldearen emanaldiarekin bukatuko dute.

Bihar erromeria eginen dute herrian. Eguerdian San Pedro baselizara igoko dira urdiaindarrak. Bazelizan, apaizak emandako meza nagusia entzun ondoren, bertako zelaian bazkalduko dute. Urtero legez, gonbidatu bereziak izanen dituzte otorduan. Udalak bazkaltzera gonbidatzen du Altsasuko udalbatza. Izan ere, San Pedro egunean alderantziz egin zuten, eta urdiaindarrek egin zieten bisita altsasuarrei, han ere festetan baitaude. Mezaren ondotik, alkateak zortzikoa dantzatuko du. San Pedro baseliza Altsasu eta Urdiainen artean dago, eta lekua partekatu behar izaten dute. Horregatik, hara joateko egunak banatu egiten dituzte bi herriek.

San Pedro egunean Altsasukoen txanda izaten da; hurrengo igandean, berriz, lekukoa urdiaindarrek hartzen dute eta haiek joaten dira baselizara, herriko jaiekin batera. Baseliza bera ere bitan zatiturik dago; harri batek banatzen ditu batzuen eta besteen eremuak. Bi ate ere baditu, herri bakoitzarentzat bana.

Herri bazkariak protagonista

Inguruko herrietako jaietan bezala, musika eta jana ez dira faltako Urdiaingo jaietan. Herri otorduak dira jaietako oinarri. «Bazkariak eta kaleko giroa dira festetan nagusi», azpimarratu du Aldazek. Astelehenean jarraituko du bazkarien festak, erretiroa hartutakoen eguna izanik, zaharrena eginen dute lehendabizi, eta gizonen bazkaria gero. Bainabazkariaren aurretik bideo emanaldi berezia izanen dute Herrietxeko Auzoan elkartean. Urdiaindarren Urdiain pelikulan herriko jendeak XX.mendeko Urdiain nolakoa zen kontatzen du.

Emakumeek asteartean ospatuko dute haien eguna. Bazkaltzera bilduko dira herriko plazan, eta El Cohete txarangak alaituko du bazkalondoa. Asteazkenean, jaien azken egunean, herri bazkaria eginen da. Nahi adina paella jateko aukera izanen dute urdiaindarrek. Bazkarian ateratzen den diruarekin Santa Ageda ospakizunak ordaintzen dira. Beraz, festarako gogoa duenak badu aukera franko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.