Saioa Burutaranek (Donostia, 1986) Arte Ederrak ikasi zituen Milanen (Italia). 1960ko eta 70eko hamarkadetako musika du pasio, eta horri tiraka ilustratu du A Bam Bam Boo Loo Ba izeneko liburua —Javier Polo da idazlea—. «Nire hamarkada musikala da». Liburuko ilustrazioekin, izen bereko erakusketa aurkeztu du, Dock Of The Bay musika dokumentalen Donostiako jaialdian.
A Bam Bam Boo Loo Ba izena jarri diozu erakusketari. Nondik dator izen berezi hori?
Little Richard musikariak abesti bat dauka: «A Bam Bam Boo Loo Ba A Bam Bam boo!» [abestu du]. Abeslaria rock-and-rolleko famatuenetako bat da, eta esaldi hori oso tipikoa da. Horregatik, liburuari izen hori jartzea pentsatu genuen.
Liburuak kontatzen duena eta erakusketak kontatzen duena bat datoz?
Dock Of the Bay festibalean urtero jartzen dute erakusketa bat hainbat ilustratzailerekin. Aurten galdetu zidaten ea animatzen nintzen. Pentsatu nuen ondo egongo zela gero mamituko zen zerbait egitea: liburu bat-edo. Orduan, hari gidari bat bilatu nuen, erakusketaz gain, gero liburu bat ateratzeko. Javier Polorengan pentsatu nuen, eta hark idatzi ditu artista musikarien anekdotak. Liburuko istorio bakoitzak nire ilustrazio bat du. Agian jendeak ez dakizkien gauzak dira.
Zein estilo musikal landu dituzu?
Soul, country, jazz edo folk estiloetako artista asko eta talde ospetsuenak daude, baina, batez ere, rock-and-rolla da nagusi.
Musikari horiekin abiatuta, barne mundu oso pertsonala sortu duzu. Familiako album moduko bat egin nahi izan duzu?
Pertsonaien aurpegiak soilik azaltzen diren ilustrazioak egin beharrean, ilustrazioak berak istorio bat kontatzea nahi nuen. Musikariak dira protagonista, baina artisten aurpegien bilduma bat baino gehiago da.
Pertsonaien idealizazioetatik eta abestiek eragindako emoziotik abiatuta marraztu dituzu irudiak?
56 artista daude liburuan, eta ilustrazio bakoitzak artista bakoitzaren pasadizo bat kontatzen du. Adibidez, Janis Joplin erretratatu dut, baina, aurpegia bakarrik egin beharrean, whiski botila batekin jarri dut, beti mutilei buruan apurtzen zielako botila. Jendeak ikusiko du eta esango du: «Hau badakit zein istorio den». Baina beste batzuek esango dute: «Hau ez zait ezaguna egiten». Bilatu, miatu eta anekdota usain daiteke.
Bitxitasun ilustratuak al dira zure lanak?
Hori da.
Zein da bitxietan bitxiena?
Jendeak asko jakiten ditu, baina ni gehien honek harritu ninduen: The Allman Brothers Band taldekoak barbakoa bat egitekoak ziren, eta haragia ahaztu zitzaien; orduan, bidean behi bat hil zuten, baina Polizia pasatu zen, eta harrapatu egin zituen. Beste adibide bat: Gram Parsonsek desertuan lurperatua izan nahi zuen; haren gorpua beste nonbaitera eraman zuten, baina lagunek lapurtu egin zuten, eta desertuan erre zuten, hark nahi zuen moduan. Pasadizoak garaia hura bezain eroak dira.
Egiazkoak dira istorio guztiak?
Liburuaren hasieran jartzen du: «Egiaren eta kondairaren artean, kondaira aukeratu». Gehienak egiazkoak dira, kontrastatuta daude; kasu batzuetan, beti dago zalantza.
Kondairak beti gainditzen al du errealitatea?
Bai; agian horregatik da kondaira, ezta?
Animalia asko agertzen dira zure irudietan, kolore apalak erabiltzen dituzu, esaldi filosofikoak tartekatzen dituzu... Batzuek estilo indiea duzula diote, eta beste batzuek retro-a dela. Nola definituko zenuke zuk?
Ni saiatzen naiz nire estilo pertsonala ez galtzen. Nik inoiz ez ditut erretratuak egin, eta erronka bat zen hasieran liburua egitea: zenbat aurpegi, zenbat istorio... eta ezagutzeko moduan egin behar! Ez dakit oso ondo zein estilo dudan. Jendeak esaten du: «Hau Saioa da». Agian koloreengatik, teknikagatik, aurpegiengatik; botanika asko erabiltzen dut, animaliak ere bai...
Zure marrazkiek ikusleari zer transmititzen diote, zure ustez?
Goxotasuna, enpatia haurtzaroko zerbaitekin... Halako zerbait.
Haurtzarora jotzen duzu margotzeko orduan?
Azeri bat margotzeko esaten badidate, nire estilora margotzen dut. Ez dut pentsatzen hainbeste: irteten zaidan bezala egiten dut. Baina jendea ohartzen da ni naizela, eta hori ederra da.
Pertsonaien atalik esanguratsuena ezkutatzen saiatzen zara. Zergatik?
Istorio batzuk paisaiarekin bakarrik marraztu ditut: ez dut artista sartu, erritmo ezberdinak izan ditzan lanak. Ez izateko dena aurpegia eta testua. Saiatu naiz irakurlearentzat dibertigarria izan dadin.
ATZEKOZ AURRERA. Saioa Burutaran. Ilustratzailea
«Pasadizoak garai hura bezain eroak dira»
1960ko eta 70eko hamarkadetako musikari sonatuen istorioekin sortu du Burutaranek 'A Bam Bam Boo Loo Ba' erakusketa. Donostiako Dock Of The Bay festibalean aurkeztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu