Badiaren inguruan sorturiko herria da Pasaia, lau auzunetan banatua: Trintxerpe eta Molinao dira industrialenak, San Pedroko kaietan arrantzaleen ontziak ikus daitezke, eta Donibane marinel portua da, Bizkaiko itsasoko olatuei aurrez aurre begira bizi den herrixka xarmanta. Ulia eta Jaizkibel mendiek sortutako portu naturalaren ertz batean eraikitako herria da Donibane. Haize eta ur korronteetatik babestutako badia horrek Norvegiako fiordo naturalen tankera du.
Pasaiako badia Pasage esaten zioten garai batean, itsasontziak pasatzeko leku estrategikoa baitzen. Inguruko herritarren garraiobidea txalupa zen. Nafarroako Erresumako portua izan zen. Santxo VI. a Jakituna Nafarroako erregeak foruak eman zizkion Donostiari 1180. urtean, eta Hondarribiari 1207an, Pasaia bitan banatuz. San Pedro Donostiako parte bilakatu zen, eta Donibane Hondarribiren menpeko. Lehenak 1805ean hautsi zuen hiribuarekiko lotura, eta bigarrenak lehenxeago Hondarribirekiko zuen kidetza, 1770ean. Hiru izan dira harrezkero Pasaiak garatu dituen jarduera ekonomikoak: portu komertziala, arrantza eta ontzigintza.
Lezo zeharkatu, Jaizkibelgo bidegurutzea eskuinaldera utzi, eta autoarekin zuzen segituz ailegatzen da Pasai Donibanera. Lehendabiziko 500 metroetan bi noranzkoetan ibil daitezke autoak, eta bat-batean, aldapatxo batean behera eginez, Bizkaia auzoko zabalgunea dago. Kondairek diotenez, Bizkaiko On Pedro Donibanera iritsi zenetik -912 urtean-izen hori du zabalgune horrek. Musulmanek Pasaia helburu zutela, eta On Pedrok aurre egin eta irabazi ziela diote. Gizaldi askotan hainbat ontziolen lantoki izandakoa, autoentzako aparkaleku bilakatu da egun. Primerako lekua, Donibane oinez ezagutzen hasteko.
PLATAINDIK SANTIAGO PLAZARA. Platain etxea da zabalguneko eraikinik nabarmenena. Hondartzatxo bat zuen aitzina bere magalean. Beheko zatia harlanduz egina dago, eta goikoa adreilu hutsez. Balkoi dotore batek janzten du Donibaneko etxerik zaharrenaren ikuspegia. Parez pare, tximinia handi bat. Ontzigintza izan da jarduera nagusia, baina XIX. mendearen erdialdean portzelana lantegi bat jarri zuen martxan bertan Baignol izeneko frantziar batek. Ez zuen urte askoan iraun, baina lantegian oretu, moldatu eta urreztatutako hamaika platera, erretilu, pitxar eta mahai-ontzi Donibaneko hainbat etxetan badaudela nabarmendu du Oihana Viles turismo agenteak.
Aurrera begira jarrita estutzen da kalea. Donibane kalea da, auzoko kale nagusia. «Kalea oso estua denez eta auto bakarra kabitzen denez, hamar minutuz behin aldatzen da semaforoa», zehaztu du. Dotoreagoa, erasoagoa eta atseginagoa egiten da bidea oinez. Abiatu eta berehala Arizabalo jauregia dago ezkerraldean. Eraikina berritzen ari dira, eta litekeena da hori izatea hemendik aurrera Pasaiako udaletxea, Vilesek zehaztu duenez. «XVIII. mendekoa da, barroko estiloan egina. Esaten dute Arizabalo familia dela Pasaiara iritsi zen lehena. Arizabalo izena harri zabaletik datorrrela diote». Eta litekeena da hala izatea, etxearen kantoi harriak bikainak baitira oso.
Haren parean, San Juan Bataiatzailearen eliza dago. Estilo neoklasikoa eta barrokoa uztartzen ditu eraikinak. Herritarrek beraiek parte hartu zuten elizaren eraikuntza lanetan. «Donibane Lezo baino handiago izan arren, ez zuen parrokia propioa izan XVI. mendera arte. 1545. urtean hasi ziren eraikitzen, eta 1643an egin zuten lehen eliz ospakizuna». Sarrerako ate gainean patroiaren irudia dago, Juan de Lan frantziarrak 1731n egina. Sebastian Lekuona oiartzuarrak eginiko aldarea, Ferrer familiaren hilobia eta Santa Faustinako kutxa dira eliz barruko egitura aipagarrienak.
Bidea gero eta gehiago estutzen da aurrera egin ahala. Ezker-eskuin daude eraikinak, eta oinezkoak Erdi Aroko herri batean dabilen irudipena izaten du. Elizatik hogei metro eskasera ontziola dago. Gaur egun, Itsasontzi Tradizionalen Ikerketa eta Eraikuntza Zentroa da ontziola. Kale zaharreko bigarren arkupea pasa ondoren, Miranda etxea ageri da, XVI. mendekoa, Pizkunde garaian egina da. Bikario Etxea da egun, eta azpiko aldean, Aitonen aterpea dago.
Bikario etxeari erantsita Victor Hugo etxea dago. Turismo bulegoa eta erakusketa aretoa da egun, eta hirugarren arkupe parean dago harako sarrera. Victor Hugo idazle frantziar ospetsuak eman dio izena eraikinari. «1843ko udako aste batzuk pasa zituen hemen Victor Hugok. Pirinioetako liburuxka egiten ari zen, eta bere idatzietan aitortzen duenez, liluraturik geratu zen Donibaneko txoko hau ezagutu zuenean», nabarmendu du turismo agenteak. Uliatik San Pedrora, eta batelez Donibanera heldu zen Victor Hugo. «Ezkutuan zegoela esaten zuen, horregatik ez zuela inork ezagutzen. Egia esan Donibanek asko zor dio Victor Hugori, frantziar asko etortzen baitira bisitan».
Villaviciosa jauretxearen alboan, Piedade Plazako gurutzetokia dago. Han, Orreagako gatazkari omen egiten dion plaka bat dago, Pasaiako arrantzale asko joan baitziren haruntza borrokara. «Arrantzaleak eskaintza hitzak egitera etortzen ziren hona». Gurutzetokiaren aurre aldean ontziratoki txiki bat dago, eta eskuinean, mendi aldera, Santa Ana baseliza dago. Handik badiaren ikuspegi paregabea dago. «Flandriatik ekarritako Santa Anaren irudia dago barnean». Azken eta laugarren arkupea pasa ondoren, herriko enparantza dago, Santiago plaza.
BIGARREN ZATIA, 'PUNTAS'-ERAINO. Itsasoari irekitako arrantzale plaza da Donibanekoa, atsedenaldi bat egiteko toki aproposa. Bata besteari erantsitako etxeak badiara begira daude, eta haien tartean dago egungo udaletxea. Armarrian bi itsaslamina eta bi arraun ditu. Eraikin guztien baturak argazki dotorea eskaintzen du: etxe estu eta luzeak, kolore ezberdinez margotuak, egurrezko balkoi ederrak... «Plazako ontziratokitik ateratzen dira batelak San Pedro aldera joateko. Nestor Basterretxearen eskultura ikus daiteke hemendik».
Plazatik goraka segi, eta beste eliza bat dago: Bonantzakoa. Kristo Gurutzatuaren irudia dago elizan. «Irudi hori arrantzaleek itsasoan aurkitu zutela dio tradizioak». Donibaneko arraunlariek estropadetan irabazitako ikurrinak han gordetzen dituzte. Aurrera segi, eta txapel zabalak dituzten bi erromes datoz mendian behera. Kostaldeko Donejakue Bidea egiten ari dira.
Pare horretan berritutako pasealeku bat hasten da. Ezkerrera bokalea, eskuinera mendia, eta muinoan bertan Santa Isabel gaztelua. «Kaiko ahoa etsai eta kortsarioetatik babesteko eraiki zuten gaztelua. Kanioiak ere bazituen». Egun ikusten dena gazteluaren puska bat da, eta jabetza pribatua du. San Pedroko partean eraiki zuten gazteluaren arrastorik ez dago gaur egun. Itsas zabala gero eta gertuago dago.
Pasealekuan zehar begiratokiak, aulkiak eta iturriak daude. Gipuzkoako bira egiten duten GR-121 ibilbiderako bidezidor batera ere hel daiteke handik. Baina mirestekoa, paisaia da. Ulia eta Jaizkibel mendien maldak, itsasoaren ziztaden lekuko. Ulia mendiaren magal horretan itsasoaren higadurak harkaitzean sortutako fenomeno bitxia dago: Pasaiako ispilua. Giroa gandu ez dagoenean soilik ikus daiteke. «Itsasargi naturala da. Eguzkiak jotzen duenean isla egiten du arrokak, eta itsasontzientzat itsasargi funtzioa egiten du». Jaizkibelgo itsaslabar basatiek egiten dute hortik aurrerakoa.
Itsas kultura lehengoratzea du helburu Albaola elkartearen ontziolak
San Juan Bataiatzailearen elizaren eta Miranda etxearen artean, Albaola elkartearen ontziola txikia dago. Orain dela zazpi urte sortu zuen ontziola hori Albaolak, Oarsoaldea elkartearekin batera. Euskaldunen garai bateko itsasontzien tipologia lehengoratzea eta eskulangintzari eustea dute helburu, Xabier Agotek zehaztu duenez. Lan hori guztia jendaurrean egiten dute. Horrek badu bere arrazoia: «Batetik, Pasaia bera dinamizatzeko balio du gure lanak, eta bestetik, itsas kultura eta ondarea zabaltzen laguntzen digu horrek. Bigarren hori da gure elkartearen helburu garrantzitsuena».
Egiten dituzten txalupa guztiak erabiltzeko dira. Orain arte XVI. mendeko euskal itsasontziak egiten aritu dira, eta horiek egin ahal izateko arkeologoen lana ezinbestekoa izan zaie. «Hondoratutako euskal txalupak aurkitu dituzte, eta gu horien erreplikak egiten aritu gara». Sonatua izan zen oso 2003. urtean Kanadan barrena egin zuten Apaizac Obeto espedizioa. Irlandako itzulia ere egin dute. Horrez gain, itsas kultura sustatzeko, munduan barrena egiten diren topaketetan ere parte hartu dute. Orain proiektu handi bat dute esku artean, neurri batean Donibane auzoari «kalte» egingo diona. «San Joan Galeoia egin nahi dugu, 22 metrokoa. Horretarako San Pedrora eramango dugu ontziola, hau txikia geratu baitzaigu».
JaKInGarrIaK
Nola iritsi: Donostian A-8 autobidea hartu, eta Pasaiako irteeran irten. N-1 errepidetik Errenteriako biribilguneraino joan, eta Lezoko noranzkoa hartu. Lezotik kilometro eskasera dago Donibane.
Lo egin: Jaizkibel mendiaren magalean Arrokaundieta aterpetxea dago. Lezon, Errenterian eta Oiartzunen ere har daiteke ostatu, hotel eta landetxeetan.
Jateko: Arraina dastatzeko jatetxe dezente daude Donibanen barrena.
Bisita gidatuak: Batelen ibilbidea, Lafayetten ibilbidea, Victor Hugoren ibilbidea, Blas de Lezoren ibilbidea...
Irteerak txalupaz: Pasai Donibane eta Pasai San Pedro lotzen dituen linea. Bestelako irteerak ere egin daitezke.
Mendian ibiltzeko: Gipuzkoako itzulia egiteko GR-121 bidea handik igarotzen da.
Informazioa gehiago:www.pasaia.netwww.oarsoaldea-turismo.net