aisialdia

Pasaiako Itsas Festibalak ehun ontzi tradizional bilduko ditu

Edu Lartzanguren.
2018ko martxoaren 21a
13:13
Entzun

"Ehun ontzirekin, gelditu egin behar izan genuen izena emateko prozesua, jaialdia eskuetatik ez joateko", esan du Xabier Agote Albaolako presidente eta Pasaia Itsas Festibaleko zuzendariak. Gaur goizean aurkeztu dute jaialdia, Pasai Donibanen (Gipuzkoa). Maiatzaren 17aren eta 21aren artean, ehun ontzi tradizional bilduko dira badian, Pasaiaren "itsas kultura eta historia" zabaltzeko, Agotek azaldu duenez. Lehen aldiz egingo dute jaialdia Pasaiako badian, eta bi urtetik behin egingo da.

Ehun ontzi horietako herenak Frantziatik eta Bretainiatik helduko dira. Frantziako Hermione ontzi historikoaren erreplika izango da izarra. Lafayette markesa 1780an Ameriketara, hango independentzia gerran laguntzera, eraman zuen Hermione belaontziak. Danimarkako Kaskelot ontziak ere hartuko du protagonismoa, eta Atlantikoko azken atunontzi beladunak.

Bresten (Bretainia) egiten den itsas jaialdia eredu gisa hartu dute antzolatzaileek. Baina hura baino txikiagoa izango da —milaka ontzi elkartzen dira Bretainian—, eta, hangoa ez bezala, "publikoa eta doakoa" izango da Pasaiakoa, Izaskun Gomez alkateak adierazi duenez.

"Galizia izango da herrialde gonbidatua", adierazi du Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatuak.

Aurtengoa izango da lehena, baina, gero, bi urtetik behin egin asmo dute jaialdia. Hurrengoan, 2020an, Agoteren Albaola elkartea eraikitzen ari den San Joan baleontzia badiako uretan egongo dela agindu dute.

Herritarrek ontziak bisitatu ahalko dituzte (ordainduta), eta, badia osoan, bitartean, musika eta gastronomia ekitaldiak eta erakusketak egingo dituzte. "Ontzi ederren bilkura izango da", adierazi du Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak. Jaialdiak "kontzentratu gabeko eta sasoiz kanpoko turismoa" bultzatzeko balioko duela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.