Pilotazaleek ekitaldi berezia dute aste honetan Oiartzunen (Gipuzkoa). Pilota Zuzenean! jaialdian parte hartu ahal izango du herrira bertaratzen den orok. Irudiz hornitutako hitzaldi bat, pilotari buruzko erakusketa bat eta pasaka pilota modalitateko partida bat ikusi ahal izango dute.
Hasiera batean aire libreko partidak aurreikusi bazituzten ere, eguraldiaren ondorioz partida horiek atzeratzea erabaki dute. Eguraldi kaskarra iragarri dute astebururako, eta, beraz, bote luzea, laxoa eta erreboteko partidak bertan behera utziko dituzte.
Pilota Zuzenean! ekitaldia bere osotasunean udaberrian egiteko asmoa erakutsi dute antolatzaileek.
Hala ere, aste honetarako sabaipean antolaturiko ekitaldiak mantentzea erabaki dute, hots, erakusketa, hitzaldia eta pasaka partida.
Hitzaldia bihar izango da, 19:00etan, Lekuona liburutegian. J.M. Mitxelena hizlaria Oiartzualdeko joko zuzenei buruz arituko da.
Kontzejupean jokatuko dute pasaka partida, larunbat eguerdian. Batez ere Ipar Euskal Herrian jokatu ohi da pilota modalitate hori, trinketeetan. Tenisaren antz handia du, jatorri berekoak baitira.
Joko zuzenak euskal pilotan erakusketa igandera arte egongo da ikusgai, Oiartzungo turismo bulegoko leihoetan.
Pasaka partida, Pilota Zuzenean! jaialdiaren harira
Pilota ardatz duten hitzaldia, erakusketa eta pasaka partida ikusteko aukera izango da egunotan Oiartzunen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu