Baionan sortua izanik ere, ez da sekula baionar sentitu Arantxa Idieder (1985). Gure Irratiko esataria ostalari bilakatuko da egun oso batez, irratiarentzat dirua biltzeko Patxondo elkartea atxikiko baitute gaur.
Ez dituzu bereziki gustuko besta hauek, baina...
Nik ere besta egin izan dut, bistan dena. Beti gibelka etorri naiz; laneko usu, mikroarekin. Zaila da. Baina partitzea ere zaila da. Non gertatzen zaren, posible da besta giroan fite sartzea. Bestazalea naiz orokorki; besta goxoki egin nahi baduzu, bada aukera. Eta beti atzeman izan dut besta egiteko leku aproposa. Baina ez naute erakartzen. Bada holako gauza bitxi bat, kontradikzio bat.
Behin etorrita, ezin ihesi egin.
Tarteka. Gertatu izan zait ihes egitea ere.
Zer behar da Baionako bestetan besta polita egin ahal izateko?
Leku egokiak atzematea. Baionako bestak ongi pasatu izan baditut, ongi pasatu ditut sustut badirelako leku egokiak horretarako, leku alternatiboak deitzen ditugunak. Horietan izan dut beti bestak ongi gozatzeko posibilitatea: Epaiska, Patxa plaza... Orain den hori, eta duela hogei urte ere bai; desberdina zen, baina beti hemen gaindi ibiltzen ginen. Bada babesleku bat. Burbuila horretatik ateratzen zarelarik, borroka izaten da. Karrikak trebeskatu behar dira, zezena bezala ibiltzen zara, zuzen, helburu batekin. Baina ez gelditzeko gogoarekin. Bada alde hori: behar dugu joan hortik horra; goazen, jende masa hori trebeskatuko dugu, jasan behar diren irainak eta horrelakoak saihestuko ditugu ahal bezainbat, eta jo aitzina!
Zuk zeuk jasan duzu bortizkeriarik bestetan?
Ez bereziki. Baina pentsatzen dut usatzen garela egoera batzuetara. Hogei bat urte dira bestan ibiltzen naizela. Orain gauza batzuk ez ditugu gehiago onartzen, baina lehen normalak ziren. Lagunekin bazinen, babestua sentitzen zinen; erantzuten zenuen, edo ez. Badut horrelako oroitzapen zozo bat: batek zigarreta bat galdegin zidan, eta erran nion ez nuela. «Urdanga!», erantzun zidan. Joan nintzen. Ez dut zigarretarik, ez dut erretzen; zergatik deitu nauzu urdanga? Gertatu zelarik, ez nintzen itzuli, eta ez nion erantzun; gaur egun, erantzunen nioke. Hori aldatu da. Giro bat bada Baionako bestetan: jendea laxatzen da, onartua da salbaia izatea. Garai batean onartzen genuena orain ez dugu onartzen, eta gai gara zerbait erantzuteko ere. Ez da beti erraza. Egia da ni bestan beti aski ausarta izan naizela: nirea eginen dut besteez arduratu gabe.
Lanera ere etorri izan zara maiz. Zer ekartzen du mikro bat eskuan bestazaleen artetik ibiltzeak?
Irratian euskaraz ari garenez, badakit nora joan elkarrizketak egiteko. Baina mikro batekin ibiltzen zarelarik Baionako bestetan, jendeak hartzen dizu. Mozkorrak dira, eta gauza anitz kontatzen dituzte mikroan; usu frantsesez izaten da; beraz, ez ditut erabiltzen.
Irratilari gisa duzun oroitzapen edo anekdota bat?
Egin izan ditudan prentsaurrekoak, beharbada. Gaur egun, prefeturak agiria bidaltzen du egunero, baina, garai batean, Jean Grenet auzapezak prentsaurrekoa egiten zuen besten balorazioa egiteko. Denek gogoan dugu bortxaketa kasu bat aipatzean zer erran zuen: ikusi behar zela neskak nola janzten diren eta abar. Hori gelditu zen. Pentsatzen dute orain horrelako gauzak ez genituzkeela onartuko eta auzapezak berak ere ez lituzkeela erranen. Kazetarien rola izaten ahal da horrelakoetan berriz sakatzea, eta ez dut uste egin zenik. Horrelako oroitzapenak ditut. Eta funtsean niretzat Baionako bestak ez diren horienak ere bai. Goizetan balkoira joaten nintzen Leonen iratzartzearen berri emateko. Irratiarentzat ez balitz, horrelakoak ez nituzke biziko Baionako bestetan. Herriko etxea, orgen desfilea...
Batzuetan baliteke duda izatea entzuleei ere interesa sortzen dien.
Ez dakit. Herriko Etxeak proposatzen dituen animazioak dira. Zenbaitek ikusten dituzte; so egiten dute egutegian, eta joaten dira. Baina pentsatzen dut, orokorki, guk —nahiz eta ez dakidan nor sartu behar den gu horretan— edo euskaldun anitzek bederen ez da duela interesik Herriko Etxeak proposatzen dituen animazioetan. Gure Baionako bestak bestelakoak dira. Ez dira Leon eta horrelakoak.
Irratiarentzat besta bereziak izanen dira aurten.
Gure Irratia egoera ekonomiko konplikatuan da. Hiru langile ditugu, eta horietako bat ordaintzeko dirua eskas zaigu. Alta, lanerako ez gara aski hirurekin. Diru iturri berrien bila ari gara, brikolatzen. Baionako bestetan bost egunez ostatu bat atxikitzeko ideiarekin abiatu ginen, eta elkarteei proposatu genien elkartasunez guri lokala uztea egun baterako. Azkenean, Patxondok baizik ez du baietz erantzun. Zinez eskertzen ditugu. Hor bilduko dugun diruak ez du irratia salbatuko, baina lagunduko gaitu.
Zer atzemanen du gaur Patxondora joanen denak?
Gu atzemanen gaitu, irratiko langileak eta gure laguntzaileak. Patxa plazako giro euskalduna izanen dugu guk ere; leku biziki egokian gara horretarako. Goizean, gosaria proposatuko dugu: arroltze moleta eta piperrak, arnoa eta kafe xorta bat. Gainerakoan, ostatuan izanen gara goizeko ordu txikiak arte. Animazio modura karaoke bat izanen da, euskal kantuekin. Batzuentzat bitxi da, baina jendeari aipatzean kontent dira, Baionako bestetako giroari egokitzen baitzaio. Helburua da ongi pasatzea eta jostatzea. Taldeko kideak bestazaleak gara, eta helburua da besta egitea Patxondon, sinpleki.
Tixertak ere badituzue.
Irratiaren lelo historikoa hartu dugu berriz: Gure Irratia, zure irratia. Herri irratia baita: zurea ere bada, entzuleena, herritarrena. Nahi dugu jendeek gogoan har dezaten irratiak segitzea nahi badute laguntza beharko dugula gero ere.
LOTSABAKO
Besta egiteko leku bat?
Patxa plazaren eta Epaiskaren artean, jauzika.Edari bat?
Garagardoa. Kalimotxorik ez, otoi.
Zu dantzarazteko musika?
Musikazale handia naiz. Reggaetonetik punkera, dena gustuko dut.