Pazifikoaren usainean

Amets bat gurpiletan (III). Txile eta Argentina erdialdean Aconcagua mendiaren inguruko lurraldea dago. Andeetako mendi kateak han hartzen du altuerarik handiena. Inguruan, baina, lurralde oparoak daude laboreetarako. Ez da alferrik ardoaren lurraldea, bai Mendoza ingurua, bai eta Santiago eta Valparaiso ingurua ere.

inaki petxarroman
2006ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Bero itzela egiten du Mendozan. Pazifikoko haize freskoak Andeekin egiten du topo Mendozako lautada zabalatera iritsi aurretik. Hemen, basamortukoa bezalako bero errea egiten du udan. Patagonian 1.600 kilometro bizikletaz egin eta gero, hiri honetan egun batzuetan atseden hartzea deliberatu dut. Denak Bat Euskal Etxea bisitatzea izan da hirira iritsi eta berehala egin dudan lehen gauza. Musean elkartu dira, ostiralero bezala, eta Euskal Herriko kontuak izan ditugu hizketagai, euskaldun bat bertaratzen den guztietan bezala. Afari ederra izan da: haragia eta tokiko ardoa lagun. Ni baino egun batzuk lehenago hemendik pasatu da Juanito Oiartzabal mendizale ezaguna ere, urtero legez Mendozan baita, Aconcaguarako gidatze lanak egiten. Afariaren ondoren, gazteek hiriko gau giroa erakutsi didate, eta gaua luzatu egin da, goizaldeko argiarekin topo egin arte.

Beroa jasanezina denez, hasierako planak aldatzea erabaki dut, eta mendi aldera lehenbailehen joatea hobetsi, han beroa ez delako hain jasanezina izango. Mendozatik irten, eta laster Repsol-Ypf enpresak inguruan duen findegi erraldoitik igaro naiz: «Kontuz», «arriskua»... Non-nahi ageri da idatzita, bizikletari indar handiagoz emateko agindua balitz bezala. Atzeko gurpil bat puskatu dut, eta segituan hasi da atzeko gurpila parrillarekin jotzen. Hala edo nola konpondu, eta errepidean gora jarraitu dut, Mendoza ibaiaren ibilbideari jarraiki. Andeen mendikateari erreparatu diot, haren urrezko kolore lehorrari. Zer ezberdin Patagoniako parajeak eta hemengoak. Bero latzaizan da egun osoan, baina etaparen azken zatian haizeak atzetik jo du, eta aurrera egiten lagundu. Hala, erraz heldu naiz Uspallataraino. Herria mendi lehorrez inguratutako oasi berde moduko bat da, labore lur oparoz betea. Gurpila behar bezala zentratu, eta abiatu naiz berriro errepidean gora.

Aurreko egunean bezala, atzetik jo du gaur ere haizeak, eta maldaren gogortasuna asko leundu du horrek. Hala, Inkaren Zubiraino heldu naiz. Toki kuriosoa da Inkaren Zubia. Ur termalek famatu zuten garai batean, eta, gaur egun, erabiltzen ez badira ere, bertatik ateratzen dira Aconcagua mendira abiatzen diren mendizale gehienak. Amerikako mendi garaienean (6.992 metro) hildako mendizaleen hilerria dago bertan, ikusgarria bezain izugarria. Biharamunean, bizikleta hartu eta, ibiltzen hasi eta kilometro gutxira, hortxe agertu da Aconcagua menditzarra nire begien aurrean: askotan bezala, lainoxka du gailurrean, eta inguru guztia zeharo oskarbi badago ere, ezin izan dut ikusi bere silueta osoa. Mendatean gora segi, eta laster pasatu naiz Libertadoreen Pasabidetik Argentinatik Txilera. Andeek aurpegi ederra erakusten dute hemen, baina bi herrialde horien arteko garraio astun gehiena inguru horretatik igarotzen da, eta ez da tokirik egokiena bizikletaz ibiltzeko. Gainera, Txileko Poliziak beste toki batzuetan baino zaintza handiagoa egiten du muga toki horretan, eta denbora franko galtzen da bertan. Eskerrak eguraldi ederra eta paisaia zoragarriak dauden hemen. Behingoz eman digute baimena, eta Marraskiloen Aldapatik behera abiatu naiz, erreboltaz errebolta, maldan behera izugarri gozatzen. Putre herriraino aldapa behera ibili naiz. Putren paisaia aldatu da dagoeneko, eta Santiago inguruko labore lurrek itxura berezia hartzen dute hemen: mahastiak, fruta arbolak, olibondoak... «Andaluziako edozein paraje izan daiteke hau», esan diot nirekin batera tokatu den Mariela Liberona santiagoar txirrindulariari. Elkarrekin egin ditugu Putretik Santiagoraino bitarteko kilometroak hitz eta pitz. Azkenean, heldu gara Txileko hiriburura.



SANTIAGO. Pedro Campos santiagotarrak hartu nau bere etxean. Unibertsitateko irakaslea da, eta, uda parteko oporrak tarteko, hiriko txokoak erakutsi dizkit. Xarma berezia eta ikusteko gauza ugari ditu Santiagok, baina ahul heldu naiz ni Mendozatik, eta nekatu antzean ibili naiz bertan geratu naizen lau egunetan. Hala ere, bisitatu ditugu Monedako Jauregia, Santiagoko Euskal Etxea, Pablo Neruda poeta ezagunaren etxea... Paseatzen ibili gara Salvador Allende lehendakariak aipatu zituen etorbide zabaletatik, eta San Cristobal menditik ikusi dugu hiriaren gainean beti dagoen kutsaduraren arrastoa... Eta joateko ordua heldu da, kostaldera joateko ordua.

Santiagotik Valparaisora iritsi naiz egun bakar batean. Txilek independentzia eskuratu eta Kalifornian urrea aurkitu zutenez geroztik, Ameriketako portu garrantzitsuenetako bat bilakatu zen Valparaiso. Artisten inspiraziogune, poeten loreen hartzaile, haren kale estuetan zenbat maitasun istorio, zenbat kantu. Txilen dabiltzan atzerritarrek ezin huts dezakete Vaparaisoko portutik itzuli txiki bat egin, eta, ahal dela, itsaski zopa dastatu gabe.

Valparaisotik irten, eta sei bat egunetan Pazifikoko kostaldean ibili naiz bizikletarekin. Txileko RN-5etik joan behar da nahitaez, eta bizikletaz ibiltzeko ez da ederregia, autobide zabala delako. Baina, etapa guztiak hondartzen inguruetan bukatu ditut: Horcon, Pichicuy, Congoy, La Serena... Egunero aprobetxatu dut Pazifikoko ur garbietan bainu bat hartzeko. Pazifikoko urak garbiak bai, baina hotzak ere badira inguru horretan, Kantauri itsasoko urak udan baino hiruzpalau gradu hotzagoak. Hala ere, Santiagoko jendeak inguru horretara jotzen du oporraldian, eta hondartzak beteak izaten dira uda australean.



Gaua bazterretan nagusitzen denean, izarren festa izaten da Atacamako basamortuan





Pazifikoko urak garbiak bai, baina hotzak ere izaten dira, Kantauri itsasoan baino hiruzpalau gradu hotzagoak





Atacamako basamortua

La Serena hirian autobusa hartu, eta Atacamako basamortuan barneratu nintzen, Calamara iristeko asmoz. Ahaleginak huts egin zidan, ordea. Boliviako neguaren ondorioz, uholdeak izan ziren Antofagasta eta Calama artean, eta pare bat egun blokeatuta geratu nintzen XIX. mendera arte Boliviako portu izan zen hirian. Oraindik ere Boliviaren eta Txileren artean gatazka sortzen du itsasoaren irteeraren aferak, Pazifikoko gerraren ostean Bolivia itsaso irteerarik gabe geratu baitzen. Calamara iritsi nintzen, eta handik San Pedro de Atacamara doan errepidea hartu nuen bizikletaz. Basamortuaren ezerezetik abiatu eta berehala monumentu handi bat ikusi dut errepide bazterrean. Pinochet diktadoreak estatu kolpearen garaian hildako Calamako herritarren gorpuzkinak aurkitu zituzten tokian haien aldeko oroitarria jarri zuten haien senideek. Etxetik hain urruti eta hain gertu sentitu naiz bat-batean, frankismo garaian gure herrian egin zirenak oroituz.

Gogor jotzen du eguzkiak basamortuan, azala, arima eta eztarria paper errearen pare uzteraino. Izan ere, Atacama munduko bazterrik idorrenetakoa da, eta basamortuko hainbat tokitan 40 urte igaro dituzte ur tanta bakar bat ikusi gabe. Berehala agortu ditut ur apurrak. Eta pare bat auto gerarazi behar izan ditut ura eskatzeko. San Pedro de Atacamara hurbildu ahala, ordea, paisaiak dena konpentsatzen du: gatzez jantzitako mendi lehorrak, Boliviako mendi zurituak, Ilargiaren Harana, Atacamako gatzategia... Gaua bazterretan nagusitzen denean, izarren festa hasten da. Munduko txoko gutxitan izango da hainbeste izar,hain modu gardenean ikusten direnak. Gozatzeko moduko tokia da, eta urtero atzerriko gero eta turista gehiago pasatzen dira handik. Gainera, inguruko herrietara pasatzeko toki egokia da, gertu baitaude Argentina eta Bolivia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.