Pazko uharteko moai bizidunak Ibarran

Ibarrako Alurr dantza taldeak eta Pazko uharteko Haka ara Henuako ordezkaritzak kultur trukea egin dute IbarranHizkuntza debekatuta egon zen uhartean, eta horren ondorioak ezagun dituzte oraindik

Haka ara Henua taldekoak, herri kirolak egiten, Ibarran. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ibarra
2012ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Azken astean, Pazko uharteko Haka ara Henua taldea Ibarra eta inguruetan ibili da, Alurr dantza taldeak eta Tolosako Udalak, Ibarrako Udalaren laguntzarekin antolatutako kultur trukeari esker. Atzo, agur ekitaldia egin zuten; astebeteko ekintzen nolabaiteko amaiera. Alurr dantza taldeak eta Haka ara Henua taldeak hartu zuten parte. Rapa Nuiek, dantzak, musika eta ordubete inguruko antzerkia eskaini zituzten; beren historia kontatuz, besteak beste. Nekane Azurmendik, Ibarrako kultur teknikariak, horrela definitu zuen atzoko Rapa Nuien ikuskizuna: «Amaiera sinboliko bat izan zen; musika eta dantzekin asko transmititzen dute. Folklorearen bitartez, kultura adierazpide horren atzean herri baten izaera dagoela azaltzen dute. Kantuetan gauzak kontatzen dituzte: ahoz transmititzen diren datu historikoak. Guk ahozko tradizioa galdu egin dugu, baina haientzat oso garrantzitsua da».

Aste guztian hainbat ekintza egin dituzte Euskal Herrian; euskal kulturaren parte diren herri kirolak, talo jana, bateletan ibili, hitzaldiak entzun, dokumentalak ikusi, eta abar. Turismoa ere egin dute: Donostia, Tolosa, Dima, Elantxobe eta Gaztelugatxe bisitatu dituzte, besteak beste. Eta Ibarrako haurrekin ere tailerrak egin zituzten, beren dantzak eta bestelako tradizioak irakatsiz. «Beste zenbait lekutantrukeak egin dituztenean, dantza eta musika tradizioak erakutsi,eta horretan geratzen dira. Guk gehiago ezagutu nahi izan dugu: hemengo jendeak ezagutu dezala haien kultura, izan dezala haiekin egoteko aukera, ikastekoa, eta, alderantziz, haiek ere ikus eta ikas dezatela», adierazi zuen Azurmendik.

Hain urrun, hain hurbil

Pazko uhartetik hurbilen dagoena Tahiti uhartea da; hegazkinez bost ordura dago, eta itsasontziz, zazpi egunetara. Uhartea bakartuta dago. Ondorioz, truke soil bat baino gehiago da haientzat hona etortzea: «Horrelako trukeek asko laguntzen digute; beti pentsatzen dugu egoera honetan gu bakarrik gaudela, eta, kanpora ateratzen garenean, borroka kultura gehiagorena ere badela ikusten dugu. Horietatik ikasi, eta eredu moduan eraman ditzakegu», dio Moiko Teao, Haka ara Henuako zuzendariak. Emakume horrek berak sortu zuen Haka ara Henua taldea 2004. urtean, Mike Pate senarrarekin batera. Taldea Rapa Nuien kultura zaindu, gorde eta indartzeaz arduratzen da. Senar-emazteak irakasleak dira; uharteko haurrei zein helduei Rapa Nuien historia, hizkuntza, tradizioak eta bestelakoak irakasteaz arduratzen dira.

Uharteko ia biztanle guztiek hartzen dute parte taldean; oso talde handia da. Denak inplikatzen dira, eta hainbat ekimen egiten dituzte urte osoan. Tahiti uhartera eta Txilera ere mugitzen dira kultura zabaltzeko helburuarekin. Oraingoan, hilabete eta erdi daramate Europan: Italiako jaialdi batean eta Bartzelonako Olot herrian egon dira, besteak beste. Italiatik hamar lagunentzako gonbidapena jaso zuten, eta, ondorioz, gutxi batzuek baino ez dute izan Euskal Herria ezagutzeko aukera. Gainera, ekonomikoki ere ezinezkoa litzateke jende gehiago ekartzea. Denak familia berekoak dira: senar-emazteak, ilobak, izeba... Taldeko gazteenak 18 urte ditu, eta helduenak 65.

Rapa Nuiek kultura eta izaera propioa izan dute beti. Etxeak eta lurrak oinordetzan jasotzen dituzte; eta beren lurrak emandakotik bizi dira: janariak, arropak, pinturak... Aspalditik, ordea, beren kulturari eusteko borrokan ari dira. Historiaren joanean, arriskuan egon izan da etnia. Rapa Nuiak desagertzear egon ziren kolonizazio garaian. Esklabo eramaten zituzten uharteko biztanleak; asko esklabotzan hil egiten ziren, eta beste asko gaixorik eramaten zituzten bueltan uhartera; lepra edo antzeko gaixotasun larriekin. Gaixotasunak zabalduz joan ziren. Horrek guztiakRapa Nuiak ia erabat desagertzea ekarri zuen: milaka izaten hasi,eta 111 izateraino iritsi. Gutxi haietatik, orain 2.000 izatera iritsi direla dio Teaok.

Hizkuntza ere zapalduta egon da urte askoan. Pazko uhartean, garai batean, rapa nuieraz mintzatzea debekatu egin zieten, «hizkuntza erabiliz gero, jipoitu egiten zituzten», azaldu du Teaok. Ondorioz, hizkuntza ia desagertu egin zen. «Oraindik ere trauma moduko bat dagogizartean. Jende helduak ez du rapa nui hizkuntza erabiltzen, eta ez diete seme-alabei erakusten, ez dakien gurasoei gertatutakoa gertatu».

Oraindik ere, eskolan ikasgai guztiak espainolez ematen dira, Txileko Gobernuak hala ezartzen duelako. «Benetan gure gauzak direnak bakarrik irakats ditzakegu rapa nuieraz: gure kirolak, eta abar». Telebista ere, hasieran rapa nui hizkuntzan emititzen bazen ere, orain bi hizkuntzetan emititzen da. Kate bakarra dute. Teaoren hitzetan, «berri guztiak geure hizkuntzan ematen dira, ez dakitelako itzultzen; jakingo balute, horiek ere gazteleraz emango lirateke». Egoera horri aurre egiteko, Teaoren ustez, kultur trukeak oso aberasgarriak dira: «Horrelakoekin hazi egiten dira kulturak. Kultura batek bizirikirauten du beti hazten segitzen badu eta besteetatik ikasten badugu. Baina besteena ikastea albo batera uzten badugu, gurea ere ahaztu egiten dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.