MUSIKA HAMABOSTALDIA.Haurren Eguna dute bihar Musika Hamabostaldian, eta, ikuskizun nagusi gisa, Sergei Prokofieven Pello eta otsoa ipuin musikatu klasikoaren gaztelerazko bertsioa interpretatuko dute, Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan hasita. Granadako (Espainia) Etcetera konpainiak Pedro y el Lobo obra interpretatuko du hiru eta hamar urteko umeentzat, txotxongiloak lagun.
Prokofieven lan hori aitzindaritzat hartua da ipuin musikatuen arloan, eta aitonarekin mendian bizi den Pelloren istorioa kontatzen du. Etxeko ahatea jan duen otso gosetua harrapatzeko ahaleginean arituko da Pello, txoriak lagun, baita hura harrapatuko ere, ehiztariek baino lehenago. Emanaldia hasi baino bi ordu lehenago, ikuskizunerako sarrera daukaten haurrek Basoko Etxola arkitektura tailerrean parte hartu ahalko dute, Viktoria Eugenian bertan, eta ikuskizuneko pertsonaientzako baso bat eraiki.
Biharkoa ez da, hala ere, Musika Hamabostaldiak haurrei egingo dien proposamen bakarra. Kantu Kontari formatu txikiko ikuskizuna Gipuzkoako hainbat herritan ari dira egiten, ipuin kontalari bat eta musika uztartuz. Ostegunean, Mutrikuko Zabiel plazan izango da, 18:00etan; ostiralean, eguerdian, Irunen; eta larunbatean, azkenik, Kursaalean, 11:30ean.
'Pedro y el lobo', biharko Haurren Eguneko izarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu