Gasteizko Errementari kaleko txoko batean du egoitza Ezten Kultur Elkarteak. Egunotan ordu dezente pasatu ditu han Joaquin Delgado, Kini (Salamanca, Espainia, 1960), TMEO aldizkariko koordinatzaileak. Lanez gainezka dabil 25. urteurreneko kontuak prestatzen, beti umoretsu.
25 urte bete ditu TMEO-k. Sinistea zaila egingo zaizu oraindik ere.
Bai, zalantzarik gabe, honek guztiak ustekabean harrapatu nau. Lanean ari zara egunero bezala, eta, bat-batean, hedabideak ate-joka dituzu urteurrena dela eta. Orduan hasten zara konturatzen hasiera hartatik 25 urte igaro direla dagoeneko, ia ohartu gabe. Eta konturatzen zara orduan 25 urte gazteagoa zinela, kar-kar!
Nola oroitzen duzu aldizkariaren sorrera?
Sekulako ilusioa da gogoratzen dudana. Hainbat fanzinetan aritzen ginen lagun talde bat bildu, eta aldizkaria aurrera ateratzea erabaki genuen, atzera bueltarik gabe. Lehen zenbakia ateratzea ahalegin handia izan zen, baina merezi izan zuen.
Nolakoa da TMEO aldizkaria koordinatzea?
Nik beti esaten dut TMEO-n ez dagoela hierarkiarik. Bilera bidez egiten dugu lan, horrek ekartzen duen kaosarekin. Niri egokitu zait nahaspila horretan koordinazio lanak egitea. Eta, egia esan, kosta ahala kosta, emaitzak lortzeko modua aurkitzen dugu.
Pentsatu baina esaten ez diren gauzak. Horren aurkako borroka etengabea da zuena?
Hala da, borroka horrek ezaugarritzen gaitu. Izan ere, hori da TMEO-ren funtzioetako bat, adierazteko beharretik sortu baikenuen. Gure medio propioa denez, ezinbestekoa iruditzen zaigu pentsatzen duguna azaleratzea, inongo zentsurarik gabe.
Sexua, erlijioa eta politika dituzue gai nagusi. Zergatik?
Hiru gai horiek bizirik zeuden oso 1980ko hamarkadan, baita gaur egun ere. Droga ere gehituko nioke zerrendari, kar-kar. Irakurleari deigarria egiten zaio gai horien inguruko umorea. Gainera, TMEO-n ohi dugun erara tratatuz gero, eskandalua eragiten dute, eta hori da gure helburua.
Jendea aho zabalik uzten duzue. Hori behar al du egungo gizarteak?
Gauzei alde dibertigarria topatzea ez dago inoiz sobera. Hipokrisia agerian uztea da guk erabiltzen dugun umorearen funtzioa. Are gehiago bizi garen garaiotan. Irakurleak eskertu egiten du hori.
Kritika asko jaso duzue. Auzitegi Nazionalera ere joan behar izan zenuten behin.
Orain dela urte batzuk, armiarma itxurako pegatina batzuk saltzen hasi ziren komunetan jartzeko. Guk, errege familiako kideen aurpegiekin irudikatu genituen pegatina horiek marrazkietan. Errege familia iraintzea egotzi ziguten. Zenbaki berean, Norma Duval Intxaurrondoko kuartelean guardia zibilez jantzita ere irudikatu genuen. Eta Guardia Zibila iraintzea ere egotzi ziguten. Beraiek pegatinak nahi zituzten, baina, guztia parodia bat zenez, bere horretan gelditu zen kontua. Aitortzen dut erabat izutu ginela.
Komikigilerik gehienak gizonezkoak zarete. Zer dela eta?
Ez dut ideiarik ere. Horrelako txorakeriekin denbora galtzen hasteko emakumeak gu baino argiagoak direla esaten genuen lehen, txantxetan. Egun, bi emakumezko baino ez dira TMEO-n argitaratzen dutenak. Eta ez dakit zergatik gertatzen den hori; agian, ikerketa bat egin beharko litzateke!
Euskarari lekua egiteko asmorik ba al duzue?
TMEO-n euskara sartzeko asmoa beti egon da. Lehen bazegoen euskarazko zutabe bat, eta komikigile euskaldunak ere aritu izan dira; Zaldieroa, esaterako. Erredakzio-kontseilu batek baloratzen ditu lan guztiak, eta, onak badira, zalantzarik gabe argitaratzen dira, izan euskaraz zein gazteleraz.
Teknologia berriek duten garapena ikusita, nola begiratzen diozu komikien etorkizunari?
Nik paperean irudikatzen dut etorkizuneko komikia. Izan ere, ez dut neure burua ikusten komikiak ordenagailuz irakurtzen. Agian erromantikoegia naiz, baina oraindik arrotz egiten zaizkit teknologia berriak. Halere, komikiaren digitalizazioa etorriko bada, bi formatuak elkarrekin bizitzen ikustea gustatuko litzaidake.
Egungo egoerak erraztu egiten du kritika egitea?
1980ko hamarkadan bazegoen protesta egiteko motiborik. Gaur egun, are gehiago. Egoera jasangaitzera eraman gaituzte, eta gizarteak sentitzen duen amorru hori marrazki bidez azaleratzen saiatzen gara. Arrazoiak gehiegi dira. Azkenaldian, argitaratzea autodefentsa moduko zerbait bihurtu dela esango nuke.
Etorkizunari begira, zer aurreikuspen duzu?
Gure etorkizuna TMEO-ren hurrengo zenbakia kaleratzea da. Ez dago besterik.
Joaquin Delgado 'Kini'. 'TMEO'-ko koordinatzailea
«Pentsatzen duguna zentsurarik gabe azaltzea funtsezkoa zaigu»
'TMEO'-ren sorreran parte hartu zuen Joaquin Delgado 'Kini'-k, eta egun aldizkariaren koordinatzaile lanetan dihardu. 198oko hamarkadan protesta egiteko motiborik bazegoela dio, eta, gaur egun, «are eta gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu