Makinek ordezkatu dituzten arren lehen eskuz egiten ziren prozesuetako asko, artisautzak jakin-mina pizten du oraindik ere. Irailetik abendura bitarte, eskuz koadernatzen irakatsiko du Roberto Aspiazu zaharberritzaile eta Bilboko Verjura tailerreko kideak (Bilbo, 1960), hiriko Foru Liburutegian. Astelehenean itxiko da izena emateko epea.
Koadernatzen hasteko ezagutzarik behar al da? Nolabaiteko trebeziarik?
Edonork egin dezake. Koadernatzaileen ofizioak 2.000 urte baino gehiago ditu, mundu osoan aldaera mordo bat dago, baina oinarria erraza da: orriak nahi dugun ordenan lotuta gera daitezela.
Zer da oinarrizkoena? Nondik abiatzen zarete?
Koadernaketaren historiari begiratzen diogu. Zera jotzen da koadernaketa zaharrentzat: kodize formako liburu bat, non orriak bata bestearen atzean kokatuta dauden. Aurrekoek —erromatarrek, egiptoarrek...— bilkariak zituzten. Askoz errazagoa da bizpahiru orri edo papiro hartzea, erditik tolestea, eta pleguan jostea edo grapatzea: hori eginda, jada baduzu koadernaketa bat. Liburu bat horren errepikapena baino ez da. Tresna gutxi batzuekin koadernatu dezakegu: kuterra, erregela, artaziak, haria eta orratza.
Edozerk balio dezake, beraz.
Askotan, liburuetan interesatuta egon den baina koadernatzaile bati ordaintzeko adina dirurik ez zuen jendeak etxean konpondu izan ditu liburuak. Koadernatzeko, paperaren edukiontzira botatzen duzun edozerk balio diezazuke.
Josketak ematen dio kalitatea koadernaketari, ezta?
Noski. Jarraitzen duzu paperezko liburuak erosten?
Bai, eta agerikoa da desberdintasuna papera josita badago edo itsatsita.
25 euro kobratzen dizkigute orriak itsatsiak dituen liburu batengatik; norberak irakur dezake, baina norbaiti utzi nahi badiozu, orriak askatzen hasiko dira. Jostea oinarrizkoa da. Josteak egiten du lotura fisikoa egon dadila. Horregatik, antzinako liburu askotan, baita Erdi Arokoetan ere, orriak oraindik lotuta daude, nahiz eta liburua bera hondatuta egon, kola desagertu den...
«Antzinako liburu askotan, baita Erdi Arokoetan ere, orriak oraindik lotuta daude, nahiz eta liburua bera hondatuta egon, kola desagertu den...»
Oinarrizko koadernaketaz gain, beste metodo batzuk ere irakatsiko dituzu: akordeoi formakoa, puntada luzekoa... Zertarako erabiltzen dira mota horiek?
Historian erabilitako hainbat teknika irakatsiko ditugu, munduko hainbat lekutakoak; izan ere, mendebaldeko eta ekialdeko tradizioak nahiko desberdinak dira. Oinarrizko koadernaketaren hurrengo urratsa josketa koptoa deritzona da, kristau koptoek erabilitakoa Oraingo Aroko aurreneko mendeetan idatzi erlijiosoak biltzeko: hainbat koadernotxo eta larruzko tapak, hariz lotuak. Mediterraneo itsaso inguruko herrietan, hala koadernatu ziren liburuak lehen mila urteetan. Hurrengo saioan, jositakoari euskarri bat emango diogu, orriak azalarekin lotzeko ere balioko diguna. Erdi Aroaz geroztik hasi ziren euskarriak erabiltzen, eta hala koadernatu zituzten liburuak harik eta Industrializazioaren ondorioz ekoizpena mekanizatu zen arte. Puntada luzeko josketan, hariak azalaren gainetik uztartzen dira; zuriz zeuden liburuetan erabiltzen zen, batik bat.
Mendebaldeko tradiziokoak dira horiek. Ikastaroan, baina, molde japoniarra ere irakatsiko duzue. Zertan datza?
Koadernaketa soilagoa da: orriak grapatu bezala egiten dira kasik, baina hariak erabilita, ekialdean paper askoz malguagoak dituztelako. Haien materialetara moldatu dituzte metodoak. Irudimen apur batekin, gauza eder eta erabilgarriak egin daitezke.
Zer alde dago mendebaldeko eta ekialdeko koadernaketen artean?
Mendebaldekoan, koadernotxoen zentrotik josten ditugu liburuak, pleguetatik. Ekialdekoan, liburuaren zati bat erabiltzen da josteko: puntzoi batekin zuloak egiten dira, eta hariarekin zeharkatzen dira, askotariko patroiak osatuta.
Hainbatetan eman duzu ikastaroa. Parte hartzaileei zer egiten zaie gaitzen?
Tira, pertsonaren arabera. Batzuetan, joskintzan formatuta dauden emakumeak etortzen zaizkigu, oso trebeak direnak eskuak erabiltzen, orratza hartzen... Beste batzuk ez dira kapaz. Horrez gain, garrantzitsua da neurriak betetzea, apur bat zehatza izatea: tapa bat bestea baino handiagoa egiten baduzu, nahiz eta milimetro erdiko aldea izan, liburuak ez dio zutik eutsiko, erori egingo da. Perfekzionista izan beharra dago; bestela, akatsak ugaritu egingo dira.
Nor apuntatu ohi da?
Irakurtzea gustatzen zaion jendea, liburuaren alde materiala ere ezagutu nahi dute eta. Eskuz egindako gauzak erregalu onak izaten dira, gainera.
lotsabako
Koadernaketa gustukoena?
Antzinakoak, Erdi Arokoak, eskuratzeko gaitzenak direlako.Paper mota bat?
Japoniarra. Zortzi mende daramatzate modu berean egiten. Haien artisautza guztiak kalitate oso ona du.Zaharberritu duzun liburu bat?
Eman didaten lanagatik gogoratzen ditut. Aldundiko artxiboko dokumentu batzuek lan handia eman didate, antzinako tintak papera erretzen du eta. Eta tamaina handiko lanak ere nekezak dira.