Arrosa eta basa hostoak nahasten dituen perfumea. Hori da gaurkoan Maddalen Marzol andoaindarrak aukeratu duen lurrina, eta usain horrekin aurkezten du bere burua. Ez da garrantzirik gabeko detailea, hori baitu pasio: perfumea. «Inkontzienteki gehien erabiltzen dugun zentzumena da usaimena. Usain txarren aurrean nazka sentitzeko baino ez ditugu hezi gure sudurrak, autodefentsa gisa soilik; baina plazera sentitzeko ere hez ditzakegu». Lurrinei buruz duen blogetik salto egin (www.tocadordedorothy.com), eta Donostian ibilaldiak eskaintzen hasi da orain, perfumeei buruz dakiena azaldu eta lurrinak bilatzen laguntzeko.
Gehien ezagutzen diren perfume markez haragoko mundu bat da Marzolek aurkezten duena; publizitatearen zaratapean ezkutatzen diren lurrinez beterikoa. «Perfume komertzialek publizitatean gastatzen dute dirurik gehien, baina badira lurrin pertsonalizatu deitzen direnak ere. Horiek ez dute publizitate gastu handirik, eta diru gehiena perfumegilearentzat, produktuarentzat eta lehengaientzat izaten da. Gainera, perfume horien egileek nahi dutena sortzeko aukera izaten dute gehienetan. Komertzialekin ez da halakorik gertatzen». Usain firmadunak dira, nolabait ere, perfume pertsonalizatu horiek.
«Aldea handia da», dio Marzolek. «Badira laranja edo arrosa usaina gogorarazten duten perfume komertzialak, baina autore lurrinen kasuan, ez da arrosen eta laranjen usainaren antza dutela, laranjak eta arrosak dira». Halako hamaika erakusten ditu Marzolek Donostiako dendaz dendako ibilaldian. Ezti, nardo eta ezpainetako usainekoak, lurrin solidoak, baita bost erlijiotan inspiratutakoak ere. Festa sudurrarentzat, baita belarrientzat ere. «Begira, adibidez, zein izen polita duen perfume honek: L'ombre dans l'eau (itzala ur gainean). Ez da ederra?».
«Leku ona da Donostia lurrinak aurkitzeko», dio Marzolek. Bertan dago, adibidez, berak maiteen duen perfumegilearen lanak aurkitzeko aukera urrietariko bat. Frederic Malle da Marzolen egile kutun hori. «Tira, egia esanda, ez da perfumegilea», zehaztu du, «perfume editorea baizik. Egilerik onenak hautatu, eta baldintzarik gabe jartzen ditu lanean. Harribitxiak dira haren lurrinak».
Platonen haitzuloa
Usaintzen ere jakin behar, ordea. Hiru denbora ditu lurrin batek, Marzolek azaltzen duenez: irteerakoa, bihotzekoa eta hondokoa. «Bost bat minutu irauten du irteerakoak, ordu erdi bitarte bihotzekoa deitutakoak, eta hondokoa da luzeen irauten duena». Horregatik, garrantzitsua da hondoa ezagutzea, etaperfumeen poteen tapoiak usaintzeak lagun dezake horretan. «Garrantzitsua da lurrinak nork bere larruan probatzea ere, asko aldatzen da-eta usaina baten azalean eta beste batenean».
Orain dela sei urte hasi zen sudurra perfumeen munduan sartzen. Interneten bidez ikertu, eta dendaz denda trebatu du usaimena. «Platonen haitzuloaren mitoarekin azaltzen dut nik gertatu zitzaidana; ordura arte errealitatetzat jotzen nuena errealitatearen itzala baino ez dela ohartu nintzen». Jendeari esperientzia hori biziaraztea da orain bereibilaldien helburua. [email protected] helbidean eman daiteke izena.
Perfume bilatzailea
Perfumeekiko interesa piztu, haiei buruzko blog bat sortu, eta orain Donostian zehar ibilaldiak eskaintzen ditu Maddalen Marzol andoaindarrak, lurrinak bilatzen laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu