Gaztea izanagatik, gauzak garbi ditu Nerea Quincocesek. Batxileratu musikala ikasten ari da perkusio klasikoaren adarretik, eta Bilboko erdi mailako kontserbatorioan hartzen ditu klaseak. Bateria ere jotzen du Free the Wheel izeneko taldean. «Bederatzi urterekin hasi nintzen perkusio klasikoarekin, eta orain dela urte batzuk ikusi nuen niri benetan gustatzen zitzaidana musika zela. Gogoratzen naiz erdi amorratuta atera nintzela behin eskolatik matematikako azterketa bat ez nuelako gainditu, eta haserrealdi hartan ohartu nintzen musikak izan behar zuela nire bizitzako ardatz», oroitu du Quincocesek.
Ordurako kontserbatorioan zebilen erdi mailako zikloa egiten, baina bere kasa jotzeko gero eta «denbora gutxiago» zuen ikasketak zirela-eta. Batxileratu musikalarekin aurre egin dio arazo horri, neurri handi batean. «Goizetan irakasgai arruntak ditugu, filosofia, historia edota gaztelera, esaterako. Hautazko irakasgaiak, aldiz, kontserbatorioko klaseek osatzen dute: perkusio klasikoa, musikaren historia edota kamarak, beste batzuen artean», dio Quincocesek.
Perkusio klasikoak hainbat instrumentu hartzen ditu bere baitan: tinbalak, orkestrako instrumentuak, kaxa, marinba, xilofonoa eta bibrafonoa. Bateria ere jotzen dute klaseetan, noizean behin, ordea: «Lehentasuna klasikoari ematen diote, hala ere, kontserbatorioan. Nik bateria gehiago ikasteko gogoa nuen eta horregatik jo nuen iaz akademia pribatu batera». Hori da bateria jotzen ikasi eta sakontzeko biderik eraginkorrenetako bat.
«Ezagutzen ez nauten askok esaten didate ez dudala bateria jotzaile izateko itxurarik. Harritu egiten dira», azaldu du Quincocesek, irribarrez. Free the Wheel taldearekin kontzertuak eman eta taula gaina beste musika banda batzuekin konpartitu duenetan, musikari gehienak gizonezkoak izan direla dio. «Gasteiztik etorritako Turboneskak taldea izan zen salbuespena, baina bateria jotzailea gizonezkoa zen. Ez ditut, egia esan, emakumezko gehiegi ezagutzen». Free the Wheelen neskak dira kide guztiak. Maketa bat dute grabatuta eta hainbat kontzertu eskaini dituzte. Hurrengoa maiatzaren 26an izango dute, Bilborock aretoan, Jet Lag Bio jaialdian.
Rocka eta klasikoa alderatzeko eskatuta, bigarrengoan ere gutxiengo izaten jarraitzen dutela dio. «Badaude, hala ere, flauta edo oboe bezalako instrumentu femeninoak». Batzuk perkusioa gutxiesteko duten joeraren inguruan kexatu da, gainera: «Edozeinek egin dezakeela pentsatzen dute, kolpeak ematea bakarrik dela. Baina ez da horrela». Etorkizunean klasikoan ikusten du bere burua, bateria alde batera utzi gabe, beti ere. Hurrengo urtean goi mailako sarrera proba egiteko asmoa du: «Ez da erraza sartzea. Musikenen, adibidez , klasikoko bi plaza bakarrik atera dituzte aurten eta hogei pertsona inguru aurkeztu daitezke. Musikariok estresak jota bizi gara, askotan».
Nerea Quincoces. Free The Wheel taldeko bateria jotzailea
«Perkusioa ez da kolpeak ematea soilik»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu