Perretxikoen sasoia hastearekin batera, mendiko txokoek bisitari asko izaten dituzte; udazkeneko jaki ahogozagarrien bila joanak dira anitz. Euren saskia hartu, eta afari eder bat egiteko adina biltzen ikus litezke. Bada, ordea, aurrean harrapatzen duen espezie oro hartzen duenik ere, jangarriak ala toxikoak izan. «Arazoa heziketan dago», dio Aitor Calvo webgunearen sortzaileetako batek. «Ezjakintasunean doan horrek arrisku handia izan ohi du, intoxikazioen zerrendan bat gehiago izatera iristeraino». Arduragabekeriaz biltzen dira sarritan perretxikoak. «Naturarekiko errespetu gehiago izatea beharrezkoa da».
Perretxikoen mundua hobeto ezagutzeko, www.fungipedia.es webgunea sarean dago duela bi urtetik hona. Perretxikoekin zerikusia duen guztia ikuspuntu praktiko batetik azaldu eta mikologiarekiko grina piztea helburu duen proiektu dibulgatiboa da.
Webgune horretan, perretxikoen zaletasuna duen edonori ateak zabaldu nahi izan dizkiote sortzaileek, modu interaktiboan jakintzak elkar truka daitezen. Denda, foroak, berriak, perretxikoen sailkapenak, sare sozialak, informazio mikroskopikoa eta perretxikoen hiru dimentsiotako irudiak ikus ditzake bisitariak, besteak beste.
Bi urte inguru daramate webgunearekin; oso harrera ona izaten ari da, sortzaileek diotenez: «Aurtengo perretxikoen garaia hasi zenetik, egunero 1.500 bisitatik gora izan ditu gunean; 3.000 bisitari ere izan dira egun oparoenetan. Erabiltzaileek 2.000 argazki mikologiko desberdin jarri dituzte, eta milaka kontsulta jasotzen ditugu».
Perretxikoen fitxa osatuak
www.fungipedia.es gunearen sortzaileak ez dira zientzialariak, txikitatik mundu hori gustuko izan duten lau galdakoztar baizik. Urteak joan ahala, grina hori geroz eta gehiagora joan da, euren jakintzak web orrian txertatzeko beharra sentitu duten arte.
Juan Andres Romanek hainbat txapelketan parte hartu izan du. Perretxiko espezieak sailkatzen eman du bizitzako denbora gehien. Web orrian, lan hori egiteaz gain, testuen zuzentasunaz, foroaren kudeaketaz eta argazkiak egiteaz ere arduratzen da Roman.
Francisco Javier Calvo ere Romanen bide beretik aritu da urte askoan. Txikitatik egon da perretxikoekin harremanetan, familiatik baitatorkio perretxiko zaletasun hori. Web orrian, fitxa tekniko eta azalpen idatziez arduratzen da.
Aitor Calvo, berriz, Execute Systems SL enpresan aritzen da informatikari lanetan. Perretxikoen webguneko diseinatzailea da, eta atal guztiak lotzen ditu. Ricardo Ibarretxeren lana berriz, webguneko fitxa mikroskopiko guztiak egitea da.
Gai bera jorratzen duten gainontzeko web orrietatik desberdindu egiten da www.fungipedia.es. «Guk eskaintzen ditugun fitxak osatuak eta bakarrak dira. Informazio deskriptiboaz gain, informazio mikroskopikoa ere eskaintzen dugu. Hori gutxi balitz, argazki galeria zabala osatua dugu. Gainera, gaiaren inguruko lehen sare soziala osatu dugu, erabiltzaileak proiektuan parte hartzeko aukera izan dezaten». Eskaintza berritzailea sortu dutela dio.
Tentuzko jakiak
«Perretxikoak ez dira arriskutsuak, horiekiko pertsonok izan dezakegun ezjakintasuna da arriskua duena». Horrela azaltzen dute perretxikoekin kalte izateko dugun arriskua webguneko sortzaileek. Udazkeneko loreak basoko ziklo biologikoaren zati dira; hala pozoitsuek, nola jangarri direnek, eginkizun garrantzitsuak betetzen dituzte basoan. «Garrantzitsua izaten da ongi ezagutzen ditugun espezie gutxi batzuk biltzea gainontzekoak bere horretan utzita».
Perretxikoak behar bezala identifikatzeko aukera dago Fungipedia.es gunean. Izan ere, arriskua ahalik eta gehien murriztea da kontua. Horregatik, ezaguna ez den perretxiko bat jan nahi izanez gero, aurrez gai horretan aditua den pertsona bati kontsulta egitea komenigarritzat jotzen dute.
Halaber, perretxikoak biltzeko modu bakarra dagoela azaltzen du webguneak: «Ama lurrarenganako errespetuz jokatzea beharrezkoa da, ikaragarrizko aberastasunak eskaintzen baitizkigu. Guk, ordea, ez diogu kaltea besterik sortzen. Perretxikoen bilketan lagungarri izateaz gain, naturaren babesaren aldeko filosofia zabaltzea da gure helburua».
Perretxikoen mundua sarean
Perretxikoen mundua ikuspegi praktiko batetik lantzen duen webguneak arrakasta handia lortu du udazken honetan: 'www.fungipedia.es'. 1.500 bisitaritik gora ari da izaten egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu