Pertseidak

Pertseidak izango dira zeruan abuztuaren 10etik 13ra

Done Laurendiren malkoak esaten zaien izar uxoak ikusi ahalko dira zeruan datorren asteburuan. Abuztuaren 12ko gaua izango da Pertseidak ikusteko unerik aproposena.

Pertseiden izar-oza abuztuak 5ean Suitzan. SALVATORE DI NOLFI, EFE
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko abuztuaren 7a
15:56
Entzun

Urtero ikusi ohi den fenomeno astronomikoa izaten da Pertseida izar uxoena. Aurtengoa, ordea, berezia izango da, Ilargiak modua emango baitu izarrak inoiz baino argiago ikusteko. Ilberria izango da abuztuaren 10ean; beraz, Ilargiak ez du oztoporik egingo izar iheskor horiek ikusteko. Abuztuaren 12ko gaua izango da Pertseidak ikusteko egunik aproposena, gau horretan izango baitira izar uxorik bizienak. Orduko 200 meteoro baino gehiago igaroko dira.

Abuztuaren 12ko gaua, ordea, ez da izango Done Laurendiren malkoak ikusteko aukera bakarra. Bizienik abuztuaren 10etik 13ra ibiliko dira, baina uztailaren 27tik abuztuaren 24ra ere egongo da ikusteko aukera.

Urteroko fenomenoa

Urteroko fenomeno astronomikoa da Done Laurendiren malkoena. Izar uxoak deitu arren, ordea, ez dira benetako izarrak: hauts partikulak dira zeruan ikusten direnak. Abuztuaren hasieran, Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du urtero —kometa hori 133 urtetik behin kokatzen da Eguzkitik hurbil—. Lurra eta kometak elkarrekin topatzen direnean, kometak utzitako hauts partikulek lurrazaleko atmosfera zeharkatzen dute abiadura handiz. Partikula horiek ikusten dira Lurretik. Tamaina ezberdinetakoak izaten dira, eta horregatik ikuste dira izar uxo batzuk bertze batzuk baino argiago eta luzeago.

Ikusteko materiala

Izar uxoa ikusteko ez da bestelako material berezirik behar. Prismatiko eta teleskopioek, gainera, lagundu beharrean, enbarazu egingo dute izarrak ikusteko. Aski da hiriko argietatik urrun joatea, zerua ilun dagoen leku batera.

Ikusteko erosoena etzan eta zerura begiratzea da; horregatik, gomendagarria da eroso egoteko besaulkiren bat edo burkoren bat eramatea. Hotzari aurre egiteko, arropa egokia eraman behar da, gauez tenperaturak jaitsi ohi direlako.

Hasieran, denbora beharko da ikusmena iluntasunera ohitu arte, baina, adituen erranetan, handik ordu erdira begiak ohitu egingo dira iluntasunera. Pazientzia beharko da ikusteko, ez baita minutuero meteoro kopuru bera igarotzen. Gerta daiteke denbora batez ez igarotzea, eta gero oso denbora gutxian izar jario handia egotea. Horregatik, pazientziarekin joatea gomendatzen da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.