Marijaiaren mezulariak. 1996. Alicia Carreño

«Pertsona garrantzitsua sentitu nintzen pregoilari moduan»

Judoan lortutako emaitza bikainak zirela eta, hamazazpi urterekin izendatu zuten Alicia Carreño Aste Nagusiko pregoilari. Itsua izanda, jaiak beste ikuspegi batetik bizi izan zituen bermeotarrak.

Josu Ortuondo, orduko alkatea, Alicia Carreñori jaietako zapia jartzen. BERRIA.
Bilbo
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Hamazazpi urte besterik ez zituela izendatu zuten Alicia Carreño Bilboko Aste Nagusiko pregoilari. Bermeotarra sortzez, itsuentzako judoan emaitza paregabeak lortu zituen, urte hartan. Emaitza horiengatik, eta bere arazoak gainditzeko erakutsitako dohainengatik proposatu zioten Carreñori udaletxetik pregoia irakurtzeko, eta poztasunez hartu zuen. «Zure lana onartzea bezala da», bermeotarraren esanetan.

Kargua poztasunez hartu arren, urduritasuna ere beste horrenbestekoa zen, «erantzukizun handia» zelako berarentzat. Pregoilari izandako egunak esperientzia aberasgarri moduan gordetzen du Carreñok. «Egun bakoitzak une polit bat eskaini zidan, egun bakoitzetik zer edo zer ikasi nuen, eta bizipen onak ditut garai horretatik». Jendea hurbildu egiten zitzaion, eta pertsona ugari ezagutzeko aukera izan zuen, eta oso gustuko izan zuen hori.

«Bilboko jaiak nola bizitzen diren ikasi nuen urte horretan, eta baita horiekin bat izaten ere». Izan ere, hamazazpi urterekin, festa horiek ez zituen oso ondo ezagutzen, ez zuelako aukerarik izan horietan askotan egoteko.

Pregoia irakurtzea egin zitzaion unerik gogorrena. Bilboko udaletxeko balkoian irakurri zuen, eta telebistako kameraz inguratutako eszena gogoratzen du, baita jendetzaren garrasi ozena ere. Han, ezintasunari buruzko testu bat irakurri zuen, pertsona horiek festetan, eta gizartean batez ere, leku bat izateko aldarrikapena eginez. «Itsuak garen guztiok gizartean bat gehiago izan gaitezen, eta inork modu berezian begiratu ez gaitzan», azaldu du.

Aste Nagusian murgilduta

Oso ondo pasatu zituen pregoilari moduan bizi izandako egunak. Lekuz leku ibili zen, jaietako saltsa guztietan murgilduz, «hori delako pertsonaia horren lana, jaien ordezkaria izatea», azaldu du Carreñok. Basurtuko ospitalera ere bisitan joan zen. «Umeak oso pozik jarri ziren gu hara joan ginelako». Hiru orduko kontua izan zen, baina harentzat benetan «hunkigarria».

Jendearekin hitz egitea, eta pertsona mordoa ezagutzeaz harro dago bermeotarra, «baina ez agintari politikoak eta pertsona ospetsuak, baizik eta nire moduko herritarrekin». Japoniar talde bat gogoratzen du: pregoilari moduan zeraman trajea arraroa egin zitzaien, eta ehunka argazki atera zizkioten. «Benetan ez zara inor, baina une horietan pertsona garrantzitsua zarela sentitzen duzu».

Okerren egin zitzaiona, berriz, jendearen aurrean hitz egitea izan zen. «Nire inguruan pertsona mordoa zegoen, eta urduri jartzen nintzen, tokiz kanpo». Hala ere, momentu onak gehiago izan ziren, eta horiek gordetzen ditu buruan gehienbat.

Itsua izateagatik, bizitza osoanizan dituen arazoez gain, kirola egiteak dakarrena, eta hamazazpi urterekin onarpen hori izatea izugarria izan zen bermeotarrarentzat. Haren ustez, mundu guztiari eman beharko litzaioke lan horretan aritzeko aukera, ez soilik ospetsuak edo emaitza onak dituztenei, «edozein pertsonari baizik, denok ditugulako arazoak eta erronka pertsonal zailak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.